Albistea entzun

Amaia Goikoetxea. Kazetarien Euskal Elkargoko dekanoa

«Zorroztasuna funtsezkoa da kazetaritzan»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kazetarien elkargoko dekano eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidente izendatu dute Goikoetxea. Dioenez, kazetariek baldintza onak behar dituzte.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko urtarrilak 25

Kazetaritzan eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da Amaia Goikoetxea (Bilbo, 1958). SER irratian hasi zuen kazetari ibilbidea. Oposizioak gaindituta, Eusko Jaurlaritzan hasi zen lanean —han aritu da urte luzez, eta han ari da egun—. BERRIAren euskarazko galderei gaztelaniaz erantzun die, telefonoz.

Ilusioz hartu duzu izendapena?

Bai, iruditzen baitzait talde oso indartsua daukagula. Eroso sentitzen naiz alboan dudan jendearekin. Bokazio handiko kazetariak gara elkartean gaudenak, gehienak emakumezkoak. Pozik nago. Orain iritsi da pauso bat aurrera emateko garaia. Ni naiz dekanoa, baina ez nuke nahi agintaldia presidentzialista izatea.

Ez da garai gozoa kazetaritzarentzat, ezta?

Ez, garai zaila da, ez bakarrik osasun larrialdiagatik. Kazetaritzak arazo larriak ditu. Guk gure aletxoa jarri nahiko genuke ogibidearen defentsan. Kazetaritza funtsezkoa da, eta kazetaritza ona behar dugu. Gure herritik egin behar dugu hori, Euskaditik. Gure eremua Euskadi da, eta konplizitateak eraiki behar ditugu beste elkarte batzuekin.

Zer aldaketa nagusi egin nahiko zenituzke elkargoan?

Azkeneko urteetan, lan interesgarria egin da elkargoan, ez gara ezerezetik iritsi. Kazetarien komunitatean giharra falta da, artikulaziorik eza dago, eta erremedioa jarri behar zaio horri. Euskal Kazetariak sarien banaketan elkartu ohi gara, baina urtean behin biltzea baino harago joan behar du kontuak. Elkargoko nire lan hau boluntarioa da. Bilbon dugu egoitza, eta Arabako eta Gipuzkoako gizarteetan gehiago murgildu beharko genuke.

Zer harreman duzue Iparraldeko eta Nafarroako kazetariekin?

Iparraldekoekin orain arte batere ez. Nafarroakoekin badugu harremana, Espainia osoko erkidegoetako elkargoen sare bat osatu delako. Sare horretakoak Madrilera joan ginen, alderdi politikoekin elkartu, eta eskatu genien kazetari elkargoen kontseilu orokor bat sortzeko. Baina gobernua aldatu zen, eta gaia geldirik dago,

Kargua hartu eta berehala idatzi duzu agurra. Kazetaritza pedagogia aipatu duzu. Nolako pedagogia sustatu nahi duzu?

Unibertsitateko Kazetaritza Fakultatean galdetu dut ea ikasleei azaltzen dieten kazetariok antolatu egin behar dugula. Eremu askotan, kazetari lana epaitzen aritzen dira, eta beste ogibide batzuekin ez da hori gertatzen. Elkargoa ez da sindikatu bat, baina elkargook kazetaritzaren zaindari izan behar dugu. Kazetaritzaren garrantzia aldarrikatzeko gaude, eta kazetariak baldintza onetan eta askatasunez lan egin dezaten aritu behar dugu. Hortaz, fakultateetako pedagogia oso garrantzitsua da. Demokraziek kazetaritza indartsua behar dute. Gizarteak behar gaitu.

Gizarteko taldeekin ere elkarlanean arituko zarete?

Bai, aspalditik gabiltza horretan. Kazetariok ordezkatuta egon behar dugu gizarteko beste eremuetan. Bestetik, elkargoan batzorde batzuk sortuko ditugu, eta horiek zabalik egongo dira kazetaritza ikasleentzat ere. Modu zabal eta eraikitzailean aritu nahi dugu.

Eskuin muturreko gorroto mezuei eta zabaldu ohi diren albiste faltsuei dagokienez, zer hausnarketa egiten duzu?

Teknologia berrien eta sare sozialen eraginez, informazio gehiegi dago, eta sarri informazioa ez zaio egoki ematen herritarrei. Zorroztasuna funtsezkoa da kazetaritzan eta kazetarien artean. Foro gehiago behar ditugu eztabaidarako, eta gezurrei aurre egiteko.

SOS Arrazakeria elkarteak ondorioztatu du sare sozialek eragina dutela etorkinen egunerokoan, adibidez.

Ikastetxeetan ere oinarrizko lan bat egin beharko litzateke. Kazetariok ikastetxeetara joan beharko genuke komunikazioaz hitz egitera. Gazteek kazetari lana ezagutu behar dute, eta ez dute edozerekin konformatu behar. Sarean lan egin behar da .

Lan horretan aritu ohi dira ikus-entzunezko kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoak behar al luke halako kontseilu bat?

Ez dakit. Esan dezaket oinarrizkoa dela kazetari elkargoa ordezkatuta egotea EITBren administrazio kontseiluan. Beste erakunde batzuetan ere egon beharko genuke. Ez dugu merezi kazetaritzak duen prestigio falta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pantailak Euskaraz 2. urteurrena

Pantailak Euskaraz: bi urte eta aurrera

Urtzi Urkizu

Gaur bete dira bi urte Pantailak Euskaraz mugimenduak argia ikusi zuenetik. Mugimenduak bideo bat egin du bi urteotako lorpenak azaleratzeko. 'Jakin'-ek eta Gazte Euskaltzaleen Sareak bat egin dute Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestuarekin.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Objektuek emozioak sortu behar dituzte»

Ane Insausti Barandiaran

Diseinatzaile freelancea da Sanchez, eta diseinatzen dituen objektuek «ilusioa» sortzea izaten du helburu. Uste du zerbait jasangarria izan dadin iraun egin behar duela eta konpontzeko modukoa izan behar duela.
Egitasmoaren parte hartzailetako batzuk. ©MUNDUKO ARROZAK

Arroza: mundua batzen duen elikagaia

Amaia Jimenez Larrea

Arroza elikagai unibertsala da. Herrialde askotan garrantzi handia du, bai sukaldaritzan eta baita kulturan ere. Horretaz baliatuta, larunbatean Munduko Arrozak egitasmoa egingo dute Bilbon

EITBk Frantziako Tourrean egingo duen jarraipenaren berri emateko, aurkezpena egin zuten atzo Bilbon. ©EITB

EITBko 200 langile arituko dira Tourraren etapen emanaldietan

Urtzi Urkizu

Ander Izagirreren 'Mallot horia, Bilbotik Baionara' dokumentala estreinatuko dute hilaren 29an

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.