Egiarekin eraikitako fikzioa

Ederraz eta sublimeaz hausnartu du Fernando Masellik Nafarroako Unibertsitateko museoan dagoen 'Infinitu artifiziala' argazki erakusketan

Fernando Maselliren Infinitu artifiziala erakusketan ikus daitezkeen argazkietako bat. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Txiki. Horrela sentitzen da Fernando Maselli argazkilaria (Buenos Aires, 1978) mendira joaten denean. Sortzez hirikoa izan izanik, «izugarri erakartzen» du naturak. Eskalada ikastaro bat egin ondotik hasi zen mendira joaten. Gailurrera igo eta begien aurrean ikusten duen «handitasuna» harrapatu ohi du argazki kameraren bitartez. Zuri-beltzean egindako argazkiekin, Infinitu artifiziala erakusketa osatu, eta, argazkilaria mendian bezala, bisitariari ere «txiki» sentiaraztea eragiten dio. Apirilaren 15era arte bisitatu ahal izango da, Nafarroako Unibertsitateko museoan.

Ia margolari baten moduan egiten du Masellik lana. Ez da kasualitatea. Margotzen eman baitzituen artearen munduan lehen pausoak. Ikatz ziriz margotutako gorputz biluzien inguruan egin zituen lehen lan artistikoak. Hala, margolaria kanpora inspirazio bila irteten den bezala, Maselli mendira joaten da gaur egun, argazkiak atera, eta, gero, buruan duen paisaia estudioan konposatzeko. Argazki kamerarekin izoztutako irudiak bata bestearen ondoan jarriz, irudi berriak eraikitzen ditu, paisaia bateratua eratuz. Hala ere, bisitariarentzat zaila da «artifizioa» non dagoen ebaztea, artistak espresuki jakinarazi ezean. Horregatik, zintzoki jokatzen du, hasieratik argi uzten baitu argazki horietan ikusten dena ez dela «egiazkoa», nahiz eta hala iduri duen.

Paisaien bilatzaile nekaezina da, baina argazkien bitartez erakusten duen horretan ez da paisaia bakarrik ageri:etengabekoak dira pinturari, literaturari, filosofiari edota estetikari egiten dizkion erreferentziak. Agerikoak ez diren paisaiak izoztu nahi izaten ditu kameraren bitartez. «Bilatzen dudan hori topatu ahal izateko, ibilbide luzeak egin behar izaten ditut; sarritan, egunak irauten du bilaketa lanak», onartu du artistak. Tokien bilaketa horretan aritzen da ederra eta sublimea kontzeptuen adibide fisikoen bila. Hain zuzen ere, artistak duen kezka horren iturburua da Hirofaniak seriea. Duela bost bat urte egindako lana da, eta orduan paisaiari ia jainkozko izaeraren aitortza egin zion.

Edmun Burke filosofo eta idazle irlandarra (1729-1797) izan da ederra eta sublimea ezberdintzen lagundu dioten autoreetako bat. Argitu du erreferentzia bat izan dela Indagación filosófica sobre el origen de nuestras ideas acerca de lo Sublime y lo Bello liburua (Sublime eta Eder denaren inguruan ditugun ideien jatorriaren gaineko ikerketa filosofikoa). «Naturaren ezaugarri fisiko zenbait aztertzen ditu Burkek, eta baita horrek gure garunean dituen eraginak ere. Eragin horietako bat da ikusten dugun horren zentzu sublimea». Hala, Burkek emandako definizioak abiapuntu modura erabili ditu artistak, eta sublimea denaren ikerketa propioa gauzatu du Infinitu artifiziala erakusketaren bitartez.

Nafarroako Unibertsitateko museoko Ortiz-Etxague aretoan ikus daitezkeen argazkiak handiak dira, artistak intimotasunetik ihes egin nahi duelako. Haren iritziz, tamaina txikiko irudietan ia saihetsezina da intimotasuna. Horregatik, «inolako zalantzarik gabe» egin du tamaina handiko irudien alde. «Mendian zeure buruarekin lehiatzen zara. Neurritasuna bilatzen da, baina aurkitzea oso zaila da askotan», dio artistak. Modu horretan, mendian dagoenean berak sentitzen duen «txikitasun» sentimendu bera argazkiaren ikusleak ere sentitzea nahi du.

Pirinioetako, Alpeetako edota Argentinako glaziarretako argazki «sublime» horietan ez du kolorerik erabili: «Zuri-beltza erabilita, konposizioa bere baitan bakartu, eta naturaren handitasunak eragiten duen zentzumenen hautematean zentratu naiz».

Antolatzea ezinbestekoa

Sublimea denaren bilaketa ez da batere erraza izan Masellirentzat. Mendian ibiltzen ez zekienez, eskalada ikastaro trinko bat egin behar izan zuen. Inoren laguntzarik gabe, bakarrik joaten da mendira. Funtzionatzen dion metodologia erabiltzen du lanerako. Bi aldiz igotzen da normalean. Lehenengoan, kamerarekin irudiak grabatzen ditu; bigarrengoan, berriz, argazkiak egiten ditu. «Igo nahi dudan mendirako ibilbidea antolatzen dut, eta, gero, nolako argazkiak egin ditzakedan pentsatzen dut», azaldu du. Behin kamerarekin nahi adina argazki eginda estudioko lana hasten dela argitu du. «Irudiak zatituz, errepikatuz, ugarituz eta bolumenak bata bestearen gainean jarriz sortu ditut erakusketako argazkiak». Hortaz, argazkilaritzara egokitu du beste arte adierazpen batzuetan horren ohikoa den collage teknika. Ziurrenik, beste diziplinetan baino modu sotilagoan gauzatu du teknika hori, gainera.

Bestalde, museoko dorrean dagoen erakusketaren izenburu bera duen liburu bat kaleratu dute. Ikusgai dauden argazkiak jaso dituzte bertan, zuri-beltzean guztiak. Ez da ohiko tamainako liburua; handia da oso. Kasu horretan ere, ederrarena baino gehiago, «sublimearen sentimendua» eragin nahi izan duela azaldu du artistak. Izan ere, ikusten den hori sublimea dela ohartzean, barnean sortzen diren arrakalek eta sentimenduek erabat harrapatu dute artista. Adierazi du ildo horretan kokatuko direla heldu den proiektuetan ere egin nahi dituen bilaketa lanak. «Niretzat sublimearen bilaketa droga baten modukoa da. Txikitasunetik handitasuna behatzea da benetan interesatzen zaidana, bai pertsonalki, bai nire obra ikusten dutenentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.