Primarioetako gudua hasita dago

Sarkozyk antolatutako bilkura batean, bere aldeko militanteek Juppe txistukatu dute. Gertakari horren inguruan UMP bi partetan zatitzen ari da, Frantziako presidentetzarako primarioei begira.

Paris
2014ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean, Bordelen, Nicolas Sarkozyk UMPko presidentetzarako barne kanpainako bilkura handi bat antolatu zuen, Alain Jupperen lurretan. Bordeleko auzapezak agorrilaren 21ean deklaratu zuen 2016ko primarioetarako hautagai izango zela. Ekitaldi horretan, Frantziako mendebalde guzitik autobusez etorritako Sarkozyren aldeko 5.000 militante ingururen aitzinean «primario zabalduak» eta zentroarekiko elkartasuna aipatu zituelarik, txistuak izan ziren. Txistu uholde bat. Sarkozyk ez zuen zirkinik egin bere arerioa defenditzeko.

Geroztik, bien arteko tentsioa azkarki nabari da. Ezin zela «5000 pertsonako jendetza kontrolatu» esanez defenditu da Sarkozy, hedabideetan predikatuz ez ziola Jupperi zepo bat antolatu. Bordeleko auzapezak, berriz, bere hirian gertatua minimizatu du: «Ez da hainbesterako izan; okerragoak ikusiak ditut. Lasai gaitezen»

Publikoki, biak haien artean sortzen ari den zanga gordetzen saiatu dira. Baina itxurakeriatik gehiago du horrek. Le Canard Enchainé astekariak asteazkenean agerrarazi du egiazki nola erreakzionatu zuten. «Gerla nahi badu, eginen diot», kexatu omen zen Juppe bilkura ondotik. «Nahi duelarik lagunarena egiten du, baina dena egiteko gai da mendekatzeko», Sarkozyk ere bere aldetik hitz gogorrak ukan zituen Jupperen aurka: «Txistuak ez ditut nik antolatu, baina merezi zuena baizik ukan du. Herri bozetan, burgesen, ezkertiarren eta Bayrou traidorearen bozeri esker irabazi du Bordeleko auzapetza. Ikusiko dugu ea jende horiek guziek bozkatuko duten primarioetan».

Gertakari horren ondorioz, UMP alderdia bitan zatitzen hasi da jada. Txistuak gaizki hartu dituztenen eta besteen artean.

Nathalie Kociusko Morizetek «ahaztua» izanen dela dio; Bruno Le Mairek, ezetz. Hots, UMPko hautetsi guziak hasi dira alde bat edo bestea defenditzen. Eta ez dira oraindik kanpainan sartuak François Fillon eta Xavier Bertrand, primarioetako hautagai diren beste biak. Diputatu fillonista baten arabera, «egiazko kanpaina heldu den udan hasiko da; hemendik harat, gauzak kalmatu behar litezke».

Martxoaren bukaeran iraganen diren departamenduko hauteskundeen ondotik, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.