Jule Goikoetxea. Irakaslea eta ikerlaria

«Patriarkatua ez dago desegite bidean, oso ongi birkokatu da»

'EAEko demokrazia patriarkala' ikerlanean, Goikoetxeak ondorioztatu du politika publiko batzuek «patriarkatua birsortzen» laguntzen dutela. Emakunderen beka bati esker egin da azterlana.
JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Edurne Begiristain -

2019ko irailak 4
Jule Goikoetxeak (Donostia, 1981) zuzendutako ikerlanak dio ongizate sistemarik «sexistenen» artean dagoela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoena. Goikoetxearekin batera, Nora Mirallesek, Estitxu Garaik, Lore Etxeberriak eta Zuriñe Rodriguezek parte hartu dute ikerketan.

Ikerlanaren izenburua bera esanguratsua da. Zergatik demokrazia patriarkala?

Nahita egin dugu. Izenburua izan zitekeen Euskal patriarkatu liberala, deskripzio egokiagoa delako, baina demokrazia izena jarri dugu arrazoi batengatik: demokrazia batean bizi garela diotelako, eta onartzen dugu, baldin eta patriarkala gehitzen badiogu. Probokazio gisa egin dugu. Adjektibo hori beti kentzen delako, alor guztietan ezabatzen delako; menderakuntza sistemarik potenteenak ikusezinak dira, eta sistema guztiek, demokraziak edo kapitalismoak barne, beti ezabatzen dute adjektibo hori.

Patriarkatuaren lau dimentsio aztertu dituzue. Zer ondoriotara iritsi zarete? Baieztatu al dira aurretik zenituzten hipotesi guztiak?

Bai, erabat. Ondorio nagusia da patriarkatua organikoa dela. Horrekin esan nahi dugu patriarkatua egitura oso malgua dela eta oso ongi moldatzen jakin duela mendez mende. Askok diote identitate maskulinoa aldatzen ari dela, eta gizonek orain zaintza lan gehiago egiten dituztela. Guk dioguna da gizonek zaintza gehiago egiten dutela, baina zaintza hori ludikoa dela. Zaintza guztiak ez direlako berdinak: ez baita gauza bera umea parkera eramatea edo amonari egunero ipurdia garbitzea eta bazkaria egitea. Horrek esan nahi du patriarkatua birkokatu egin dela, aldatzen doalako, organikoa delako. Menderakuntza sistemarik zaharrena da, kapitalismoa baino lehen existitzen dena. Ondorio nagusia, beraz, hauxe: patriarkatua ez dago desegite bidean, oso ongi birkokatu da.

Biolentzia sinbolikoak ikerketa guztia blaitu duela diozue.

Biolentzia sinbolikoaren kategoria kontuan hartzea ezinbestekoa da patriarkatuaren birsortzea ulertzeko. Batetik, biolentzia zuzenaren eta materialaren oinarria delako. Biolentzia zuzena litzateke kolpeak edo tortura, eta materiala, ekonomikoa. Eta horien oinarrian biolentzia sinbolikoa dago, hau da, biolentzia bezala antzematen ez den biolentzia. Biolentzia sinbolikoaren bidez eraikitzen dira emakumeak; emakumea da ahula, irrazionala eta emozionala, alegia, gizona ez dena. Emakumeak sortzeko mekanismoa, beraz, biolentzia sinbolikoa da: emakume moduan izan behar duzuna eta egokitzen zaizuna zehazten dizun hori. Horrela ulertzen da emakumeek lan ez-ordaindua egitea, uste dutelako beren zeregina dela. Biolentzia horrek dominatuak dauden kooperazioen bidez funtzionatzen du, langile klasearekin gertatzen den moduan. Zergatik egiten dute emakumeek lan kobratu gabe? Biolentzia sinbolikoa dagoelako.

Euskal Autonomia Erkidegoko egoerari dagokionez, ikerketak dio pribatizazio prozesuek patriarkatua elikatu dutela.

Jantokien auziak ongi islatzen du ideia hori. Lehen, eskoletan jangela publikoa zegoen, baina duela hamar urtetik hona jantokiak pribatizatuz edo kenduz joan dira. Ondorioak argiak dira: jangela horietan zeuden umeek etxean jango dute, eta emakumeek prestatuko dute bazkaria. Andrazkoen lan karga igo egingo da, lan karga hori ez da ordainduko, jangelan lan egingo duten emakumeek gutxiago kobratuko dute, eta haien prekarizazioa areagotuko da. Ondorioz: umeen osasuna okertuko da, horien zaintzaileak emakumeak izango dira, lan karga handiagoa izango dute, ez diete ordainduko, eta jantokietako emakumeen lan ordaina prekarizatuko da; pribatizazio patriarkala da, finean.

Ikerketak kritika egiten die Eusko Jaurlaritzaren politika publikoei, ez direlako gai dimentsio patriarkalari aurre egiteko.

Pribatizaziorako neurriekin, Jaurlaritzak patriarkatuaren birsortzearen aldeko jarrera hartu du. Politika publiko batzuk aztertu ditugu, eta ikusi dugu pribatizazioaren aldeko norabide patriarkala dutela. Patriarkatua birsotzen ari dira, eta birkokatzen lagundu baino ez dute egiten. Eta horren ardura Eusko Jaurlaritzak dauka, besteak beste.

Eredurik sexistenen barruan kokatu duzue EAEko ongizate sistema. Zer elementuk egiten dute hori posible?

Lau ongizate erregimen daude Europan: liberala, kontserbadorea, iparraldeko sozialdemokrazia eta hegoaldeko mediterraneoa. Ongizate erregimenak merkantilizazio eta familiarizazio kontzeptuen arabera banatzen dira, eta gure ongizate mediterraneoak dauka sexismorik edo familiarizazio mailarik handiena. Horrek zera esan nahi du: estatu erakundeek ez dutela bere gain hartzen emakumeen lan ez-ordaindua, eta, beraz, familiarizazio maila handia dutela.

Despatriarkalizazio prozesua martxan jartzeko hainbat proposamen bildu dituzue txostenean.

Guk estatu federal feminista bat sortzea proposatzen dugu, eta hor, besteak beste, beharrezkoa iruditzen zaigu egitura publikoa federalki antolatzea, emakumeek botere handiagoa izan dezaten. Konstituzionalki boterea era deszentralizatuan antolatzea emakumeei boterea emateko modu bat da. Bestetik, proposatu dugu auzo antolakunde eta elkarteek beto eskubidea izatea, eta zaintza nahitaezkoa eta txandakakoa izatea. Neurri guztiak mugimendu feministarekin elkarlanean martxan jarri behar dira. Kontsoziazionismo feminista ere beharrezko iruditzen zaigu: postu guztietan emakume batek eta gizon batek egon beharko lukete gutxienez, eta zenbait arlotan emakumeek beto eskubidea izan beharko lukete. Gauza horiek guztiak bihartik aurrera martxan jar daitezke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna