Albistea entzun

Ipar Euskal Herriko zinemagintza ikertuko dute EHUko ikerlariek

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan sortutako zinema eta ikus-entzunezkoak aztertuko dituzte EHUko NOR ikerketa taldeko kideek, tartean euskarazko ekoizpenak.

Berge, Behotegi, Kurutxarri, Aroztegi eta Feulie, atzo, Baionan.
Berge, Behotegi, Kurutxarri, Aroztegi eta Feulie, atzo, Baionan. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko ekainak 30 - Baiona

Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko zinema eta ikus-entzunezkoen egoeraren diagnosia eginen du Euskal Herriko Unibertsitateko NOR ikerketa taldeak, tartean euskarazko sorkuntzari dagokionez; EHU eta Ipar Euskal Herriko sei instituzioren arteko hitzarmenari esker eginen dute lana. Uztailaren 12an emanen dute ikerketaren ardatzen berri, eta irailean txosten osoarena.

 

Baionan egin dute hitzarmenaren aurkezpena, eta Inmaculada Aroztegi Madariaga EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak hartu du hitza: «EHUrentzat egun historikoa da, lehen aldia baita hitzarmen bat izenpetzen duela sei erakunde hauekin, zeintzuk inportanteenak baitira Ipar Euskal Herriko zinemagintza eta ikus-entzunezkoen alorrean. Espero dugu diagnosi honen emaitzak baliagarri izatea Ipar Euskal Herriko zinemagintza politika eraginkor bat abiatzeko». Gehitu du espero duela «Hegoaldeko» zinema eta ikus-entzunezkoen euskarazko sorkuntzaren hedapena «Ipar Euskal Herrian areagotzea eta erraztea».

Hitzarmena izenpetu duten instituzioak hauek dira: EHU; Hiri Elkargoa; Akitania Berriko Liburu Zinema eta Ikus-entzunezkoen agentzia; Pirinio Atlantikoko Departamendua, Akitania Berria, Nafarroa eta EAEko Euroeskualdea; Euskararen Erakunde Publikoa; eta Euskal Kultur Erakundea. Denek hartu dute konpromisoa diagnosiari bide emateko, bakoitzak bere alorrean ekinez.

Graxi Irigarai da ikerketa eginen duen taldeko kideetako bat. Zukugailua elkarteko kidea eta EHUko ikerlaria da, ezinago egokia, preseski, tesia egiten ari baita Ipar Euskal Herriko zinemagintzaz. Hastapenetik aztertu du sektorearen garapena eta ikusi ditu profesionalak saretzen, ekoiztetxeak sortzen, autoreentzako erresidentziak antolatzen, Zukugailua elkartearen saretzea. Egun, ohartu da erakundeak ere fenomeno horretaz jabetzen direla eta bilatzen ari direla sektorea nola lagundu: «Hainbat arlotan jada laguntzen dute, baina bada oraino egitekoa. Ikusten nuen bazela zerbait egiteko eta ikerketa baten bidez ikus genezakeela hori nola egin. Horregatik, NOR ikerketa taldean hasi gara lanean diagnosia egiteko Iparraldean egiten denaz. Baina baita ere Hegoaldeari begira: jadanik hainbat tresna baitaude, eta aditua den jendea».

Azpimarratu du hiru probintziak luzaz zinemagintza eta ikus-entzunezkoen «harrera gune» izan direla, baina gaur egun profesionalizatze bidean dela. «Zukugailuari esker, ikusi dugu badela gogoa hemendik sortzeko eta euskaraz. Horretara heltzeko lagundua izan behar da sektorea. Ekosistema bat bezala pentsatuz Hegoaldearekin batera aukerak badira eta garatu behar dira».

Hazten hasi dena hauspotu

Euroeskualdearen izenean mintzatu da Mathieu Berge ordezkaria. Goraipatu du hondar sei urteotan Ipar Euskal Herrian ekoitzi dena «ikaragarria» izan dela, eta, euskarazko ekoizpen hori egiten segitzen laguntzeko, instituzioek jakin behar dutela zertan den orain. Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezko eta zinema proiektuen diru laguntzen bide berrien berri eman du. Bergeren arabera, Ipar Euskal Herriko produkzioak gora egin du, mugaz gaindiko koprodukzioen garapenari esker alde batetik, eta, bertzetik, lortu baita proiektuak finantzatzeko bide berri bat, Kanalduderekin Eskualdeak izenpetu dituen hitzarmenak direla medio.

Hizkuntza politikari dagokionez, azpimarratu du euskararen erabilera bultzatzea baitezpadakoa dela, irakaskuntza ez baita aski, eta diagnostiko honek horretan lagunduko duela: «Diagnostikoa batez ere euskarari lotua da, Euskal Herria hartuko baitu, ikusteko zer dagoen, zer gelditzen den egiteko eta nola erabili baliabideak. Ondoko urteetan baliteke Europako funtsetatik 4 eta 5 milioi euro isurtzea mugaz gaindiko hizkuntza politikan. Baliteke horren parte bat ekoizpen zinematografikorako baliatzea».

Antton Kurutxarri Euskararen Erakundeko (EEP) lehendakariari garrantzitsua zaio izenpetu dutena: «EEPren adarretako bat da euskararen sozializazioan laguntzea. Hizkuntza batek behar baititu bizitzako esparru guziak hartu. Gaurko munduan badakigu bereziki gazteen gainean irudiak zer garrantzi duen. Beraz, behar dira arlo horiek indartu eta lagundu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Dantza ez da ulertzeko»

Leire Perlines Apalategi

Olatz de Andresek 'Doppelgänger' lanaren hiru kapsula aurkeztuko ditu Donostian; atzo izan zen emanaldi bat, eta gaur izango dira beste biak. Musika Hamabostaldian lehen aldiz ariko da aurten.
Ezkerretik hasita, Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreak. ©TXALO PRODUKZIOAK

'Sagastitarrak' lanarekin abizenaren eztabaida oholtzaratuko du Txalok

Leire Perlines Apalategi

Gaur estreinatuko du Txalo konpainiak 'Sagastitarrak'. Joseba Apaolaza, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria dira antzezleak. Anton, aita, ez dator bat alabak hartu duen azken erabakiarekin
Joseba Ossa. ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala

 ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.