Hiru gizon atxilotu dituzte Gipuzkoan haur pornografia egotzita

Hiru atxilotuak aske utzi dituzte, kargupean, epaiketa egiteko zain. Haur pornografia izatea eta Interneten zabaltzea leporatzen diete

Haur pornografiarekin lotutako materiala artxiboko irudia. HANS KLAUS TECHT / EFE.
Erredakzioa
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Donostian, Urretxun eta Lazkaon (Gipuzkoa) hiru gizon atxilotu dituzte haur pornografia edukitzea eta Interneten zabaltzea leporatuta. Espainiako Poliziaren arabera, haien artean ez dago inolako harremanik. Ikerketa otsailean hasi zen. Sarean banatzen ari ziren haur pornografia aurkitu zuen Poliziak, eta horri segika jakin zuten Gipuzkoako zenbait udalerritan deskargatu zutela.

Lehen atxiloketa Urretxun izan zen, irailaren hasieran. Atxilotuaren etxea miatu ondoren, pedofilia edukiak aurkitu zizkioten ordenagailuan, eta bi disko gogor atzeman zituzten, Madrilen ikertzeko. Komisarian, Poliziaren arabera, atxilotuak aitortu egin zuen delitua, eta poliziekin kolaboratu zuen. Aske utzi zuten, kargupean, epaiketaren zain.

Beste atxiloketa irailaren erdialdean izan zen, Lazkaon. Poliziaren esanetan, 5.000 pedofilia argazki eta bideo aurkitu zituzten atxilotuaren ordenagailuetan. Eta hurrengo atxiloketa urriaren hasieran izan zen, Donostian. Atxilotuaren etxea miatu zutenean,haur pornografia «asko» aurkitu zuten disko gogor batean eta bi USB giltzatan. Pertsona hori lehenago ere atxilotu zuten delitu bera leporatuta. Hura eta Lazkaon atxilo hartutako gizona ere aske utzi zituzten, kargupean, epaiketa noiz egingo zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.