Euskarazko lehen zeluloidea

'Gure sor lekuaren bila' dokumentala banatu du gaur BERRIAk.Historiako euskarazko lehen filmaren eta haren bilaketaren berri ematen du

Andre Madre zinemagilearen Gure sor lekua filmaren emanaldia 2013an, Hazparnen. BOB EDME.
Inigo Astiz
2015eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Estreinatu eta desagertu. 1956an eskaini zuen lehenengoz Andre Madre zinemagileak Euskal Herriari buruz euskaraz filmatutako dokumentala, Hazparnen (Lapurdi). Historiako euskarazko lehen filma. Gure sor lekua deitu zuen lana zinemagileak, eta hurrengo hilabeteetan Ipar Euskal Herriko herrietan, Parisen, San Frantziskon eta Dakarren proiektatu, eta desagertu egin zen filma gero, kolpean. Hilabete gutxiko dirdira, eta urteetako iluntasuna. Josu Martinez zinemagile eta ikerlariak erreskatatu zuen ahanzturatik 2013an. Partez, behintzat, audiorik gabe topatu baitzuen euskarazko lehen film haren kopia. Mutu, beraz, zeluloidean filmatutako lehen euskarazko hitzak. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen Martinezek film haren historia eta hura bilatzeko prozesua kontatzen duen dokumentala, Gure sor lekuaren bila, eta gaur doan banatu du BERRIA egunkariak.

«Borroka bakarra bidea da». Horra Martinezen lelo nagusietariko bat, eta, hain zuzen ere, euskarazko lehen film hura topatu arterainoko bidea da horregatik dokumentalak erakusten duena. Madrek idatzita utzi zuenez, 1953ko euskararen egunean erabaki zuen euskarazko film bat egitea, eta 2015eko euskararen eguna hautatu dute horregatik Martinezek eta Tentazioa Produkzioak ekoiztetxekoek euskarazko lehen film haren kopia etakopia hura topatzeko egindako bidaia kontatzen duen dokumentala banatzeko. Biak batera: bidea eta helmuga.

Ordu eta erdiko koloretako dokumentala da Madreren Gure sor lekua filma, eta argi zuen bere ikuslearen soslaia: diasporako euskaldunak. Herrimina arindu nahi zien Euskal Herritik kanpo bizi ziren euskaldun haiei zinemagileak, eta horregatik eraman zuen Euskal Herri osoko txoko guztietara bere kamera. Festak ageri dira horregatik pelikulan, nekazariak, arrantzaleak, kirolak... Batetik bestera garraiatu eta proiektatu ahal izateko moduko herri bat osatu nahi izan zuen Madrek bere filmarekin, funtsean: euskalduna non, Euskal Herria han. Martinezek badu bere hipotesia: «Madre ere kanpoan izan zen, eta agian horregatik egin zuen sorterritik urrun zegoen jendearentzat filma. Berak ere sentitu zuelako herrimin hori».

Jean Elizalde Zerbitzari idazle, apaiz eta euskaltzainak idatzi zituen filmerako hitzak. Testu horiek dira Gure sor lekua filma euskarazko lehen film bilakatzen dutenak, baina testu horiek falta dira, hain justu, Martinezek topatutako kopian. Garai hartako prentsak filma euskarazkoa zela dio, eta filma euskaraz zela gogoratzen dute lekukoek ere, baina hori da paradoxa gaur egun: euskarazko lehen filmean ezin euskararik entzun.

Umore tantak

Hori konpondu eta pelikularen kopia soinudun bat aurkitzeko lagungarri izango zelakoan, 2013. urteko abenduaren 20an filmaren bertsio laburtua aurkeztu zuen Martinezek, Hazparnen. Zinegin Euskal Zinemaren Festibalean egin zuten proiekzioa,eta Joserra Senperenak espresuki saio hartarako konposatutako musika txertatu zioten emanaldi hartan Xare Laborategiko Hertz ganbera laukoteko kideek.Saio hark ez zuen kopia soinudunik ekarri, baina musikatutako filmaren bertsio hori banatu du orain BERRIAk Gure sor lekuaren bila dokumentalarekin batera.

Ikerlan beste sorpresa izan ditu bidean Martinezek. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioeta Publizitate Saileko NOR ikerketa taldean abiatu zuen ikerketa zinemagileak, baina, prozesu horretan gauza bitxiak gertatzen ari zitzaizkiola oharturik, kamera piztu eta bilaketa prozesua grabatzen hastea erabaki zuen. Doktore tesian oinarritutako Gure (zinemaren) sor lekua liburua kaleratu zuen lehenik, eta Gure sor lekuaren bila dokumentala estreinatu zuen gero Donostiako Zinemaldian. Harrera ona izan zuen lanak publikoaren artean, eta dokumentalaren umorea nabarmendu zuten askok. Julen Gabiria idazleak, esate baterako: «Istorio itzela, dokumentazio sakona, musika aparta eta irri galantak».

Madreren nondik norakoak ere kontatzen ditu dokumentalak. Zinemagile izateaz gainera, armadako kapitain ere izan zen hazpandarra Bigarren Mundu Gerran, eta Alemanian Hitlerrekin bildu zela ere ikus daiteke dokumentaleko irudietan. Afrikan ere izan zen, gerora, eta, Martinezen ustez, kanpoan emandako garai haietan izaniko herrimin hark bultzatu zuen gerora Gure sor lekua filmatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.