Gobernua osatzerakoan, eskuin muturra bakartzea lehenetsi dute Suedian

Lofven sozialdemokratak lehen ministro jarraituko du. Zentroari eta liberalei kontzesioak egingo dizkie. Lau hilabete iraun du prozesuak

Lofven, eskuinean, atzo lehen ministro izendatu zuten unean. JESSICA GOW / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Espainian, Andaluzian, eskuin muturraren botoei esker heldu berri da eskuina boterera. Norvegian eta Finlandian gobernuan daude alderdi xenofoboak. Hautu hori egin zuten haien bizilagunek, baina Suedian beste bide bat ibiltzea erabaki dute. SD Suediako Demokratak jatorri neonaziko alderdia indar bozkatuenetan hirugarrena izan zen joan den irailaren 9ko hauteskundeetan, baina gobernua osatzerakoan hura bakartzea lehenetsi dute. Sozialdemokratek, liberalek, berdeek eta zentrokoek osatutakoa ez da, nolabait esatearren, gobernu ortodoxoegia izango, eta, gainera, gutxiengoan gobernatuko dute. Dena dela, ez diote jarraituko Europan azkenaldian dabilen joerari. «Gero eta gobernu gehiago ari dira bihurtzen agenda antidemokratikoa duten alderdien menpeko. Baina Suedian demokrazia defendatzen dugu, berdintasuna. Suediak beste bide bat aukeratu du», nabarmendu zuen Stefan Lofven sozialdemokratak atzo, lehen ministro hautatu zutenean. Azken lau urteotan ere kargu bera eduki du.

Horrenbestez, lau hilabeteko paralisi politikoa eten dute Suedian. Atzo parlamentuan, Riksdag-ean eginiko bozketak ez zuen emoziorik eduki. Joan den astean ituna egin zuten SAP Alderdi Sozialdemokratak, zentrokoek eta liberalek, eta Ezkerreko Alderdiak duela hiru egun jakinarazi zuen abstenitu egingo zela. 115 parlamentarik bozkatu zuten Lofven sindikalista izandakoaren hautagaitzaren alde —sozialdemokratek eta ekologistek—, 153k kontra, eta 77 abstenitu egin ziren —zentrokoak, liberalak, eta komunista ohiak—. Suediako sistema politikoaren araudiaren arabera, gobernu batek ez du frogatu behar gehiengoa alde duela, baizik eta ganberaren gehiengoa ez duela kontra. Hori gertatu da.

«Zirkunstantziak aintzat hartuta, aukera onena zen», laburbildu zuen Annie Loof Zentroko Alderdiaren liderrak, ekitaldia bukatu eta gero. Asteak behar izan dituzte ados jartzeko. Tartean, Lofvenen beraren hautagaitza eta Ulf Kristersson Alderdi Moderatuaren liderrarena atzera bota ditu Riksdag-ak.

Eta haustura esanguratsu bat eragin du azkeneko lau hilabeteotako prozesuak: aliantza kontserbadorearena. Horregatik, sozialdemokratekin gobernua partekatzeagatik, moderatuek eta demokristauak traidoretzat hartu dituzte liberalak eta zentrokoak. Kristerssonentzat, «absurdoa» da akordioa. Alderdi Moderatua banatuta dago eskuin muturrarekin akordioak egiteari dagokionez, baina kontuan hartu behar da herrialdearen hegoaldeko hainbat tokitan lankidetzan aritzen direla SDkoak, demokristauak eta moderatuak.

Lofvenek liberalekin eta zentrokoekin aritu beharko du lankidetzan, eta bidesari bat ordaindu beharko du horregatik. Lehengo astean adostu zutenez, gobernuak zergak gutxituko ditu, eta jokabide neoliberala edukiko du, bai etxebizitza politikan, bai lan eremuan. Horrek talka egiten du, hain zuzen ere, Berdeen zein Ezkerreko Alderdiaren asmoekin. Gobernu ahula da, eta Lofven ekilibristarena egitera kondenatuta dago. «Indarrean dagoena akordioa da [liberalekin eta zentrokoekin]», azpimarratu zuen lehen ministroak, herenegun.

Zentsura mozioa

Akordio hori lehenesten du, horrenbestez, Lofvenek. Baina Ezkerreko Alderdiak dio atzo abstenitzearen trukean neurri jakin batzuk betetzeko konpromisoa hartu duela lehen ministroak. Hori bai, komunista ohiek esan dute ez direla kikilduko lehen ministroaren aurkako zentsura mozio bat aurkeztu behar badute, baldin eta beren marra gorriak —etxebizitza politikak eta segurtasuna lan eremuan— zeharkatzen baditu. Moderatuek eta demokristauek jakinarazi dute balizko zentsura mozio hori babestuko luketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.