Unibertsitate sistema «publiko eta burujabea» aldarrikatu du LABek

Sindikatuak salatu du Espainiako LOSU legeak ez dituela hobetuko euskal unibertsitateetako funtzionamendua eta lan baldintzak

iraia vieira gil
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Abenduaren 22an onartu zuen Espainiako Kontseiluak Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa. LABek salatu duenez, «Espainiako zentralismoa eta lobby atzerakoien botereak» daude neurri horren atzean, unibertsitateen kontrola mantentzeko aukera emango baitie. Sindikatuaren ustez, errektore izateko aukera irakasle doktore iraunkorrei, funtzionarioei eta laboralei zabaltzea izan da unibertsitateen gobernantzako neurririk nabarmenena. Hala ere, klaustroa eta errektorea aukeratzeko prozesuetan %51ko ordezkaritza izango dute irakasle iraunkorrek aurrerantzean ere.

Bestalde, sindikatuak uste du lege horrek «atzerapausoak» eragingo dituela unibertsitateetako gobernantzaren demokratizazioan eta unibertsitate komunitatearen parte hartzean.

Lan baldintzetan ere aldaketak egongo dira. Doktore laguntzaileek 18 kredituko irakaskuntza betekizuna izango dute, ez 24 kreditukoa; epaimahaiak izendatzeko aukera unibertsitatearen eta sailaren esku utziko dute; aldi baterako irakasle eta ikertzaileen kontratu gehienak %40tik %8ra murriztuko dituzte; eta ordezkapenak egingo dituzten irakasleei ez zaie aitortuko ikerketa egiteko aukerarik. Azken neurri horrek «prekarizazioa areagotuko» duela salatu du LABek.

Legeak jasotzen duenez, gainera, BPGaren %1 unibertsitateei bideratuko zaie. Ordea, ez du zehazten funts horiek nola jasoko dituzten, ezta unibertsitate publikoei bideratuak izango diren ere. «Doakotasunerako ibilbidea aurreikusten badute ere, argi dago legeak ez duela unibertsitate publikoen aldeko hautua egiten», salatu du LABek.

EHUko zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak legearen zenbait kontu argitzeko eskaera egin badute ere, sindikatuak ondorioztatu du LOSUk ez dituela «behar besteko» hobekuntzak ekarriko unibertsitateetako funtzionamenduan, lan baldintzetan eta kalitatean. Hala, argi utzi nahi izan dute unibertsitateetako langileen eskubideen eta euskal unibertsitate sistema «publiko, propio eta burujabearen» alde egiten jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.