Euskaraz arduratzeko errektoreordetza bat eskatu dute NUPeko ikasleek

Euskarazko ikasgaien eskaintza apalegia dela deitoratu dute, eta «negargarritzat» jo dute unibertsitateak duen hizkuntza politika

NUPeko Euskara Taldea, atzo, txostenaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Unibertsitatean euskarak duen leku apala gaitzetsi dute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek. Haien hitzetan, euskarazko ikasgaien eskaintza ez dator bat Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin, eta, ondorioz, uste dute ikasle euskaldunen eskubideak «zapalduak» izaten ari direla. Gaur egun, NUPek gradu bakarra eskaintzen du osorik euskaraz: irakasle ikasketak. Horregatik, euskarazko ikasgaien kudeaketaren inguruan jardunen lukeen errektoreordetza bat sortzeko beharra azaleratu dute. «Gaur-gaurkoz, ez dago euskarazko irakaskuntzaz arduratzen den egitura administratiborik», adierazi zuten atzo, gaiaren inguruko txostena aurkezteko eginiko agerraldian. Hiru funtzio ikusiko lizkiokete ikasleek: gaur egun dauden irakasleen kontrola, ikasleen datuak biltzea eta ikasgai berriak eskaintzeko prozedura lantzea.

Ikasleen hitzetan, unibertsitatea sortu zenetik gaur egun arte eraman den hizkuntza politika«negargarriaren» ondorioz, NUPen euskara hirugarren mailan dago. Hala, euskaraz ikasi nahi duten ikasle askok beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dute ikasketak euskaraz egiteko, haien arabera. Dena den, erran dute azken urteetan NUPeko ikasle euskaldunen kopuruak gora egin duela. Unibertsitateko ikasle guztien %31.29k euskara ongi menperatzen dute.

Horiek horrela, ikasleei dei egin diete euskarazko ikasgaiak lortzeko eskari formalak bidera ditzaten. Eta irakasleen kontratazioan eragiteko beharra ere azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.