Fiskaltzak ez du nahi herri akusaziorik Zaldibarko zabortegiaren auzian

Epaitegiak hainbat entitate onartuak ditu herri akusazio gisa. Fiskaltzak helegitea jarri du erabaki horren kontra, baita Verter Recyclingek ere

Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) ingurumenaren aurka deliturik egin ote den ikertzeko kausan hainbat entitate herri akusazio gisa onartu zituen Durangoko Instrukzioko 1. Epaitegiak urtarrilaren amaieran. Baina BERRIAk jakin ahal izan duenez, fiskaltzak ez du ez herri akusaziorik, ez akusazio partikularrik nahi auzian, eta horren aurkako helegitea jarri du gainera. Verter Recycling 2002 SM zabortegiaren jabeak ere prozedura judizialetik kanpo nahi ditu entitate guztiak, Joaquin Beltran luiziaren ondorioz oraindik desagertuta dagoen langilearen senideak izan ezik. Horiek dira akusazio partikularra.

Hain zuzen ere, herri akusazio dira GuraSOS elkartea, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna, Zaldibarko, Ermuko (Bizkaia), Eibarko eta Elgetako (Gipuzkoa) udalak; Interbiak Bizkaia SA sozietatea, eta Allianz Seguros. BERRIAri adierazi diotenez, erabakiaren kontra daude.

Zaldibar Argituk eta Eskubide Sozialen Gutunak joan den astean jakinarazi zutenez, dirua bilduko dute prozedura judizialaren gastuei aurre egiteko. Herritarrengana joko dute laguntza ekonomiko eske, aurrean duten «lan eskergarako» baliabideak lortu nahian. Herri akusazioa osatzen duten elkarte horiek talde juridikoa eratu dute jadanik, eta lanean hasi da «erantzukizunak» argitu eta «egia eta justizia» erdiesteko asmotan.

Bestalde, Sofia Sanchez Ortega instrukzioaren epaileari laguntzaile bat jarri diote. Iturri juridikoek orain aste batzuk kazeta honi esan ziotenez, epaileak aspalditik egina zuen baliabide gehiago edukitzeko eskaera.

Gaur egun, bi auzibide daude zabalik Durangoko lehen instrukzioko epaitegian: lehenengoa da ingurumenaren kontrako ustezko delitu batengatik;bigarrenak, berriz, langileen aurkako delitua egin ote den ikertuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.