Zinemaldiak bost pelikula klasiko berreskuratuko ditu

'Érase una vez...', 'Tampopo', 'Nueve cartas a Berta', 'Pirveli mertskhali' eta 'Dans la nuit' lanak erakutsiko ditu jaialdiak, edizio zaharberrituetan

Pirveli mertskhali filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Leire Perlines Apalategi.
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Klasikoak sailean, zinema unibertsalaren historiako film klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen ditu Donostiako Zinemaldiak. Hala egingo du jaialdiak 70. aldian ere, irailaren 16tik 24ra bitartean. Eta, oraingoan, Josep Escobar eta Alexandre Cirici Pellicerren Érase una vez, Juzo Itamiren Tampopo, Basilio Martin Patinoren Nueve cartas a Berta, Nana Mchedlidzeren Pirveli mertskhali eta Charles Vanelen Dans la nuit filmak hautatu ditu; bostak edizio zaharberrituetan ikusteko aukera emango du.

Jaialdiak 2018an sortu zuen Klasikoak saila; aurten, lehen aldiz, animaziozko film bat hautatu du jaialdiak hartan proiektatzeko: Érase una vez... (1950). Escobar komikigileak —besteak beste, Zipi eta Zape pertsonaien sortzaileak— sinatu zuen film luze bakarra da; Cirici Pellicerrekin batera zuzendu zuen, eta Errauskine ipuinaren egokitzapen bat da. Zuri-beltzeko kopia bat baino ez zegoen, baina Kataluniako Filmategiaren, Luciano Berriatuaren eta Estela Filmsen laguntzaz egindako zaharberritzeari esker, jatorrizko koloreekin emango dute.

Horrez gainera, sailak Tampopo (1985) berreskuratuko du, Itamik zuzendutako western ukituko sukaldaritza komedia. 4K formatuan eraberritutako bertsioaren erabateko estreinaldia izango da. Martin Patinok jaialdiko Zilarrezko Maskorra lortu zuen Nueve cartas a Berta (1966) lanarekin. Espainiako Filmategiak zaharberritu zuen film hori, Portugalgo Zinematekako laborategietan, Cineric taldearen laguntzaz, eta erbesteratu baten alabaz maitemintzen den gizon batez mintzo da.

Beste klasikoetako bat Mchedlidze zuzendari, aktore eta gidoilariaren Pirveli mertskhali (1975) izango da, historiako lehen georgiar futbol taldearen sorrera kontatzen duena. Azkenik, Vanelen Dans la nuit (1930) lan mutua ere emango dute; aktoreak zuzendutako film luze bakarra da, eta hark antzeztu zuen protagonistaren rola. Joserra Senperenak pianoa joko du emanaldian, eta Cannesko eta Lyongo Lumiere zinema jaialdietako zuzendari Thierry Fremauxek aurkeztuko du saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.