«Atzerriko esku hartzea» amaitzeko deia egin dio nazioarteak Libiari

Gatazkari buruzko nazioarteko bigarren konferentzia egin dute, Berlinen. Bileran izan dira batasun nazionaleko gobernuko ordezkariak ere

Libiako lehen ministro Abdulhamid Mohammed Dbeiba, atzo, Berlinen. S. G. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Abenduaren 24an jarria du begia nazioarteak. Orduan egingo dira Libiako legebiltzarrerako hauteskundeak, eta, ondo bidean, datorren urteko otsailean hartuko luke agintea gobernu berriak. Helburua bete ahal izateko, baina, aurrez beste baldintza batzuk bete behar dituzte, eta horietan lehena da «atzerriko esku hartzea» amaitzea. Atzo Berlinen egindako Libiari buruzko nazioarteko bigarren konferentzian, Alemaniako Atzerri ministro Heiko Maasek ohartarazi zuen «eragile guztien konpromisoa» beharko dela horretarako.

Iazko urtarrilean egindako nazioarteko konferentzian hartu zuten estatuek «esku hartzea amaitu» eta atzerriko milizianoak Libiatik ateratzeko konpromisoa. Baina, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 20.000 miliziano inguru daude oraindik herrialdean. Turkia eta Errusia dira urrats hori egiteko oztopo nagusiak. Ekialdeko buruzagi militar Khalifa Haftar babestu du Moskuk, eta, hark urrian su-etena sinatu zuen arren, han daude oraindik Errusiaren miliziak. Turkiak Tripoliko behin-behineko exekutiboa babesten du, eta argudiatu du gobernuak berak eskatu ziola tropak bidaltzeko, eta, beraz, haren indarrak ezin litezkeela «atzerriko esku hartzetzat» jo.

Maasen esanetan, baina, irteera «orekatua» ez bada, aldeetako bat babesten duten tropek abagunea baliatu dezakete bestea garaitzeko: «Libiarrek beren geroari buruz erabakiko badute, beharrezkoa da atzerriko indarrak herrialdetik ateratzea».

Konferentzian izan zen AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken ere. Buruzagi estatubatuarra bat etorri zen Maasekin, eta esan zuen hau «aukera bat» dela herrialde «subirano eta seguruagoa» eraikitzeko. Hauteskundeez ere mintzatu zen Blinken, eta ohartarazi zuen horiek abenduan egin ahal izateko aurrez konstituzioari buruzko adostasun bat lortu behar dutela batasuneko gobernuko kideek.

Baina atzerriko miliziak kanporatzearekin ez da amaitzen arazoa. AEBen Libiarako ordezkari berezi Richard Norlandek nabarmendu zuen egun milizia horiek direla segurtasunaz arduratzen direnak, eta horiek irtendakoan «armada eta polizia sendo bat» osatu beharko dituela Tripolik. 2011n Muammar Gaddafi kargugabetu zutenetik bitan banatuta egon da Libia: nazioarteak babestutako gobernua, batetik, eta ekialdean kokatutako indar armatuak, bestetik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.