Nafarroan, erregulazioan daudenek 450 eurorainoko osagarria jasoko dute

Ordainketa bakarra egingo da, urrian. Nafarroako Gobernuak espero du 11.000 onuradunek jasotzea. Hiru milioiko aurrekontua izango du

Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluaren bilera, atzo, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak ere osatuko ditu uztailean, abuztuan eta irailean aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileen soldatak. Urtean 20.000 eurotik beherako errenta duten langileek jasoko dute osagarria, edo familiako diru sarrerak 40.000 eurotik beherakoak direnean. Onuradunek gehienez 450 euro jasoko dute —hilero 150, alegia—, eta, erregulazioan izanik, jardunaldia murriztu zaienek ere dirua jasoko dute —100 euro, %50etik gorako murrizketa izanez gero—. Ordainketa bakarra egingo da: urrian. Gobernuak uste du 11.000 lagunek jaso dezaketela laguntza.

Maria Txibite lehendakariak eman zuen erabakiaren berri atzo arratsaldean, Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluan —UGT eta CCOO sindikatuekin eta CEN patronalarekin— bilera egin ostean. Nafarroako Gobernuak hiru milioi euro aurreikusi ditu laguntza horretarako. Ekain hasieran, Nafarroan 17.632 langile zeuden aldi batera erregulazioan, aurreko hilean baino %65 gutxiago.

Bilera amaituta, Txibitek akordioaren garrantzia nabarmendu zuen: «Gizarte Elkarrizketaren Kontseilua elkarrizketarako erreminta da, eta esparru horretan jarri gara ados». ELAk eta LABek organo horren funtsa kritikatu dute, eta gaitzetsi iraganean gizarte eragile horiek finantzatzeko erabilia izan dela. Atzo, Txibitek azaldu zuen sindikatu horiei hainbat aldiz egin diela gonbita, baina uko egin diotela. «Euren burua baztertu dute».

Ikasturteari begira

Epea amaituta, berriz aztertuko dute osagarriaren baliagarritasuna. Alde batetik, jakin nahi dute hiru milioi euroak osorik erabiliko ote diren, eta, hala ez balitz, soberakina aurrerago erabiltzerik izango ote den. Bestetik, orain mahai gainean diren gaietako bat zera da, familia eta lana uztartzeko neurri gisa erabiltzea. Hurrengo ikasturtea nolakoa izango den zehaztu gabe dagoen honetan, langile batzuek laguntza motaren bat beharko dutela uste dute negoziazioko parte hartzaileek. Hori dena zehazteko dago, gobernuak berak ez baitu oraindik argitu nolakoa izango den ikasturtea.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, astelehenetik eska daiteke osagarria, Lanbideren webgunetik. Osagarria jasoko dute hilean 1.666 eurotik beherako kotizazio oinarria edo urtean 20.000 eurotik beherako soldata gordina dutenek. Gehienez, 150 euro izango dira, eta hilero jasoko dute. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 40.000 pertsona ingururi eragingo die neurriak, eta 15,4 milioi euro jarriko ditu horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.