Lula aurretik dela hasi dute Brasilgo bozetarako kanpaina

Inkesten arabera, botoen %44 eskuratuko lituzke Langileen Alderdiko hautagaiak. Urrian egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak

Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Brasilen atzo hasi zuten presidentetzarako hauteskundeetarako kanpaina. Hamabi dira hautagaiak, baina bik bakarrik dute aukera bigarren itzulira igarotzeko: PT Langileen Alderdiko hautagai eta presidente ohi Luiz Inacio da Silva Lula-k, eta Alderdi Liberaleko kide eta egungo estatuburu Jair Bolsonarok.

Lula jotzen dute garaile inkesta guztiek. Horien arabera, botoen %44 lortuko lituzke estatuburu izandakoak, eta tarte esanguratsua aterako lioke Bolsonarori,hamabi puntukoa. Gainerako hautagaiek ez lukete eskuratuko botoen %6 baino gehiago. Horiek hala, eta Ipec etxearen aurreikuspenen arabera, botoen %51 jasoko lituzke Lulak bigarren itzulian, eta %35 Bolsonarok. Inkesta etxeak egungo presidenteak duen onespena ere neurtu du:galdekatutakoetatik %29k ontzat eman dute legealdia; %43k esan dute «oso txarra» izan dela, eta %26k, «hala moduzkoa».

Lehen ekitaldiak

Sare sozialetan hasi zuten kanpaina hautagaiek. Lulak bideo bat zabaldu zuen, Brasil zoriontsu baten itxaropena, berriz ere lelopean, hura presidente zen garaiari erreferentzia eginez. Bideoan salatzen du gosea itzuli dela herrialdera, inflazioak beldurra sorrarazten duela, eta gutxieneko soldatak eskasak direla.

Bide bera baliatu zuen Bolsonarok ere lehen iragarkia zabaltzeko. Hark, baina, «jainkoa, aberria, familia eta askatasuna» goraipatzeko baliatu zituen sareak. Horrez gain, jendaurreko ekitaldiak ere egin zituzten. Sao Paulo hiriaren kanpoaldeko autoen fabrika batera joatekoa zen Lula bart. Presidente ohiak han egin zituen bere ibilbide politikoko lehen pausoak 80. hamarkadan, ordezkari sindikal gisa. Bolsonarok, berriz, Juiz de Fora udalerrian hastekoa zuen kanpaina.

Datozen asteetan, hala ere, ekonomia izango dute hizpide nagusi bi hautagaiek. Inflazioa altua da Brasilen, eta horrek asko murriztu du herritarren erosahalmena. Hori aurreikusita, Bolsonarok handitu egin ditu herritar zaurgarrienei bideratutako hilabeteroko diru laguntzak, horrekin boto gehiago jasoko dituen itxaropenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.