Estatu kolpe saio bat egitea egotzi die Venezuelak Kolonbiari eta AEBei

Caracasek esan du zortzi paramilitar hil dituztela eta beste hamar preso hartu dituztela. Kolonbiak «oinarririk gabekotzat» jo du salaketa

Vladimir Padrino, herenegun, erasoari buruzko azalpenak ematen. MINCI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundera jo du Venezuelako presidente Nicolas Madurok, ustez Kolonbiak eta AEBek prestatutako estatu kolpe bat salatzeko: «Hil egin nahi ninduten. Hori zen euren helburu nagusia». Caracasko iturrien arabera, igande goizaldean paramilitar talde bat ahalegindu zen herrialdean sartzen. Baina militarrek atzeman egin zituzten. Haietako bi atxilo eraman zituzten eta beste zortzi hil. Atzo gauean, berriz, beste zortzi paramilitar atxilotu zituztela jakinarazi zuten. Atxilotuetako bat litzateke AEBetako droga kontrolerako erakundearentzat lan egiten duen Venezuelako herritar bat.

Jorge Arreaza Atzerri ministroaren esanetan, Venezuelako armadako desertore talde batek eta AEBetako indar berezietako kide ohi batek euren gain hartu dute operazioa, eta baieztatu dute Kolonbian antolatu zutela, eta handik irten zirela itsasontziak Venezuelara. «AEBek Venezuelaren aurka antolatutako beste ekintza bat da eraso hau», gaitzetsi du Arreazak, eta gogora ekarri du Maduroren gobernuari droga trafikoan nahastuta egotea leporatu ziotenekoa. «Venezuelak porrot egitea nahi lukete Elliot Abrams AEBetako ordezkari bereziak eta Mike Pompeo Estatu idazkariak. Horregatik, NBEko Segurtasun Kontseiluari ohartarazten diogu gertatutakoaz. Ez dugu ahaztu behar, gainera, pandemiaren krisia baliatu dutela erasoa egiteko».

Alerta egoera

Kolonbiak ukatu egin du inolako estatu kolpe saioarekin zerikusia izatea, eta «oinarririk gabekotzat» jo ditu Maduroren salaketak. «Nahasmena sortu nahi dute jendeak barne krisia ahantz dezan, eta horretarako asmatzen dituzte halakoak», kritikatu du Kolonbiako Atzerri Ministerioak ohar batean, eta nazioarteari eskatu dio ez dadila «amarruan» erori. Venezuelak, ordea, alertan jarri ditu indar armatuak, beste eraso bat egon daitekeela ohartarazita. Aldi berean, ikerketa bat abiatu dute paramilitarrek «noren laguntza» izan duten argitze aldera.

Kolonbiak eta Venezuelak iazko otsailean eten zituzten harremanak, orduan parlamentuko buru zen Juan Guaido Kolonbiatik Venezuelara sartzen ahalegindu zenean. Hain zuzen ere, hainbat komunikabideren arabera, Guaido bera buru duen oposizioa legoke azken estatu kolpe saioaren atzean. Horiek zabaldu dutenez, atxilotutakoetako batek onartu du oposizioak ordaindu egin ziola Maduroren aurkako operazioa zuzendu zezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.