Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. Markel Olano. EAJko Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Ez da kudeaketa soila: gure jarrera politikoak ere babesa izan du»

Igandeko bozetan herritarrek «errekonozimendu argi bat» egin diote EAJri, Olanoren ustez. «Mugimendu bat» nabari du EH Bildun, baina zalantza du hori «estrategikoa» izan den, ala «taktikoa» baino ez.

jon olano
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Bazuen zer ospatu, baina igandean ez zen berandu etxeratu Markel Olano Gipuzkoako EAJko ahaldungai nagusia (Beasain, Gipuzkoa, 1965). «Garagardo bat, eta etxera». Izan ere, lanak izan zituen bozen biharamunean ere; besteak beste, hedabideei erantzuten. Eguerdian mintzatu zen BERRIArekin.

Gipuzkoan, hazi zarete boto eta batzarkide kopuruan. Balorazioa, beraz, positiboa da?

Salbuespenak salbuespen, herri batzuetan atzerapausoak eman ditugulako, Gipuzkoako EAJrentzat emaitza borobilak izan dira; hain zuzen ere, orain dela lau urteko emaitzen konfirmazioa izan direlako, berresten dituztelako. Esanahi politiko berezia dauka.

Sentitzen duzue lau urteotako jarduna saritu dizuetela herritarrek?

Uste dut errekonozimendu garbi bat egon dela. Guk azken lau urteetan, kudeaketaren ikuspegitik, aurrerapausoak eman ditugu; erakunde moduan gure programa bete dugu, baina hauteskunde hauetan balio erantsi bat zegoen ereduen ikuspegitik; politika egiteko modua aldatzen saiatu gara, eta horrek Gipuzkoako herritarren partetik babesa izan du. Ez zait iruditzen kudeaketa soila izan denik babestua, baizik eta baita guk izan dugun jarrera politikoa ere.

Kanpaina planteatu zenuten bi ereduren arteko lehia moduan. EH Bildu hazi da, baina zuen igoera handiagoa izan da. Bazenekiten oso lehia estua izango zela? Arriskuan ikusi duzue aldundia?

Giltzarri nagusia izan da hauteskunde taktika bat egon dela; ezker abertzalearen partetik, ikusirik duela lau urte izan zuen emaitza eta horrek Gipuzkoako erakunde ugari uztera behartu zituela, euren ikuspegia urardotzeko saio bat egon da. Egon da euren irudia nabarmen biguntzeko saio bat. Azken lau urteetan, Batzar Nagusietan, bi ereduren arteko talka bat egon da, eta kanpaina batek ez du hori aldatzen. Oraindik zalantzan jartzen dut ea ezker abertzaleak eta EH Bilduk hauteskundeotan egin duten mugimendu hori estrategikoa edo taktikoa izan den, hor dago zalantza. Nahiko nuke estrategikoa izatea. Izango dugu denbora eta aukera benetan ikusteko aukera daukagun ados jartzeko eta ereduaren inguruan aurrerapausoak emateko elkarrekin, ala hauteskunde kanpainako maniobra taktiko hutsa izan den.

Zuk zeuk zer espero duzu? Zabal daitekeela aro berri bat bien arteko harremanetan?

Irudipena daukat alderdi politiko guztiok etxe barruan kontraesanak ditugula, eta, batik bat eredu sozioekonomikoaren ikuspegitik, gizarte kohesioarenetik, lehiakortasun ekonomikoarenetik, Gipuzkoak aitzindaritza puntu bat badaukala Euskal Herrian. Baldintza objektiboak daude Gipuzkoako kohesio eredu horren inguruan adostasunak lantzen joateko. Hala ere, iruditzen zait kontraesanak egon daitezkeela, eta badaudela beste eragile batzuk; ELAren rola... Norberak etxe barruan egin beharra dauzka bere digestioak, eta hortik zailtasunak ikusten ditut.

Gipuzkoan bezala, gora egin duzue Bizkaian eta Araban; Nafarroan, hazi da Geroa Bai, baina gobernua galduko du.

Guk alderdi barruan zatiketa izan genuenean, garbi ikusten genuen zatituta joanda ahuldu egiten zarela, eta uste dut Nafarroan hori gertatu dela; aldiz, eskuinak bat egin du, eta horrek ematen dio indarra, hauteskundeen mekanikarengatik. Hori herri gisa lezio on bat da. Askotan egiten ditugu irakurketak Euskal Autonomia Erkidegoaren ikuspegitik, baina uste dut Euskal Herri osoaren irakurketa bat egin behar dela, eta lurralde bakoitzean izan dugun esperientziatik ikasi beharra daukagula. EAEn ikusi da normalean gure herritarrek Espainian dagoen olatu eskuindar horren aurrean gure alderdia ikusten dutela aingura gisa; eusten diola gure autogobernu sistemari, eta guregan konfiantza daukala arlo horretan Espainiako zentralismo indartu horri aurre egiteko.

PSE-EEk ere batzarkide kopuruari eutsi dio. EAJ-PSE ituna, luzerako?

Gaur goizean [atzo] gure taldea biltzeko betarik ez da egon, eta egin beharra daukagu hausnarketa bat hauteskundeez, eta, hortik aurrera, hurrengo urratsak egin. Oso hasieran gaude, eta denbora beharko dugu hori definitzeko.

Hala ere, kanpainan zenioen «zirkunstantziak errepikatzen badira» PSErekiko aliantzari eustearen aldekoa zinela. Baldintzak berdinak dira?

Hain justu, hori da hauteskundeen hausnarketan erantzun beharrekoa. Zirkunstantziez eguneratu beharra daukagu, eta ikusi orain baldintzek berriro ere urrats hori egitera eramaten gaituzten.

Esan duzu, tokiko emaitza batzuk gorabehera, emaitza onak direla. Alkatetza batzuk galdu dituzue. Horiei buruz egin duzue aparteko analisirik?

Eskualdeetan lehia estua egongo zela bagenekien, eta lehia estu horretan, batzuk irabazten dituzu, eta beste batzuk, galtzen. Gipuzkoan, eremu urbanoetan edo barnealdeko eskualdeetan daukagun portaerak erakusten du Gipuzkoaren erradiografia askotarikoa dela, eta horrek behartuko gaitu gauzak hobetzera. Hori da hauteskundeotatik atera behar dugun lezioa; jakin behar da galtzen, baina jakin behar da irabazten ere; lezio nagusia da lortu beharra daukagula jendearengana gerturatzea. Hori da lau urteotan egin dugun saioa; jendearen konfiantza berreskuratu. Politikagintza, oro har, oso krisi sakonean dago, eta guk ezarri dugun estilo eta prozedura politikoa da niretzat etorkizuna.

EH Bildu lehen indarra izan den baina gehiengo absolutua lortu ez duen herrietan, EAJ-PSE itunak erabakiko du alkatea?

Galdera hori zabalik egongo da euskal lurralde guztietan. Alderdiek erabaki beharko dute, eta, gure kasuan, gure batzorde eragileak erabaki beharko du zein den prozedura herriz herri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.