Maroko. Protestak Rifen. Asouik Riduan. Rifeko ekintzailea eta artista

«Gernika baino hamar bat urte lehenago bonbardatu zuten Rif»

Al-Hoceiman 'Gernika' koadroa margotu zuten ekintzaileetako bat da Riduan: «'Gernika' ez da bakarrik margolan bat, bonbardatuak izan diren herriak ordezkatzen ditu, eta kontzientzia pizteko balio izan zuen».
BERRIA /

Kristina Berasain Tristan -

2017ko uztailak 21
«Rif maitea bihotzean eramaten dut beti». Asouik Riduan (Tetuan, Maroko, 1960) Madrilgo Rifeko Koordinakundeko bozeramailea da, eta, jaioterritik urrun bada ere, inoiz ez dio utzi amazig herriaren borroka defendatzeari: «Abd el-Krimen seme-alabak gara, eta haren borroka belaunaldiz belaunaldi transmititu da gure etxeetan». Al-Hoceimakoak zituen gurasoak eta aitona-amonak, baina erbesteratu behar izan zutela dio. «Hassan II.ak egindako masakrearen eta errepresioaren biktika izan ziren».

Marokok debekatu egin du gaurko (atzo) deituta zegoen martxa.

Rifen inoiz ez da egin baimendutako protesta bat, orain artekoak ere debekatuak izan dira. Tirania alauitak esaten duena esaten duela, herria kalera aterako da; amazigak debekuen gainetik aritu behar izan dugu beti borrokan, eta ez dugu zertan baimenik eskatu; kaleak herriarenak dira. Azkenaldiko martxek ere ez dute baimenik izan, beraz, horrek ez du ezer aldatuko, jazarpena aldatuko ez den bezala.

Militarrez hartuta dago hiria.

Al-Hoceima setio egoera iraunkor batean dago, kontrol militarra itzela da, baina beti izan da horrela. Ekialdetik, mendebaldetik edo hegoaldetik, zoazen lekutik zoazela, daude kontrol militarrak. Rif eremu militar gisa dago definituta dekretu baten bidez, eta dekretu hori bertan behera uztea eskatzen dugu, horrek eragin zuzena duelako bizimoduan eta ekonomian; nork egingo ditu inbertsionak eremu militar batean?

Hirak al-Xaabi Herri Mugimenduak esan du lehentasuna orain preso politikoak askatzea dela.

Mugimenduak hiru aldarrikapen egin ditu. Preso politiko guztiak askatzea da lehena, eta ez gara amnistia bat emateaz ari, erregeak esaten duen moduan, ez dugu keinurik nahi, presoak askatzea nahi dugu. Horren ostean batzorde bat eratu genuke aldarrikapenak negoziatzeko, gure arbasoen garaietatik datozen aldarrikapenak dira, eta oso argi utzi ditugu lehen egunetik; oinarrizko aldarrikapen sozialak, ekonomikoak eta juridikoak.

Atxilotuek gose greba bati ekin diote aste honetan. Zein egoeran daude?

Atxilotuez baino bahituez hitz egingo nuke. Casablancaraino eraman dituzte, torturatu egin dituzte, eta ez dute inongo deliturik egin, erregimenak esaten duen moduan, kalera ateratzea ez baita delitu bat; harri bat bera ere ez dute bota. Marokok ez dauka inongo sinesgarritasunik errepresioaren bidea baliatzen jarraitzen duen bitartean.

Zer iritzi diozu gobernuaren eta erregearen jarrerari?

Ikaragarria da. Marokon ez dago demokraziarik; erregimen diktatorial bat da. Herria horregatik atera da kalera, erregimen alauitari aurre egiteko, ezin dugulako errepresio honekin bizi. Marokon erregeak aldatzen joan dira historian zehar, baina denek baliatu dute errepresioa, bakoitza bere modura. Marokoko erregimenak ez dauka zilegitasunik bere sorreratik; modu feudalean sortu zen duela lau mende, eta kolonialismoaren tresna izan da, zilegi ez dena zilegi egiteko. Rifeko herriak inoiz ez du monarkia alauita babestu. Duintasunez bizitzea da gure asmoa, eta autodeterminazioa da bide bakarra. Herriari hitza eman behar zaio.

Rifeko errepublikaren garaiekin amesten duzue?

Abd el-Krimetik edan dugu, eta bizirik dago gure baitan; gure egin dugu bere borroka, bere filosofia , eta horregatik da erresistentzia gure ikurra, gure lurrean askatasunean eta bakean bizi nahi dugulako. Amazig herria zapaldua izan da beti. Espainiak Marokoren esku utzi zuen Rifa. Abd el-Krimen errepublika zapaltzeko akordioa egin zuten Frantziak eta Espainiak. Eta monarkia alauitak, noski, begi onez ikusi zuen. Ordutik beste kolonialismo baten pean bizi gara. Hassan II.ak ere gure herria bonbardatu zuen eta erregimenak, ordutik gaur egun arte, bere esku zegoen guztia egin du amazig herria eta kultura zapaltzeko.

Diasporatik ere ozen ari zarete salatzen gertatzen ari dena.

Diasporatik ere borrokari eutsiko diogu. Gure arma da hori, munduak ikus dezan zer gertatzen ari den, estatuaren indarkeria zenbaterainokoa den. Giza eskubideen urraketa etengabea da, hori ikusarazi behar dugu. Europa osoan mobilizatu gara. Hirak etxe guztietara iritsi da, baita diasporarainokoetaraino ere. Oso aktiboa da diaspora; plazetara atera gara, eta beste modu batean bideratzen dugu erresistentzia, batez ere, gure borroka ezagutarazten eta gertatzen ari dena zabaltzen, kontrainformazio gezurtatuz ere, isiltasun informatiboa hautsiz.

Gernika koadroa margotu zenuten Al-Hoceiman. Nolatan?

Modu askotan egin daiteke borroka, baita artearen bidez, abestien bidez, antzerkiaren bidez... Mundua ez da soilik balekin aldatzen, ez da soilik pankartekin aldatzen. Gernika ez da bakarrik margolan bat, haratago doa, bonbardatuak izan diren herri guztiak ordezkatzen ditu. Eta Gernika baino hamar urte lehenago bonbardatu zuten Rif. Euskal Herriak eta Rifek badituzte gauza asko komunean, bi herrien artean lotura sakon moduko bat dagoela esango nuke, euskaldunak eta amazigak, biak izan dira jazarriak.

Koadroa pintatzea ekintza sinboliko bat izan zen, plazaren erdian jarri genuen, eta haren alboan elkartu ginen eztabaidatzera; hitzekin margotu genuen ere. Bost metro luze bider bi metro garaiko koadroa egin genuen, eta plazan bertan margotu, modu kolektiboan, txandaka, hamar egunez, haurrak tartean... Jatorrizkoarekin alderatuta aldaketa txiki batzuk egin genituen; lurrean dagoen mutikoari hil zuten arrain saltzailearen itxura eman genion, eta gure ikurra jarri genion eskuan, bost puntako izarra eta ilargi erdiarekin. Abenduaren 9an bukatu genuen obra, eta haren aurrean argazkiak ateratzen hasi ziren herritarrak. Egun horretan egin zen elkarretaratzearen atzealdean zegoen; 150.000 eta 200.000 lagun artean elkartu ginen egun horretan. Kontzientzia pizteko balio izan zuela esango nuke, artea ez baita pareta batean jartzeko.

Obra apurtuta agertu zen handik egun batzuetara...

Argi dago agintariek ez zutela nahi koadroa plazan geratzea, baina ez dakit zehazki zer gertatu zen; errepresio indarren gauza izan ote zen edo egun horretan zabaldu zen sortaldeko haizearena. Hondatu egin zen, puskatan jaso genuen, eta gordeta dago.

Estaturik gabeko beste herriekiko elkartasuna ere erakutsi izan duzu. Egunkaria itxi zutenean kalera atera zinen.

Madrileko Elkartasun taldean izan nintzen. Egunkari baten itxiera oso larria iruditu zitzaidan, euskaraz egiten zen egunkari bakarra, talde terrorista baten esanetara aritzeaz akusatzea. Martxelo Otamendi zuzendaria hona etorri zenean, harekin izan nintzen, eta afixak eta pegatinak egiten ibili nintzen. Espainiako erregimenaren pasadizo izugarria da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna