Absolbitu egin dituzte 'Jaro operazioko' hamabi independentista galiziarrak

Fiskalak ez du frogatu auzipetuak talde kriminal bateko kide direnik eta terrorismoa goratu zutenik, Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera

Jaro operazioaren auziko akusatuak, epaiketan, joan den urrian. F. VILLAR / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Absolbituta. Galiziako hamabi militante independentistak lasaitua hartu dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiaren berri izan dutenean. Hedabideek atzo aurreratu zuten Jaro operazioaren auziko sententzia. Fiskaltzak 102 urteko espetxe zigorra eskatu zuen, orotara, Causa Galiza elkarte politikoko bederatzi kideren eta Ceivar errepresioaren kontrako elkarteko hiru kideren kontra. Leporatzen zietena: terrorismoa goratzea helburu duen gaizkile talde bateko kide izatea eta terrorismoa goratzea. Baina auzitegiak erabat baztertu du ministerio publikoaren eta Guardia Zibilaren bertsioa. Bi polizia operazioren eta bost urteko prozesuaren ostean, ebatzi du ez dela oinarririk egin dituzten akusazioei eusteko.

Joam Peres Causa Galizako batzorde exekutiboko kideakBERRIA-ri adierazi dionez, «hasieratik» salatu dutena baieztatu du sententziak. «Frogatu da hau guztia Galiziako independentismoaren kontrako azpijoko bat izan dela. Ez zuen inolako oinarririk, ezta Auzitegi Nazionalak prozesua amaieraraino eramateko ere».

Orain, «Guardia Zibilaren asmakizuna desegiteko unea» dela gaineratu du Peresek. «[Espainiako] Gobernuaren ordezkaritzak, Galiziako telebista publikoak eta hedabide gehienek egotzi ziguten talde armatu baten adar politikoa izatea».

Epaiaren argudioak

Fiskaltzak auzipetu bakoitzarentzat lau eta hamabi urte arteko kartzela zigorrak eskatzen zituen, eta Causa Galiza eta Ceivar elkarteak desegitea, Resistencia Galega talde armatuaren adarrak zirela argudiatuta. Ez bata eta ez bestea. Auzitegiaren arabera, fiskaltzak eta Guardia Zibilaren txostenek ez dute frogatu Causa Galiza eta Ceivar «izaera kriminala» duten elkarteak direnik. Epaimahaiak adierazi du biak «Galiziako mugimendu independentistan integratuta» dauden elkarteak direla, eta jarduera «argia» dutela. Ez dago frogarik esateko elkarte horiek «izaera terroristako indarkeriazko mugimenduak» egin zituztela, ez eta elkarteek «indarkeria bultzatzen zutela» pentsarazteko ere, eta, beraz, ezin ondoriozta daiteke deliturik egiteko helbururik zutenik.

Auzitegiak argitu du Causa Galiza Galiziako hizkuntza eta kultura sustatzeko helburuarekin sortu zela, eta elkartearen «joera politikoari» —independentista eta sozialista— Espainiako «konstituzioaren babesa» dagokiola. Fiskaltzak aurkeztu dituen frogak aztertu ostean, epaimahaiak ondorioztatu du ez dagoela oinarri nahikorik elkartea Resistencia Galega«talde terroristatzat» jotakoarekin lotzeko.

Ceivarri dagokionez, berriz, auzitegiak epaian esan du preso independentistak babesteko sortu zutela elkartea, eta hainbat arlotan eskaintzen diela laguntza: arlo juridikoan, ekonomikoan edota osasunaren eremuan. Causa Galizaren kasuan bezala, Ceivarrenean ere fiskalak ez du frogatu Resistencia Galegaren eta elkartearen arteko loturarik, ezta haren helburua «talde terroristaren ekintzak» goratzea denik ere.

Epaimahaiak ere ez du uste Causa Galizako eta Ceivarreko kide auzipetuek terrorismoa goratu zutenik. Fiskaltzak hainbat preso independentistaren harreretan parte hartzea leporatu die auzipetuei; kasu batzuetan, «terrorismoagatik» zigortuak izan diren presoen ongietorri ekitaldietan. Baita hildako militante independentistak oroitzeko ekitaldietan parte hartzea ere; besteren artean, 1990ean lehergailu bat jartzen ari zirela hildako Xose Ignacio Villarren eta Lola Castroren omenezkoetan. Auzitegiak ebatzi du ekitaldi horietan ez dela «ekintza terroristen» biktimen kontrako erasorik izan; batetik, ez delako frogatu «indarkeria erabiltzera deitu» zenik, eta, bestetik, ekitaldiak egin ziren urteetan —2014an eta 2015ean— ez zelako «izaera terroristako indarkeria mugimendu eraginkorrik».

Peresen iritziz, auzitegiari ez zaio oharkabean pasa Jaro operazioaren auziak Galizian eragin duen «elkartasun olatua», eta, epaia ematean, aintzat izango zuela adierazi du. «Elkartasun olatuaren indarra izan da identifikazio politikoaren orain arteko eskema guztiak gainditu dituela». Galiziako gizartearen zati handi batek auzia «azpijoko politiko eta polizial bat bezala identifikatu du», haren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.