Khanek ez du onartuko bere kontrako moziotik sor daitekeen gobernua

Pakistango lehen ministroa «atsekabetuta» dago Auzitegi Gorenak hartutako erabakiarekin. AEBei egotzi die «estatu kolpe bat» antolatzea

Imran Khan lehen ministroa, iaz egindako agerraldi batean. C. KARUNARATHNE / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Krisi instituzional betean murgilduta dago Pakistan. Atzo agerraldia egin zuen Imran Khan lehen ministroak, gaur parlamentuan haren aurka egitekoak diren zentsura mozioa dela eta. Nabarmendu zuen ez duela onartuko bera kargugabetzeko bozketatik sortuko litzatekeen gobernua. Litekeena da kargutik kentzea, oposizioko blokeak gobernuarenak baino diputatu gehiago dituelako ganberan.

Auzitegi Gorenak, herenegun, atzera bota zuen lehen ministroak joan den igandean parlamentua desegiteko hartu zuen erabakia. Magistratuen arabera, lehen ministroak hartutako erabakia «konstituzioaren aurkakoa» da. Khanek parlamentua desegin zuen haren aurkako konfiantza mozioaren bozketa saihestu nahi zuelako. Lehen ministroak atzo esan zuen Gorenaren ebazpena onartzen duela, nahiz eta «atsekabetuta» dagoen erabakiarekin.

Oposizioko taldeek era bateratuan aurkeztu zuten mozioa. Arif Alvi ganberako presidenteak parlamentua desegin zuen, eta hauteskundeetara deituko zuela iragarri, lehen ministroak hala eskatuta, baina mozioak atzerriko esku hartze bati eta oposizioko alderdien konspirazio bati erantzuten ziola ziurtatuta.

Pakistan atzerriko esku hartzeen «menpe» dagoela eta nazioarteko botereek kargutik bota nahi dutela adierazi zuen Khanek atzo; bereziki, AEBek. Leporatu zien Pakistanen aurkako «estatu kolpe bat» antolatzea —Khanen arabera, Etxe Zuriak gutun bat bidali zion—.

Horrekin lotuta, hau adierazizuen Khanek: «Qasim Suri parlamentuko presidenteordeak ikerketa kudeatu zuenean, magistratuek mehatxuzko gutunari begiratu behar zioten epaia eman aurretik». Hain justu, Pakistango Gobernuak atzo iragarri zuen ikerketa batzorde bat eratuko zuela Khanen aurkako «atzerriko konspirazioa» ikertzeko. Parlamentuan gaur dira erakustekoak gutun horren edukia. Gobernuarentzat, konspirazio teoria horien «frogak» ditu.

Khanek gaineratu zuen Gorenaren erabakiaren ondorioz Pakistanen «independentzia» dagoela jokoan.

Oposizioaren erantzuna

Oposizioko alderdiek konfiantza ebazpen bat aurkeztu zuten atzo Suri ikerketaren buruaren aurka, eta ebazpenean salatu zuten Surik «modu alderdikoi eta lotsagabean» jokatu zuela, bere eginkizuna behar bezala eta inpartzialtasunez bete ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.