Publikoari museoko ateak zarratzea

Bisitari kopuruaz bestelako adierazleak aldarrikatu ditu Miguel Zugazak, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak

Lourdes Fernandez eta Miguel Zugaza, Azkuna zentroko eta Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. M. RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
«Publikoari aterik irekiko ez bagenio ere, gure arte erakundeek izango lukete zentzua, museoetan materialki eta intelektualki babesten dugulako artea». Behin baino gehiagotan azpimarratu zuen atzo bisitari kopuruaren adierazleaz harago joateko beharra Miguel Zugazak, Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariak, Adype Euskadiko Zuzendari eta Profesionalen Elkarteak Bilboko Domine hotelean antolatutako hitzaldian. Kontuan hartzeko datu bat da, haren ustez, baina okerra litzateke museo baten arrakasta edo porrota ikuspegi horrekin bakarrik neurtzea; horregatik museoko ateak ixteari buruzko boutade moduko hori. Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izan zen 1996tik 2001ra; Espainiako Gobernuaren kolore aldaketak gorabehera, Madrilgo Prado museoko zuzendari iraun zuen gero, 2002tik 2017ra arte, eta urtebete darama orain berriz ere Bilboko erakundea zuzentzen. Erakunde horren garrantzia nabarmendu, eta espazio beharrean daudela aldarrikatu zuen atzo. «Espazio gehiago behar du museoak, baldin eta egun duena baino rol garrantzitsuagoa izan dezan nahi badugu».

Museoak 110 urte beteko ditu aurten, eta, horregatik, Zugazak anglo-saxoiek galeria nazional deitzen duten eredua ikusten du Bilboko museoan. «Hiriaz harago heldu, eta komunitate oso bat irudikatzen du. Udalaren, aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa duen autonomia erkidegoko erakunde bakarra da. Hiria gainditzen duela frogatzen du horrek». Are gehiago: zuzendariak lehen postuetan kokatu zuen museoa Euskal Herriko museo sarean. «Objektiboki, euskal-akitaniar eskualde osoko museorik garrantzitsuena da, edo bai behintzat bisitari gehien jasotzen dituena, Guggenheimen atzetik».

Euskal artearen garapena ikusi nahi du publikoak Bilboko Arte Ederren Museoan, zuzendariaren arabera, eta erakundeak garapen hori eskaini behar luke, haren ustez. «Badaude Europako edo Espainiako arteari eskainitako bilduma hobe edo okerragoak dauzkaten museoak, baina, euskal artea ezagutu nahi izanez gero, museo honetara etorri behar duzu. Eta esango nuke Guggenheim museoaren bultzadaz hirira datorren publiko soziologia berri hori ere horren bila datorrela museo honetara. Gutxi dira oraindik museo batetik besterako urratsa egiten dutenak, baina datozenak horren bila datoz».

Ilarak helburu ez bihurtzea

Bukatu, Arte Ederren museoari bira osoa ematen zion jende ilara luze baten iazko argazkiarekin bukatu zuen hitzaldia Zugazak. «Horrek demokraziak arteangaraitu duela irudikatzen du ». Baina, osterantzean, kritiko mintzatu zen arrakasta bisitari kopuruaren arabera neurtzearekin. «Museo batek ez ditu ilarak bilatu behar. Animatu behar dugu jendea etortzera eta gure ekintzekin disfrutatzera, baina ezin dugu bisitari kopurua bihurtu erakunde publiko eta kultural baten osasunaren neurgailu. Egin daiteke lana bi norabideetan».

Ekonomia ere izan zuen mintzagai, eta datu sorta batez lagundu zuen azalpena puntu horretan. Zugazak zehaztutakoaren arabera, museoak 8,9 milioi euroko aurrekontua izan zuen iaz orotara, eta patronatuko kideek jarritakoak dira kopuru horretako bi milioi. Halaber, azaldu zuen azken urteetan %50eko autofinantzaketa maila lortu dutela, eta, sarreren bidez 600.000 euro jasotzetik, 1,2 milioi euro biltzera pasatu direla. Eta bisitari kopurua ere aipatu zuen. «Duela 15 urte, museoko zuzendari nintzenean, museoak 120.000 bisitari inguru izaten zituen, eta orain 300.000 bisitarira heldu gara».

Guggenheim efektuak museoen kontu ekonomikoetan izandako eragina ere azpimarratu zuen. «Enpresa ere badira», laburbildu zuen. «Museo tradizionalei asko kostatu zaie hori onartzea, eta uste dut Guggenheimek bultzada handia eman zigula. Hari esker ulertu genuen baliabideak behar dituzten erakunde konplexuak garela, eta baliabide horiek batzuetan alor publikotik datozela, baina beste batzuetan beste iturrietara ere jo behar dela. Lan hori ere zuzendaritzaren lanaren parte da».

Autore-zuzendaritzak

Zugaza kritiko aritu zen berak «autore-zuzendaritza» izendatu zituenekin ere. «Ez zaizkit batere gustatzen. Zuzendariaren nortasunak, intentzioak eta are zaletasunek gehiegi markatutako museo asko daude, eta zuzendari batek gai izan behar du proiektuak aurrera eramateko, baita haiekin bat egiten ez duenean edo interesatzen ez zaizkionean ere, baldin eta proiektu horiek museoarentzat eta komunitatearentzat interesgarriak badira».

Ordu eta erdi iraun zuen hitzaldi horretan, zuzendariak gutxienez lau aldiz egin zion erreferentzia museoa zabaltzeko beharrari. Jadanik martxan dituzte ikerketak, eta, Zugazak iradoki zuenez, eraikin zaharraren aurrealdea baliatzea litzateke onena, bere ustez; izan ere, hartara hiriaren bizkarrezur bilakatu den itsasadarrerantz zabalduko litzateke museoa. «14.000 artelan ditu museoak, eta aukera du erakusten dituenak baino gehiago erakusteko. beraz, biltokirako espazioa behar du kontserbaziorako, baina baita erakusketarako espazioa ere».

Bestalde, atzoko hitzaldiak agur kutsua ere izan zuen. Izan ere, Lourdes Fernandez Azkuna Zentroko zuzendaria izan zen saioko moderatzailea, eta, orain aste bete jakin zenez, Fernando Perezek hartuko du haren lekua hemendik aurrera. Fernandezek egindako lana ere txalotu zuen Zugazak. «Lan bikaina egin du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.