Bulgaria, Moldavia, Turkia eta Ukrainako filmak WIP Europa sailean

Nadejda Koseva, Anatol Durbala, Selman Nacar eta Tonia Noyabrovak beren bigarren lanak aurkeztuko dituzte Donostiako 70. Zinemaldian

Noyabrovaren Ty mene lyubysh? / Do You Love Me? filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Erredakzioa
Donostia
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Bulgariako, Moldaviako, Turkiako eta Ukrainako lau ekoizpen hautatu ditu Donostiako 70. Zinemaldiak WIP Europa sailerako. Ekoizpenaren zatirik handiena Europakoa duten eta postprodukzio fasean dauden filmak biltzen ditu sailak, eta irailaren 19an, 20an eta 21ean emango dituzte. Herrialde bakoitzeko egile batek bere bigarren filma erakutsiko du.

Nadejda Koseva zuzendari bulgariarrak —Berlinalen, Sundancen eta Sarajevoko Zinemaldian izandako film laburrak zuzendu dituenak— bere bigarren film luzea aurkeztuko du, Klopka / The Trap izenekoa. Danubio ibaiaren ertzean dagoen herri bateko biztanle bat da filmeko protagonista, eta, atzerriko inbertsiogileek enpresa eskaera jakin bat egitean, funtsezko erabakiak hartu beharko ditu, zeinek barne gatazkak sortuko dizkioten. Kosevaren lehen film luzea Irina izan zen, eta Europako Zinema Akademiaren European Discovery sarirako izendapen bat lortu zuen.

Moldaviako aktore, muntatzaile eta errealizadore Anatol Durbalak ere bere bigarren filma erakutsiko du sailean: Varvara. Langile zintzo baten istorioa kontatzen du: dirua behar duenez bere haur jaio berri goiztiarraren bizitza salbatzeko, dilema handia izango du eroskeriak onartzeko aukera suertatzen zaionean.

Selman Nacar Donostiara itzuliko da Tereddüt Çizgisi / Hesitation Wound ekoizpen turkiarrarekin. Filmeko istorioa egun bakar batean gertatzen da, protagonistak —ama gaixorik duen abokatu kriminalista bat da, eta hartaz arduratu behar du— defendatzen duen gaizkileari epaia eman behar zaion egunean. Nacar Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen iaz, Iki ?afak Arasõnda / Between Two Dawns filmarekin, zeinak urtebete lehenago WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa saria irabazi zituen.

Ty mene lyubysh? / Do You Love Me? Tonia Noyabrova ukrainar zinemagilearen bigarren film luzea da, eta Kieven girotua dago, Sobietar Batasuneko azken urteetan. Filmeko protagonista nerabe bat da, banantzear dauden gurasoen sekretuen jakitun dena eta haiei kontra egiten diena.

Bestalde, Ion Borsen Carbon lana Zuzendari Berriak sailean izango da aurten, iaz WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa saria irabazi ostean.

Bi sari eskuratzeko aukera

Bi sari irabazteko hautagai izango dira lau ekoizpenak. Batetik, WIP Europa Industria Saria zinemaren arloko hainbat enpresak ematen dute, eta filmen postprodukzioa laguntzea du xede, bai ingelesezko eta gaztelaniazko azpitituluak sortuz, bai Espainian banatuz.

Halaber, sari hori lortzen duen filmaren ekoizle nagusiak WIP Europa saria irabaziko du, 10.000 eurokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.