Kolpistek luxuzko kripta utzi dute

Amaitu dituzte Mola, Sanjurjo eta beste sei hobiratuak Erorien Monumentutik ateratzeko lanak. «Egun historikoa» dela esan du Asironek

Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Paco Etxeberria auzitegi medikua, atzo, udaletxean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Atera dituzte. Urriaren 24an Emilio Mola buruzagi frankista atera zuten Iruñeko Erorien Monumentuko luxuzko kriptatik, eta asteazkenean Jose Sanjurjo eta beste sei hobiratuen txanda izan zen. Isilpean egin dute prozesua, Iruñeko Artzapezpikutzak eta udalak sinatutako akordioa errespetatu ahal izateko. Halere, pozik agertu zen atzo Joseba Asiron Iruñeko alkatea. «Egun historikoa» izan dela esan zuen: «80 urteren ostean, erantzuna eman ahal izan diogu Iruñeko gizartearen aldarrikapen bati». Prozesu guztia artzapezpikutzarekin sinaturiko «akordioaren baldintzak erabat errespetatuz» egin dela erantsi zuen: «Intimitate osoz egin dira lanak, eta guztia dokumentatuta utzi dugu».

Asteazken goizaldean hasi ziren lanak, eta gauera arte iraun zuten. Paco Etxeberria auzitegi medikuak zuzenduta, Aranzadi zientzia elkarteko langileak arduratu dira hobitik ateratzeko lanak diseinatu eta egiteaz: «Abuztuan kripta aztertu genuen, gorpuzkiak ateratzeko lanak nola egin erabakitzeko». Zernahi ere, kriptan egin diren obra guztiak artzapezpikutzak izendatutako arkitektoaren onespenarekin egin direla gaineratu du Etxeberriak.

Aranzadikoei, debekua

Pedro Martinez Chascoren, Jaime Munarriz Escondrillasen, Severiano Arregi Olalkiagaren eta Joaquin Sota Garaioaren gorpuzkiak atera ondoren, asteazken goizean ateratzekoak ziren gainontzekoak. Baina Aznar Zozaia familiaren abokatuak —Sanjurjoren familiaren abokatu berberak— helegitea ezarri zuen. Hori gutxi balitz bezala, Sanjurjoren familiak beste notario bat bilatu behar izan zuen, eta arratsaldeko 19:00ak arte ez ziren berriro hasi kriptako lanak; hiru ordu behar izan zituzten dena amaitzeko.

Lehenengo lau gorpuak ateratzeaz Aranzadiko langileak arduratu baziren ere, Sanjurjorekin eta Aznar Zozaia anaiekin ez zen gauza bera gertatu. Asironek azaldu du bi familiek ez zutela nahi Aranzadikoek euren senideen gorpuzkiak berreskuratzea, eta «euren baliabideak» erabili zituztela horretarako.

Dena den, Etxeberriak argitu du debeku horrek ez diela «arazorik eragin», obrak eurek egin ez badituzte ere lan horiek nola egin eurek erabaki zutelako. Lehenengo lau gorpuei buruz, Etxeberriak esan du hobien izenek eta gorpuzkiek bat egiten zutela. Artzapezpikutzarekin sinatutako akordioak biltzen zuen kriptako lanak kalterik gabe egin behar zirela, eta Etxeberriak azpimarratu du hori bete egin dutela Aranzadik diseinatutako sistemari esker.

Baina dena ez da traba izan. Prozedurarekin eta udalaren lan egiteko moduarekin ados daudela adierazi du Josetxo Munarrizek, kriptan hobiratuta zegoen Jaime Munarrizen bilobak: «Oso pozik gaude familiaren nahia bete delako. Udalaren eta Aranzadiren lan ona eskertzen dugu».

Hobitik atera zituzten zazpi gorpuetako bost euren familiei itzuli dizkietela azaldu du Asironek, eta gainontzeko biak udalak gordeta dauzkala; Severino Arregi Olalkiaga eta Joaquin Sota Garaioaren gorpuzkiak hilerrian gorde dituzte, oraingoz. Iruñeko Udalak «errespetu osoz» lan egin duela berretsi du Asironek: «Familien pribatutasuna errespetatzea lehentasuna izan da, baina prozesua erabakitasunez eraman dugu aurrera». Hori ez ezik, alkateak gaineratu du familia «guztiekin» jarri zirela hasieratik kontaktuan.

Elkarte memorialistei ere esker ona azaldu die Asironek, prozesua aurrera eramateko meritua haiena ere badelako. Erabakiak iraganeko «zauriak» ixteko balioko duela esan du, eta Iruñea orain «hiri justuago» bat dela erantsi. Kripta itxi ostean, Erorien Monumentuarekin zer egin erabaki beharko dute orain. Asironek aurreratu du «eztabaida» zabalduko dutela, eta ez du baztertu ideien nazioarteko lehiaketa bat antolatzea. Besteak beste, eraikina botatzeko aukeraz mintzatu da alkatea, baina zehaztu du eraikinak etorkizuna izan dezakeela, izena eta esanahia aldatuta. «Ideia horiek funtzionatu egin dute beste leku batzuetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.