Koronabirusa

Kutxabankek ondorioztatu du kontsumoa «bizkortu» egin dela ia alor guztietan

Ekaineko lehen asteko gastuak iazkoak baino handiagoak izan zirela dio, eta konfinamendua arindu ahala are nabariagoa izango dela

Bezero batzuk, Zarauzko azokan erosketak egiten. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Iazko maiatzean eta ekaineko lehen asteetan baino gehiago kontsumitu da aurten, ostalaritzako eta aisialdiko jardueretan, bereziki, eta merkataritzako arlo guztietan oro har —%1,4 gehiago—. Hala ondorioztatu du Kutxabankek, bere bezeroek txartelekin eginiko ordainketen datuetan oinarrituta. Zenbaki horiek direla eta, balorazio baikorra egin du finantza erakundeak, eta azpimarratu du nabari dituela ekonomia V eran susper daitekeen zantzuak, oraindik «ziurgabetasun handia» dagoen arren.

Azken asteetan kontsumoa berpizten ari dela dio, eta «bizkor» itzultzen ari dela lehengora; diru mugimendu handiena antzeman du drogerietan, bitxi dendetan, salmenta gune handietan eta txikikazko merkataritzan. Baina, bereziki, jatetxeen kasua aipatu du: adierazi du ekaineko lehen astean iazko fakturazioa gainditu dutela, txartelen bidez eginiko gastuetan.

Aisialdiko jardueren kasuan antzekoa izaten ari da joera: iazkoaren %90 ingurura iritsi da. Turismoarekin zuzenean lotutako beste jarduera batzuetan, berriz, uste du konfinamendua leuntzeko prozesuak aurrera egin ahala bide bera edo oso antzekoa izango dutela. «Normaltasunerako joera hori argiagoa da aurrera egiten ari diren gune geografikoetan», ondorioztatu du.

Itzulera denda «fisikoetara»

Kutxabanken arabera, gauza bera gertatzen ari da saltoki «fisikoetan» kontsumitzeko ohiturarekin. Azaldu du osasun krisiaren lehen hilabeteetan hazkundea izan zela merkataritza elektronikoan —ez du zenbatekorikeman—, baina esan du bigarren hilabetean «bere onera» itzuli zela, urtea hasi zenetik nabari zen goranzko joeraren erritmora, alegia. Kutxabankek ondorioztatu du Internet bidez eginiko erosketen gastuaren «zati bat»ohiko saltokietara itzultzen ari dela konfinamendua leundu ahala.

Aldea ere nabari du eskudiruaren erabileran: murriztu egin dela dio. Gogoratu du lehendik zetorren joera bat dela, baina COVID-19ari aurre egiteko ezarritako mugitzeko mugek «bizkortu» egin dutela txartelak eta bestelako bitartekoak erabiltzea. Datu bat eman du: pandemiaren lehen asteetan, %80 murriztu zen bere bezeroek kutxa automatikoetatik atera zuten dirua, eta azkenengo asteetan, saltokiak-eta ireki arren, ez dela lehengora itzuli.

Kontsumoarekin loturiko maileguei buruz ere mintzatu da Kutxabank, eta azaldu du «nolabaiteko normaltasuna» berreskuratzen ari dela. Zehaztu du maiatzeko azken astean eman dituela iazko kredituen %50 inguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.