Albistea entzun

Vicent Partal. 'Vilaweb'-en sortzailea eta zuzendaria

«Nazioarteko informazioa lehen baino gehiago landuko dugu»

Katalanezko 'Vilaweb' hedabide digitala 25. urteurrena ospatzen hasi da. Partalek azaldu duenez, barneko estilo liburua paperean argitaratuko dute laster. Azkeneko asteetan harpidedun ugari bereganatu dituzte.
DANI CODINA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2020ko maiatzak 16

El Temps astekariaren sortzailea izan zen Vicent Partal (Betera, Herrialde Katalanak, 1960). European Journalism Center zentroko presidentea da. Igandeetan BERRIAn idaztea «sekulako pribilegioa» iruditzen zaio.

1995ean, Internet hastapenetan zegoen. Zer asmo zenituzten Vilaweb sortu zenutenean?

Une hartan oso jende gutxi zegoen munduan kazetaritza Interneten egiten. Esperimentuak baino ez zeuden; gu ere esperimentatzen genbiltzan. Pentsatzen genuen iraultza bat izango zela, eta hala izan da. Bestalde, garai hartan ez geunden gustura egiten genuen lanarekin; kazetaritza askeagoa nahi genuen, eta saiatu ginen ea sare berri hartan teknologiak ahalbidetzen zigun hori egiten. 1995ean, dena den, ez genuen arrastorik zer demontre egiten ari ginen; pentsatu genuen igerilekuan ura bazela eta igerileku horretara egin genuen salto, jakin gabe nola egiten zen igeri.

Gero, hedabide gehienak sartu ziren Interneteko igerileku horretan. Nolako bilakaera izan zuen Vilaweb-ek?

Kazetaritza digitalaren lehen etapa esperimentuz beteta egon zen, aitzindari batzuekin, eta 1995etik 2004ra iraun zuen. 2004ko martxoaren 11ko atentatuen eguna oso garrantzitsua izan zen; egun horretan jabetu ginen komunikabide tradizional handiekin lehiatu gintezkeela.

Vilaweb-entzat azkeneko urteetan zer garrantzi izan du harpidedunen eta irakurleen komunitateak?

Oinarrizkoa izan da hori. 2004an bertan, harpidetza eredu bat jarri genuen martxan. 11 urtean, soilik 2.000 harpidedun bereganatu genituen; gaur egun, 19.000 harpidedun inguru dauzkagu. Jauzia ikusgarria izan da, beraz. Kazetaritza irakurleek ordaindu behar dutela planteatzen genuen. Eskatzen diegu ordain dezaten, ahal badute, irakurle gehiagorengana iritsi gaitezen. Ardura sozial moduan, iruditzen zaigu ahalik eta informaziorik onena eskaini behar diogula mundu guztiari. Irakurleen ehuneko batek ulertzen baldin badu gure egunkariak duen borroka soziala gizarte hobeago bat lortzeko, haiei eskatzen diegu ekarpen bat egiteko, baliabideak izan ditzagun. Ilusio handia egin zigun BERRIAk BERRIAlagunen eredua martxan jarri izanak. Guk ez dugu egunkari bat egiten irakurleentzat: irakurleekin batera egiten dugu egunkaria. BERRIAk ere eredu hori ondo ulertu du.

Azkeneko hilabeteetan, harpidedun kopurua beherantz ala gorantz doa?

Koronabirusaren krisiarekin, beste eztanda bat izaten ari gara goranzko bidean. The New York Times-eko arduradunek azaltzen dute nola Donald Trumpek bozak irabazi zituenean jauzi erradikal bat izan zuten harpidedunen kopuruan. Eztandaren unea aipatzen dute. Guk bi eztanda izan ditugu: aurrenekoa, 2015etik 2017ra, Kataluniako prozesu independentistaren eta erreferendumaren bueltan; eta bigarrena koronabirusarekin iritsi da. Asteotan informazio oso ona eta oso kritikoa eman dugu, eta irakurle eta harpidedun kopuruaren gorakada ikusgarria izan da.

25. urteurrenaren harira, estilo liburua argitaratuko duzue.

Hizkuntza, guretzat, erantzukizuna da. Gai horretaz asko ikasi dugu BERRIAren lanetik. Hizkuntza eredu modernoa eta argia erabili izan dugu, erraz ulertzekoa baina literatur kalitatea duena. Askotan eskatu izan digute gure barneko estilo liburua argitaratzeko. Atzo zen berez ateratzekoa, baina atzeratu egin behar izan da, eta espero dugu laster paperean argitaratu ahal izatea.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronkak?

Bi lerrotan sakontzen saiatzeko asmoa dugu. Batetik, ahaleginduko gara irakurleek eta harpidedunek gehiago parte har dezaten. Adibide moduan, pandemiaren asteotan harpidedunak diren medikuek ikaragarri lagundu gaituzte. Bestetik, informazioan fokua zabalduko dugu, hau da, nazioarteko informazioa lehen baino gehiago landuko dugu. Irakurleak asebete nahi ditugu, modu horretan ez dezaten beharrik sentitu ingelesezko egunkarietara joateko. Azkeneko asteetan 30-40 elkarrizketa egin ditugu munduko zenbait pertsona ospetsurekin —tartean Noam Chomsky filosofoa eta Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohia—. Nahi duguna da globalizazioaren begirada ez dadila hirugarren batzuen bidez pasatu, baizik eta irakurlea katalanez iritsi ahal izatea horretara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MICHEL OCELOT

«Zuei on egitean datza ene ofizioa»

Ainize Madariaga

'Le Pharaon, Le beau sauvage et la Princesse' animazio film berria aurkeztuko du Ocelotek bihar Baionan. Zati bat Egiptoko marrazki lauak animatuz egin du. Kiriku pertsonaiak egin zuen ezagun Ocelot.
 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Zientzialariek lehen lerroan jarri behar dute, ekintzaile izan»

Jakes Goikoetxea

Zientzialariak laborategietatik mobilizazioetara pasatzea nahi du Scientist Rebellionek, klima larrialdiaren kontra eredu izateko eta egoeraren larritasuna gizartera iristeko.
Malen Altuna eta Aitziber Grados, grabaketan. ©OIHANE ALONSO ESCUDERO

Umorea eta entretenimendua Gaztea irratiaren podcast berrian

Olatz Silva Rodrigo

'Benetan zabiz?' podcasta estreinatu du EITBko irratiak. Aitziber Grados Muñoa eta Malen Altuna Biteri dira aurkezleak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...