Krisiaren ondotik, indartuta

Lau urte diskorik kaleratu gabe egon ondoren, Mielotxin folk taldeak 'Alan Lomax in memoriam' diskoa aurkeztuko du bihar, Barañainen

Ismael Yague, Iñigo Agerri, Xavi Foch eta Salva Tarazona dira egun Mielotxin taldea osatzen duten lau lagunak. BERRIA.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Azken urteetan izan dituen «gorabehera handiak» direla medio, agertoki eta grabazio estudioetatik apur bat aldenduta egon da Mielotxin folk taldea. 2013an ia urtebeteko etenaldia egin zuten, hausnartzeko. Horri esker «indarberritu» ondoren, oholtzetara eta grabazio estudioetara itzuli nahi zutela erabaki zuten. Hala, zazpi urte diskorik grabatu gabe egon eta gero, Alan Lomax in memoriam diskoa grabatu zuten iragan apirilean,Oiartzungo (Gipuzkoa) MECCA estudioetan, eta, bihar, aurkezpen modura, musika eta dantza uztartuz, ikuskizun bat egingo dute Barañaingo (Nafarroa) auditoriumean.

Alan Lomax etnomusikologo estatubatuarrak 1952an Euskal Herrira egindako bidaia batean egin zituen grabazioak dira Mielotxin taldearen lan berriaren oinarri. Iñigo Agerri taldeko abeslari eta soinu jotzaileak esan duenez, ikerketa « handia» egin dute lan berria gauzatu ahal izateko. Lomaxek Nafarroako hainbat herritan egindako grabazioak aztertu dituzte: besteak beste, Elizondon, Arbizun eta Erratzun. «Herriko kanta asko grabatu zituen, baina guk hiru kantu hautatu, horiek moldatu eta gurera ekarri ditugu», dio Agerrik. Gaineratu duenez, Alan Lomaxek euskal kulturaren ezagutzaren alde egindako lanaren aitortza modura jarri diote diskoari haren izena.

Lan berriaren bitartez taldea «hauspotu» nahi dutela adierazi du Agerrik. Aitortu du kontratazioak «asko jaitsi» zirela 2010ean, azken diskoa kaleratu zutenean. «Krisia guri ere iritsi zitzaigun, eta oso kontzertu gutxi ematen genituen». Ondorioz, kideek taldeko proiektua apur bat alboratu, eta bakarkako bidearen aldeko apustua egitea erabaki zuten. Gainera, lehen boskotea zena laukotea da orain. Dena den, taldea «indartuta» dagoela irizten dio Agerrik, eta horren isla dela lan berria. Kontratazioei dagokionez, aldaketak badirela uste du. «Sumatzen da krisi ekonomikoa gainditzen ari garela, poliki bada ere. Badirudi udalek kontratatzeko gogo handiagoa dutela».

Aro berri bati hasiera emateko modurik onena lan berri bat grabatzea dela ebatzita, Mielotxin taldeko kideek disko berria diseinatzeari ekin zioten iragan urtean. Hala, aurreko hiru lanetan ez bezala, zuzenean grabatzea erabaki zuten. «Musikari guztiek aldi berean jotzea nahi genuen, horrek sortzen duen freskotasunagatik». Hala, aukera hori ahalbidetuko zuen estudio baten bila hasi ziren. Hainbat aukera aztertu ondotik, Oiartzungo MECCA estudioetan grabatzea erabaki zuten. Apirilean grabatu zuten, eta emaitzarekin oso pozik daudela esan du Agerrik. «Oso aberasgarria izan da musikari guztiak aldi berean aritzea estudioan».

Folk doinua oinarri duten hamabi abestiz osatutako diskoa aurkeztuko dute bihar, Barañainen. Mota guztietako abestiak dira, batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz. «Gu nafarrak garenez, gure musikaren bitartez, hemengo errealitatea islatu nahi izaten dugu. Horregatik, euskaraz eta gaztelaniaz abesten dugu», azaldu du Agerrik. Abesti berriak badiren arren, euskal tradizioan oso ezagunak diren abestien moldaketak ere jaso dituzte disko berrian, Akerra eta Horra kantuak, kasurako. Iñigo Agerrik iragarri duenez, aurkezpen emanaldia ez da kontzertu soila izango. Besteak beste, Iruñeko Hutsun txalaparta taldeak eta Atarrabiako Lauarin dantza taldeko kideek hartuko dute parte.

Merkatuen aukera

Biharko ekitaldiaz gain, epe motzera begira hainbat proiektu dituzte esku artean, euren proiektua ezagutarazteko, batez ere. Esaterako, duela pare bat aste Bulgariako Varna hirian izan ziren, kultur eragileen merkatu batean. Esperientzia oso ona izan dela aitortu du Agerrik, Mielotxinek nazioartean oso harrera «ona» duelako. Hain zuzen ere, azaroan, halako zerbait egiteko asmoa dago Iruñean. Nafarroako Gobernuak, beste hainbat erakunde eta eragilerekin batera, 948 Merkatua antolatu du azaroaren 15 eta 16rako: arte adierazpen ezberdinetan beharrean aritzen diren profesionalek elkar ezagutzea xedea duen egitasmoa. Mielotxin taldeak proiektu horren barruan izango diren kontzertuetan parte hartzeko hautagaitza aurkeztu duen arren, ez dago hautatutakoen artean. Hala ere mahai bat izango du Geltokian, Iruñeko autobus geltoki zaharrean egingo den azokan. «Gure musika eta batez ere gure ikuskizuna saltzea izango da asmoa. Mielotxinek nazioartean duen harrera ona hemen ere izatea espero dugu», esan du Agerrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.