Ubeldurei erauzitako poesia

Mada Alderetek genero indarkeriaren biktimen ahotsean idatzitako poemak taulara egokitu ditu Tanttakak. Gaur dute estreinaldia Bilbon

Giltzadun etxea antzezlanean aktoreekin batera izango da oholtzan Ainara Legardon musikaria. GORKA BRAVO.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko urriaren 31
00:00
Entzun
Infernu garaikideetan barrena egindako bidaia bat da funtsean Tanttaka antzerki taldeak Giltzadun etxea antzezlanarekin proposatzen duena. Hiru gizarte hezitzaile arituko dira oholtzan hizketan, eta haien bizipenen bidez joango da ikuslea murgilduz genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako abegi etxe bateko eta larrialdi etxe bateko egunerokoan. «Ez da ohiko antzezlan bat izango», onartu du Fernando Bernues antzerki zuzendariak, «baina ez da errezitalsoila izango ere». Mada Alderete poeta espainiarrak 2007an kaleratutako Giltzadun etxea poema liburua dago antzezlanaren oinarrian, eta haren eszenarako egokitzapena prestatu du Bernuesek. Gaur izango dute euskarazko bertsioaren estreinaldia Bilboko Arriaga antzokian, eta bihar eskainiko dute gazteleraz.

Rafael Herrero idazlearekin No me hagas daño antzezlana prestatzen ari zela heldu zitzaion Bernuesi Aldereteren liburua eskutara. Bortizkeria zen Herreroren lanaren ardatza, eta hark gomendatu zizkion poemak. «Ikaragarriak iruditu zitzaizkidan hasieratik, eta ordutik izan dut eszenara eramateko gogoa». Eta orain lortu du azkenean. «Liburu horretan dagoena da antzezlanean erabiltzen dugun materialaren %98, baina gure modura antolatu dugu».

Abusuaren aurkako trilogia baten parte da gaur estreinatuko duten lana. Bernuesen hitzetan. Otsailean estreinatu zuten bullying-ari buruzko Soka antzezlana izan zen trilogiako lehen pieza, gaur aurkeztuko duten Giltzadun etxea izango da bigarrena, eta hurrengo urtean aurkeztu nahi dute hirugarrena. Kasu horretan, familia barruko sexu abusuak izango dira gaia. «Gustuko dugu lan ildo hori», onartu du zuzendariak. «Oso beharrezkoa da artea lurralde horietan murgildu, eta kontakizun deskriptibo hutsa baino gehiago eskaintzea».

Hiru ahotsetara

Biktima izandako emakumeen bizipen gordin eta konplexuak biltzen dituzte Aldereteren poemek, eta berdin antzezlanak ere. Berez, biktimentzako abegi etxeetan eta larrialdi etxeetan ikusitakoak kontatzen dituzte poemek. Halakoak, esaterako: «Gaur esan dit ez dela inoiz harekin itzuliko/ bihar ezkutuan geratuko da harekin/ kanpotik erraz ikusten da/ baina nik ondo gogoan dut/ emozio zoro hori/ gaiztoa berriz ere desiraz begiratzera itzultzen zaizun uneko plazera/ gaiztoaren muxuak eta sexua berreskuratzearen gozamen hori/ beste behin ere barkamena eskatzen dizuneko garaipen gezurtia/ eta berak zuri belarrira, suabe, beste behin ere/ belarrira suabe esaten dituztela badakizun horiek nola esaten dizkizun entzutea».

Bata bestearen ondoren doaz poema guztiak liburuan, bereizketarik gabe, baina testu horietatik abiatuta, hiru ahots sortu ditu Bernuesek oholtzarako. «Egun bakoitzeko hiru txandak balira bezala», azaldu du. Mireia Gabilondo, Ainhoa Aierbe eta Vito Rogado aktoreek jokatuko dute gizarte langile horietako bakoitzaren papera, eta, Bernuesen hitzetan, bere ñabardurak izango ditu haietariko bakoitzak. «Ez dira poemak irakurtzen arituko, beren papera jokatzen arituko diren aktoreak dira».

Egoerarik estuenenean ere indarra ateratzeko gai den gizarte langile bitalistaren ahotsetik arituko da Rogado, esaterako. Biolentzia matxista bere larruan ezagutu duen gizarte langilearen ahotik arituko da Aierbe. Eta, azkenik, Gabilondorena izango daahotsik analitikoena. Hiru aktore horiekin batera, Ainara Legardon musikaria ere izango da oholtzan zuzenean, eta Maialen Sarasuak antzezlanerako propio sortutako irudiak ere proiektatuko dituzte.

Aizpea Goenagak euskaratu ditu testuak euskarazko estreinaldirako, eta pozik daude moldaketarekin Tanttaka taldekoak.

Toki zailetan sartzea

«Nik neuk oso gustuko dut poemekin lan egitea», aitortu du Gabilondok. Mikel Laboaren kantuak hartu zituzten abiapuntuZazpi aldiz elur antzezlana sortzeko ere, esaterako, eta horregatik ez zaio berri egin lan egiteko modua. Gaia bera egin zaio zail.

«Gogorra eta krudela da gaia, eta pena da gai horrek oraindik ere horrenbesteko pisua izatea gizarte honetan, baina oso barrutik eta oso modu pertsonalean idatzitakoak dira testu guztiak, eta ikusten da poemak lan horretan aritu den emakume batek idatzitakoak direla. Horregatik, nahiz eta halako toki zailetan sartu behar izan dugun, oso gustura egin dugu lan. Egin beharreko lana zela iruditzen zaigu».

Lehen proba ere egina dute, gainera. Gabilondok dioenez, estreinaldi aurreko emanaldi bat egin zuten orain dela gutxi, eta 20 bat pertsona batu zituzten emanaldirako Azpeitian. «Tertulia txiki bat egin genuen saioaren ondoren, eta zaila izan zen bukatu bezain pronto hitz egiten jarri beharra guztiontzat. Sakonean sartzen den zerbait da».

Esperantzari zirrikitua ireki dio aktoreak. «Ea halako gauzekin zerbait lortzen den, eta egoera pixkanaka-pixkanaka aldatzen doan».

Emanaldi gehiago ere izango dituzte Euskal Herrian. Donostian izango diraazaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, esaterako, eta hurrengo urteko udaberrian Gasteizen ere izango direla aurreratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.