«Marrazki bat klarion pixka bat soilik da»

'H28' aldizkari satirikoaren inguruan emandako hitzaldian, adierazpen askatasunaren mugez aritu dira Unai Iturriaga eta Iñigo Astiz

Unai Iturriaga eta Iñigo Astiz, H28 aldizkaria eskuetan dutela, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Gauza kurioso bat gertatzen da adierazpen askatasunarekin eta marrazkiekin. [...] Demagun eskola erlijioso bat dagoela. Norbaitek klarionarekin zakil bat eta barrabilak marrazten ditu arbelean. Pentsatzen dute benetan jarri duzula zakil bat bere barrabilekin, baina, keba, klarion pixka bat besterik ez da. Ez da deus. Ez da hainbesterako. [...] Ikaragarria da marrazkiak duen magia. Ematen du zerbait marrazten baduzu desiratzen ari zarela hori, edo egiten ari zarela, gainera. Idazten baduzu, ez». Iñigo Astiz H28 aldizkari satirikoko kide eta BERRIAko kazetariak bere egin zituen Patxi Huarte Zaldieroa-ren hitz horiek, EHUko udako ikastaroetan atzo emandako hitzaldian. «Egiten duguna oso gauza ahula da, baina, era berean, oso indartsua».

Umore grafiko subalternoa, herri txiki batetik abiatuta. H28 kasua izena jarri zioten atzoko saioari, eta Unai Iturriaga eta Astiz H28-ko kideak izan ziren hizlariak. Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoaren ostean erabaki zuten proiektua martxan jartzea hainbat marrazkilarik. Asmoa argia zen: euskaraz satira egitea, «ezker zein eskuin ostiak banatzea» eta Interneten irakurgai jartzea, doan. Hilero, 28. egunean kaleratzen dute aldizkaria—hortik dator izenburua—, eta, orotara, hamazazpi zenbaki kaleratu dituzte. 30-40 marrazkilarik parte hartzen dute, antolaketa argirik gabe, eta borondate hutsez aritzen dira. Ale bakoitzak 400-500 deskarga izan ohi ditu: hizlarien arabera, «asko». Iazko abenduan, urtekari bat ere atera zuten paperean, Urtikaria izenburupean.

Adierazpen askatasunaren aurkako eraso haren aurrean, «ergelkeriak» esaten jarraitu behar zutela erabaki zuten. Hasieran, ezkerreko eta eskuineko politiken kontura umorea egitea zen asmoa, baina denborarekin ohartu dira «eskuin eta eskuin» joaten direla gehienbat kritikak. Aktualitateaz aritzen dira: batez ere, Hego Euskal Herriaz, eta «dezente» Espainiaz. Iturriagaren esanetan, beren kontuak dituzte mintzagai: gatazka politikoa, ustelkeria politikoa, Polizia... «Orriak baino txakur gehiago», egon ohi direla dio bineta batek. Dena den, denborarekin gai berriak agertu dira, aldizkariko kideen arabera.

Proiektuak martxan daraman urte eta erdian, adierazpen askatasunaren aurkako eraso gehiago izan dira, mozal legearen izenean. «Esan daitekeenaren zakua itxiz doa», Astizen esanetan. Eta hor agertzen dira beldurrak, batzuetan, «grazia izozteraino». Iturriagak, bineta bat publikatu aurretik, han idatzi zuena aldatzea erabaki zuen. Bietan jarrai idaztera zihoan, baina, hori ezabatu, eta segi, jarrai, ekin kaleratu zuen. Gora Alkaeta idatzi zuten txotxongilolariekin gertatutakoa izan zuen gogoan. «Haiekin hori gertatu bazen, zer gertatuko litzateke hori publikatu izan banu?». Beldurrak autozentsura eragiten duela azaldu zuen. «Nik galdu nuen borroka hori».

«Min egiteko beldurra»

Beste beldur mota bat ere bada, haren arabera. «Min emateko beldurra». Politikari eta poliziekin ez dute asko «enpatizatzen», baina inguruko jendeak pentsatzen duenak kezka sortzen die. «Ezetz dirudi, baina bada beldur bat herri txikietan». Jon Sarasuaren inguruan egin zuten bineta jarri zuen adibide gisa Astizek. Idazlearen ondoan esaldi bat dago, hau dioena: «Denok hitz egin behar dugu zerbait, gutxi batzuek dena hitz egin behar ez dezaten». «Beldurra» zuten txistea berak nola hartuko zuen, baina, haren harrera ikusita, «pozik» jarri ziren. «Jendeak ulertzen du klarionarekin egiten gabiltzan hori».

Denborarekin «ausardia eta indarra» hartuz joan dira, eta espazio bat irabazi dute. Baita «liberazio guneak» ere. Baina badute kezka bat buruan. «Nor dago beste aldean?». Irakurtzen ote den aldizkaria, beti dute kezka hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.