AEBen Siriako aliatuek kezkaz hartu dute tropak ateratzeko erabakia

Frantziak jakinarazi du ez dituela erretiratuko bere soldaduak. Trumpi kontrajarri, eta SDFk ohartarazi du ez dela amaitu EIren aurkako borroka

Mattis AEBetako Defentsa idazkaria eta Pence presidenteordea. E. S. LESSER / EFE.
ander perez zala
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Kezka da nagusi AEB Ameriketako Estatu Batuen Siriako aliatuen artean. Donald Trump AEBetako presidenteak 2.000 soldadu estatubatuarrak herrialde horretatik ateratzeko hartu duen erabakiak ezustean harrapatu ditu hainbat potentzia, eta mezu bera helarazita erantzun diote: EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan jarraitu behar dela. Trumpek, ordea, ez du horrelakorik uste, eta atzo eman zituen mugimendu militar horren arrazoiei buruzko xehetasunak. Batetik, adierazi zuen 2016ko presidentetzarako bozen kanpainan hitzemandako neurri bat zela: «Siriatik ateratzea ez da ezusteko erabakia. Horren alde agertu naiz urte luzez»; bestetik, AEBek Ekialde Hurbilean duten rolaz aritu zen: «AEBek nahi dute Ekialde Hurbileko Polizia izan, ezer eskuratu gabe? Besteen garaia da borrokatzeko».

Europako aliatuen artean, Alemaniak eta Frantziak agertu dute kezka handiena Trumpen erabakiarekin. Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroa kritiko agertu zen atzo soldadu estatubatuarren erretiratzearekin, baina batez ere AEBetako presidentearen argudioekin: «EIren mehatxua ez da amaitu. AEBen erretiratzeak arriskuan jartzen ditu orain arteko garaipenak». Bide beretik mintzatu zen asteonJean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroa: «[SDF] Siriako Indar Demokratikoek EIren esku geratzen diren eremuak berreskuratzea da lehentasuna. Koalizioaren babesarekin izan behar du». Horregatik, AEBen erabakiaren aurrean, Frantziak atzo jakinarazi zuen bere tropek Sirian jarraituko dutela.

EIri aurre egiteko borrokan, AEBen aireko bonbardaketak laguntza ikaragarria izan diraSDFrentzat. Trumpen herenegungo erabakia jakitean, zalantzak zeuden horiei buruzko erabakirik hartu ote zuen; bada, badirudi bonbardaketak egiteari utziko diola. AEBek Qatarren dute aireko operazioetarako basea: handik aterata, hegazkinek 100.000 bonba inguru bota dituzte Sirian eta Iraken, 2015etik.

Trumpen erabakiarekin mesfidati agertu den bakarra Vladimir Putin Errusiako presidentea izan da. AEBen tropak erretiratzearen alde agertu arren, zalantzak ere badituela argudiatu zuen atzo. Afganistango egoeraz aritu zen bere ikuspuntua azaltzeko: «AEBek erabaki badute beren tropak Siriatik ateratzea, hori da pauso zuzena. Baina Errusiak ez du zantzurik, oraingoz, hori gertatuko denik. Hamazazpi urte dira Afganistanen daudela, eta urtero esaten dute tropak aterako dituztela. Baina han jarraitzen dute».

AEBen presentzia militarrik ez dela izango kontuan harturik, Iranek babesten dituen talde armatuen inguruko kezka agertu zuen Israelek, Washingtonen Ekialde Hurbileko aliatu nagusiak. Horregatik, Benjamin Netanyahu lehen ministroak mehatxu egin zion Irani atzo, eta ohartarazi zion «bere aurka gogor borrokatuko» direla. Siriako gerra hasi zenetik, Israelek aireko berrehun eraso egin ditu Iranek babesten dituen taldeen aurka, tartean Libanoko Hezbollah alderdi xiitaren indar armatua —Iranen eta Siriako Gobernuaren aliatua—.

Turkiaren inbasioa

Trumpen erabakiak Turkiaren interesei egin die mesede gehien. Atzo jakinarazi zuen AnkarakAEBetako presidentea eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa iragan ostiralean mintzatu zirela, eta iradoki zuen tropen erretiratzea dei horren ondorio ere izan zela. Erdoganek, orain, erabaki beharko du tropa horiek ateratzeak nahikoa berme emango dizkion Sirian sartu eta SDFren esku dauden eremuak inbaditzeko, ala AEBen Europako aliatuen soldaduek Sirian jarraitzea oraindik oztopo izango den.

Asteak dira Turkiako Gobernua Siriako kurduen aurkako erasoaldia iragartzen ari dela. Oraingoz, hitzetan geratu da: Hulusi Akar Defentsa ministroak atzo adierazi zuen kurduak «arroiletan lurperatuko» dituztela. SDFk, bien bitartean, jakinarazi zuen EIren aurkako borrokan jarraituko duela, oraindik ez delako amaitu. Hori bai, ohartarazi zuen Turkiak inbasioa hasiko balu jihadisten aurkako erasoaldia eten egin beharko lukeela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.