Euskaltzaindiak eskatu du euskara ez «monopolizatu eta instrumentalizatzeko»

Nafarroako Parlamentuaren domina eman diote euskararen akademiari. Lauaxeta eta Abadia sariak ere banatu dituzte

Abadia saria jaso du Arantxa Urretabizkaiak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iosu Alberdi - Irati Urdalleta
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bere ehungarren urteurrena ari da ospatzen Euskaltzaindia, eta, zenbateko borobil hori aintzat hartuta, Nafarroako Parlamentuaren domina eman dio erakunde horrek euskararen hizkuntza akademiari. Haren «ibilbide akademikoa eta historikoa» saritu nahi izan ditu; batez ere, «euskararen batasunerako eta normalizaziorako» eginiko lana. Euskaltzaindiko presidente Andres Urrutiak adierazi du erakundea «politikatik at» aritu dela lanean: «Ulertzen dugu euskara herriaren ondarea dela, denon ondarea, ezin dena ez instrumentalizatu, ez monopolizatu». Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek adierazi du aho batez hartutako erabakia izan dela, eta horrek «are bereziago» egiten duela errekonozimendua.

Euskaltzaindiak ez ezik, beste hainbat herritarrek ere jaso zuten atzo euskararen alde egindako lanaren errekonozimendua, Lauaxeta eta Abadia sarien bidez.Bizkaiko Foru Aldundiak hamabosgarren aldiz banatu ditu Lauaxeta sariak. Administrazioan euskararen erabilera bultzatzea helburu izan duen EraMiak programarentzat izan da ohorezko saria, lan munduan euskara gehiago egitea sustatzeagatik. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak, berriz, 35 urtetik beherakoentzako poesian lortu du irabaztea, Analfabetoa poema bildumarekin. 35 urtetik gorakoentzako poesiaren kategorian, Itsas Bizimina lanarekin, Pello Otxotekorentzat izan da saria. Azkenik, ikus-entzunezkoen mailan, Fermin Etxegoien saritu dute Euskaltzaindia: Egunak eta lanak dokumentalagatik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, Arantxa Urretabizkaiaren lana aitortu du, Abadia sariarekin. Euskararen biziberritze prozesuari egindako ekarpenarengatik jaso du saria. Urretabizkaiak lan ugari egin du idazle, kazetari eta itzulpengile gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.