Gerra Ukrainan

Errusiako petrolioaren bahitura proposatu du Europako Batzordeak

EBk Moskuko erregaiaren inportazioak eten nahi ditu urte amaierarako. Kievek esan du Errusiako tropak Mariupolgo altzairutegira sartu direla

Ursula Von der Leyen, atzo, Europako Parlamentuan. JULIEN WARNAND / EFE.
Irune Lasa - Mikel O. Iribar
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
«Ez da erraza izango. Errusiako petrolioarekiko menpekotasun handia dugu. Baina egin behar dugu». Ukrainako gerra dela eta, Errusiaren kontrako zigorren seigarren paketea izan zuten atzo eztabaidagai EB Europako Batasunean, Errusiako petrolioaren bahitura barne. Talde komunitarioarentzat ez da erabaki erraza hartzeko, ezta ezartzeko ere; horregatik atzo goizean Ursula Von der Leyen Batzordeko presidenteak Europako Parlamentuan esandakoak. Sei hilabeteren buruan Errusiako erregaiaren inportazioak eten nahi ditu EBk.

Nolanahi ere, enbargoa modu mailakatuan egingo dela azaldu zuen Von der Leyenek, «modua emateko guk eta gure bazkideek ziurtatuak izan ditzatela hornidura bide alternatiboak, eta merkatu globalean inpaktua ahalik eta txikiena izateko». Reuters agentziaren arabera, proposamenak enbargoa ezartzeko epe luzeagoa ematen die halako neurri bati arazorik handienak jar ziezazkioketen bi herrialdeei, Hungariari eta Poloniari: 2023. urteko abendura arteko epea izango dute. Budapestek, ordea, atzo bertan argi esan zuen «ezin» duela Batzordearen proposamena onartu, estatuaren segurtasun energetikoa «hondoratuko» lukeelako; Hungariak petrolioaren %60 Errusiatik jasotzen du. Aldiz, Alemaniaren babesa jada lortu du Bruselak, urtea amaitu arteko epe horrekin aski duelako Berlinek petrolioaren inportazioa eteteko. Zigor paketeak, nolanahi ere, Batasuneko herrialde guztien oniritzia behar du.

Errusiako erregaiaren enbargoa, halaber, ez zen izan Europako Batzordeko presidenteak proposatu zuen zigor bakarra: Errusiako beste hiru estatu hedabide—Rossiya, RTR Planeta eta VGTRK izango lirateke, BBC hedabidearen arabera— Batasunean ikusi eta entzuteko debekua ezartzea; Sberbank, Errusiako finantza erakunderik handiena, SWIFT sistematik kanporatzea; Ukrainako Butxa eta Mariupolgo hirietako «sarraskiekin» lotura izango luketen militarrak zigortzea; eta Kremlinari aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkieten EBko norbanakoak zigortuen zerrendara sartzea, baita Errusiako Eliza ortodoxoko buru Kirill Patriarka ere, Kremlineko eledun Dmitri Peskoven familiarekin batera.

Hain zuzen, Peskoventzat, Mendebaldeak Errusiaren aurka ezarritako zigorrak «bi ahoko armak» dira. Atzo, bere eguneroko prentsaurrekoan adierazi zuen Kremlin «adi» dagoela, eta «aztertzen» ari dela nola erantzun seigarren zigor sortari. Hori bai, oroitu zuen EBk «garesti» ordainduko duela Errusiari «kalte egin» nahi badio.

Maiatzaren 9an, Sobietar Batasunaren Bigarren Mundu Gerran lortutako garaipenaren urteurrenean, Errusiako presidente Vladimir Putinek egin dezakeen adierazpenaren harira, Peskovek erabat baztertu zuen egun horretan Kremlinek gerra deklarazio ofizialik egingo duenik. «Lelokeria hutsa da hori». Errusiaren hitzetan, Ukrainan ez dago gerrarik, «operazio militar berezi bat» baizik. Gerra ofizialki deklaratzeak 900.000 erreserbista eta zibilak mobilizatzea ekar lezake. Bestalde, Kieven eta Moskuren arteko negoziazioei dagokienez, «kale itsu batean» daudela esan zuen Peskovek.

Gerra frontean, Errusiako tropek setiatua duten Mariupolgo (Donetsk oblasta) Azovstal altzairutegiko berrehun bat zibilen ebakuazioa etenda dago erabat; izan ere, Ukrainako agintariek atzo baieztatu zuten Errusiako tropek industrialdera sartzea lortu zutela. Bada, Moskuk atzo adierazi zuen korridore humanitarioak irekiko dituela datozen hiru egunetan, gaurtik aurrera, zibilak erreskatatzeko.

Bitartean, Errusiako armadak «aurrera» egiten jarraitzen du Donbass eskualdean, Errusiako Defentsa Ministerioaren esanetan. Atzo, gainera, Lviv hiriko (mendebaldean) arma biltegiak bonbardatu zituzten militarrek, Mendebaldeko armen sarrera «oztopatzeko». Ukrainako soldaduek, berriz, gutxienez zibil bat hil zuten Donetsk hiriko erregai biltegi bat suntsitu ostean, tokiko agintariek salatu zutenez.

Moldaviari laguntza gehiago

Europar Kontseiluko presidente Charles Michel Moldavian izan zen atzo, eta esan zuen EBk herrialdeari laguntza militarra «nabarmen» handituko diola. Transnistriaren eta Moldaviaren arteko tentsioa erabat areagotu da azken hilabeteotan, Transnistriako Gobernuak bere aurkako «hiru eraso terrorista» gertatu zirela salatu ondotik, «Ukrainak bultzatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.