Albistea entzun

Klaudio Landa. ETBko aurkezlea

«Jatekoarekin maitasuna lor daiteke»

ETB1en 'Jateko modukoa' aurkezten du Landak, ostegun gauetan. ETB2n, berriz, 'En kuadrilla', ostiraletan. Aurkezleak azaldu du «alde emozionala» dutela komunean.
ETB Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko maiatzak 20

Hogei saio baino gehiago aurkeztu ditu ETBn Klaudio Landak (Ea, Bizkaia, 1967). Askotariko telebista formatuei heldu die urteotan, eta «erronken zalea» dela nabarmendu du.

Saio batzuk kentzen dituzte, eta beste batzuk jarri. Ohituta zaude horretara, ezta?

Ba, bai, bizitzan bezala. Bizitzan ere horrela gertatzen da: joan eta etorri ibiltzen dira elementuak eta pertsonak.

Jon Abasolo Jateko modukoa saioko zuzendariak esan zuen ETB1eko programa berrian «alai» eta «lasai» zaudela.

Alaitzeko eta lasai egoteko moduko saioa da niretzat. Oso gustura nabil. Gaineratuko nuke eroso sentitzen naizela.

Erresuma Batuko formatu bat da. Ondo egokitu al duzu?

Iruditzen zait formatuan aldaketa oso egokiak egin direla. Antzematen nuen saio egokia izan zitekeela nik aurkezteko. Nabarmendu behar da lantaldea egiten ari den ahalegina. Giro ona dugu Jateko modukoa programan, eta hori islatu egiten da emanaldian.

Grabaketak nolakoak dira?

Oso luzeak, egun osokoak. 09:00etan iristen naiz platora, eta 23:00ak arte hor egoten naiz. Giro onik ez balego, ezinezkoa litzateke horrelako saio bat egitea.

Saioaren muinera joz, jatekoaren bitartez konkista al daiteke pertsona baten bihotza?

Akaso, bai. Baina kasu batzuetan. Nire familian, esate baterako, jatekoari eta kozinatzeari garrantzi handia ematen zaio. Ez da bakarrik sabela betetzea: emozioak lantzen dira hor. Nire kasuan, maitasuna lor daiteke, bai.

Lander Arretxea BERRIAko kritikariak aipatu zuen ez zela kontu makala telebistan haien maite jolasak haizatzeko prest dauden 48 euskaldun topatzea. Eta saioak lortu du, ezta?

Lantaldearen meritua da, casting zoragarria egin dutelako. Atal bakoitza grabatzera joatean konturatzen naiz zer jende zoragarria dagoen. Gogotsu etortzen dira parte hartzaileak: dibertitzeko, kozinatzeko eta jende berria ezagutzeko gogoz.

Gazteak dira Jateko modukoa-n parte hartzen dutenak. Kameraren aurrean agertzeko aurreiritzi gutxiago dituzte?

Ikus-entzunezkoen arloan nabaritzen da belaunaldi berriek beste kudeaketa bat egiten dutela. Sare sozialetan ere bai. Gauzak aldatuz doaz, eta hori onerako dela esango nuke.

Lehen denboraldian hamabi atal ziurtatuak izatea ez dago gaizki gaur egun, ezta?

Ez, ez. Apustu bat dago hor, eta ETBk eta ekoiztetxeak ikusi dute hori egitea posible dela.

ETB2ko En kuadrilla desberdina da. Hainbat lagun ageri dira platoan, baina zein da xedea?

ETB1eko saioarekin komunean du alde emozionala, sentimenduak azaltzen dituela. En kuadrilla ostiral gauetarako formatu bat da, osagai desberdinekin. Jendearen bizitza eta gorabeherak ezagutzeko aukera izaten dut programa horretan. Ezustekoen osagaia ere garrantzitsua da.

Lehen atalean, mutil batek bere bikotekideari ezkontzeko eskaera egin zion platoan. Ezkontza saioan bertan egingo al da?

Bai, platoan ezkonduko dira, eta antolaketan hasi gara. Gaur gauean ikusiko da prestaketak nola doazen. Ezkontzaren data iragarriko dugu gaur.

Negar malko bat baino gehiago botatzen da saioan, ezta?

Neureak ere bai. Berez ateratzen dira malkoak. Hunkitu egin nintzen aurrekoan biloba baten eta bere amonaren harremanarekin.

Aspaldian elkarrekin hitz egiten ez duten seme bat eta aita bat adiskidetu zintezen saiatu zineten. Ez zen ondo atera, ordea.

Ez, hala da. Horrelakoak ere gertatuko dira. Zergatik? En kuadrilla-n gertatuko diren gauzak ez daudelako antolatuta, platokoek ez dakitelako zer gertatuko den.

Lerro gorririk badago?

Bai, badaude. Norberak nahi duena kontatuko du. Guk ez dugu ezer behartu nahi.

Aurten ez da Baserria egingo.

Saioak asko eman zidan profesionalki eta arlo emozionalean. Formatua bera zoragarria da.

EITB sortzeko legea onartu zela 40 urte beteko dira gaur. Zer eskatzen diozu EITBri etorkizunari begira?

Erronkei aurre egitea. Lekuko izateaz gain parte hartzailea baldin banaiz, are hobeto.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bertsolariak koplatan, Azpeitiko taberna batean. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Giroa epeltzeko, bertsoak

Amaia Jimenez Larrea

Azpeitian ospatu da Bertso Eguna, bertsolarien eta bertsozaleen arteko topagunea. Berrikuntzak izan ditu aurten: arratsaldeko ekitaldiaren ordez, afaria eta saio nagusia izan dira Elikagunean.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Milioika gauza txar ekoizten dira, eta zenbait onak: hori da orain artisautza»

Amaia Igartua Aristondo

1857koa da Gorostiaga denda, eta bide gorabeheratsua izan du, Pirlaren arabera: 1920an, arrakasta; ondoren, gainbehera; sarri uholdeek erasan diote, eta, azkenaldian, ekoizpen industrialak.
Pamela Anderson Kanadako aktorea, <em>Pamela, a love story</em> dokumentalaren fotograma batean. ©NETFLIX

Andersonek hitza hartu du

Urtzi Urkizu

Netflixek 'Pamela, a love story' dokumentala estreinatuko du asteartean. Lan horretan, Pamela Anderson aktoreak bere bizitzaren errepasoa egiten du. Memorien liburu bat ere idatzi du.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...