Noiz sortua: 2020-02-01 00:30:00

Joxe Mari Zabaleta. Amalur elkarteko ordezkaria

«DNA da daukagun itxaropen bakarra»

Goiburuetatik aparte dabil gaia, baina jaio berritan umetxoak ostu zizkieten susmoa duten hainbat familiaren kezka ez da baretu. Nafarroan, batu egin dira horietako hainbat, eta banku genetiko baten emaitzen zain daude. Zabaleta elkarte horretako partaidea da.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko otsailak 1

Amalur elkarteak agerraldia egin du asteon Lekunberrin (Nafarroa). Plazara atera ditu iragan argitu gabearen ondorioz oinazean ainguratuta dauden hainbat familiaren bizipenak. Izan ere, elkartean batu dira jaio berritan haurrak ostu zizkietela uste duten hainbat sendi, eta baita umetan adoptatuak izan ziren hainbat pertsona ere, guraso biologikoen arrastoa non aurkituko xerka dabiltzanak. Goiburu askoren iturri izan ostean, egun isilduta daude haur lapurtuak deitutakoen inguruko berriak, baina gaiarekin oraindik kezkatuta daudela gogorarazi nahi dute familiok, eta, hain zuzen ere, horregatik erabaki dutela batzea. Joxe Mari Zabaleta (Leitza, Nafarroa, 1971) elkarteko kidea da: haren emaztearen sendiak aspaldiko susmoa du jaio zitzaien lehen umea ostu zietela. «Tolosan jaio zen, Asuncion klinikan; 1969ko otsailaren 15a zen. Lehen umea zen nire emaztearen amarentzat. Kontatzen duenez, geroztik entzun diren beste istorio askoren iguala izan zuen berak ere: sedatu egin zuten, eta aitari jakinarazi zioten hil egin zela umetxoa, inolako arrazoirik eman gabe. Ondoren, esan zieten lasai egoteko, beraiek arduratuko zirela paper kontu guztiez, ehorzketaz. Eta gazteak zirela: aurrera egiteko».

Susmoak dituzue...

Bai. Izan ere, ikertzen hasitakoan, ikusten duzu garai hartan hiltzen ziren umeak, benetan hiltzen baziren, gurasoei entregatzen zizkietela; bakoitzak bere herrian hobiratzeko. Hortik gure susmoa: ume hark adopzioan emandakoa behar zuela izan. 2011n hasi ginen gai honekin. Joan ginen Tolosako erregistro zibilera, Tolosako Udalera, hilerrira, klinikara...Baina denek atzera bota ziguten dena: ez dago inolako informaziorik, eta ez digute uzten ikertzen. Horregatik, agintariei eskatu nahi diegu erregistroak irekitzeko: guri horietan sartzeko eskubidea emateko.

Trabak ikusten dituzue?

Bai. 2011n, adibidez, gutun bat heldu zitzaigun hilerritik, eta esaten zuten zitekeena zela han data haietan hobiratutako fetu bat egotea, 1969ko otsailaren 15aren buelta hartantxe; baina agertu beharko luke amaren izenarekin, eta ez da agertzen deus ere.

Antzeko esperientzia gehiago izan dituzten sendiekin erlazionatzen hasi zineten...

Hemen, Larraun eta Lekunberri artean zazpi familia gaude. Tolosan eta Iruñean jaiotako haurrenak dira. Gerendiaingo kasuak ere baditugu: komentu bat bazen han, eta, besteak beste, ama ezkongabeak hartzen zituzten. Jakin dugunez, Madrildik eta Galiziatik-eta ere ekartzen zituzten umeak hara, eta hortik adopzioan ematen zituzten. 2018ko udaberrian hasi ginen elkartzen; bakoitzak bere istorioa kontatu, eta ikusi genuen: berdin-berdinak ziren. Haurra hilik jaio zen beti, eta guztiaren kargu egin zen klinika. Euskal Herrian eta estatuan entzundako beste istorio askoren igual-igualak ere badira horiek. Geroago, gure artera batzen hasi ziren beste aldekoak ere: adoptatuak. Haiek ere kontatu nahi zuten zer traba dituzten. Adoptatuek, 18 urte bete orduko, eskubidea dute jakiteko zein duten familia biologikoa, baina horretarako trabak jartzen dizkiete leku guztietan. Hortik haien susmoa ere: lapurtuak ote diren. Horiek horrela, pentsatu genuen elkarte bat eratzea, Amalur. Bertan batu gara hamalau senditik gora.

Hamalau familia, denak Nafarroakoak. DNA laginak ardatz dituen egitasmo bat jarri duzue martxan. Lehen, gaia puri-purian egon zenean, bildu ziren bila zebiltzan senitartekoen DNA laginak. Ez du funtzionatu?

Bai, garai hartan hartu zioten lagin bat nire emaztearen amari, eta Madrilera bidali zuten, baina handik ez zaigu heltzen inolako albiste klaserik; ez da heltzen konparaziorik eta deus ere.

Ameriketako Estatu Batuetako enpresa batek eskaintzen duen datu base batean izena emateko hautua egin duzue. Aplikazio bat du, eta informazio naroa ematen duela diozue...

Bai, sakelako telefonoan eduki daitekeen aplikazio bat du, eta han astero-astero jasotzen dituzu datu base horretan dauden beste pertsona guztien eta zure DNAren artean dauden kointzidentzia guztiak. Bide hori hautatu dugu, gure ustez, instituzioen bidea itxita dagoelako: ez zaie komeni gai hau ateratzea. Beraz, guk orain nahi dugu jendeak datu base horretan sartzea bere datuak; izan ere, gure susmoa da Madrildik ez dela deus argituko. DNA da geratzen zaigun itxaropen bakarra; agintariengandik ezin dugu deus lortu. Esaterako, Nafarroako Gobernuan egon gara berriki, eta hitz oso politak jaso genituen; gaia Madrilera eramango dutela esan ziguten, baina han ateak ixten dizkiete. Elkarteko lehendakariak eskutitz bat ere bidali zion Maria Txibiteri: ama eta emakume den aldetik gai hau azaltzeko eskea egin zion: erantzunaren zain gaude. Bitartean, esandakoa: daukagun arma bakarra DNA da, eta, horregatik, adoptatua-eta izan den jendea kontzientziatu nahi dugu datu base horretan izena eman dezan.

Izan ere, inguruko zenbat eta lagin gehiago egon datu basean, aukera handituko da erkaketaren batek positibo emateko, ezta?

Hori da. Inguruan nahi genuke baten bat agertzea. Bat, behintzat: horixe eskatzen dugu. Gaur egun, bila dabiltzan gehienak 80 urte inguruko emakumeak dira: oso gaizki pasatzen ari dira. Atera kontuak: inozentzia batean egin zituzten urte asko.

Familia hautsiren bat elkartzeko ataka ez da erraza izango. Hasi dira hainbat administrazio halakoetarako laguntzak eskaintzen. Nafarroako erakundeek eskaini al dizuete ezer?

Guk dakigula, ez dago ezer. Gure taldean ditugun adoptatuek, kontatzen dutenez, trabak besterik ez dute aurrean. Aste honetan bertan azaldu du batek; joan zela Madrilera, eta han jaso zuen erantzuna: «Zure amak ez zintuen maite». Nafarroako Gobernura jo zuela gero, eta hor ere erantzunik ez. Horregatik diote: «Zergatik traba hauek?». Galduta daude. Beste batek kontatu du, adibidez, Gerendiandik ekarri zutela. Gero Gerendiainera galdezka joan, eta han esan zioten orain han ez daudela lehen zeuden kongregazioko mojak, beste batzuk daudela, eta, beraz, ezin diotela ezer esan. Ez dagoela deus; artxiboak Iruñean daudela. Gero, ordea, Iruñera joan, eta artxiboak ez dizkizute irekitzen. Traba asko daude. Badakigu familia asko daudela ez dutenak atera nahi gai honekin, baina guk esan nahi diegu hor dagoela elkartea, Amalur.

Ezkutatu nahi den sare batez ari zarete. Aditu batzuek diote ez zela egon haurren salerosketan ziharduen sarerik. Egun ulertzen zailak diren protokoloak zeudela diote, eta adopzio irregularrak ere izan zirela, garai bateko irizpideen arabera egindako prozedura okerrak...

Bai, askok esan izan digute hau dena asmazio bat dela. Baina hilda baleude, erregistro zibiletan agertuko lirateke, ezta? Eta hildako umeak, gainera, entregatu egiten zitzaizkien gurasoei. Eta, gero, susmoa sortzen duen bestea: andre guztiak lokartu egiten zituzten, eta klinikakoak egiten ziren gero denaren kargu: denarena. Familiakoei ez zieten uzten ezertan, ezta hilobira joaten ere.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 24ko datuekin eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da hildakorik izan, 23 positibo berri detektatu dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.474 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.013 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Zaintzaile bat adineko pertsona bati eskua ematen. ©BRAIS LORENZO / EFE

Hauskor azaldu da

A. Iraola - M. Peruarena Ansa

Krisiaren hasieratik jakina zen COVID-19ak gogor erasaten diela adineko pertsonei; edadekoen zentroetan izan diren heriotza ugariek agerian utzi dituzte egoitzen sistemaren inguruko hainbat gabezia, eta galderak sortu dituzte toki horietan egoiliarrek jasotzen duten osasun artaren inguruan.

Eguraldiaz eta neurrien arintzeaz gozatu dute herritar askok gaur. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

Koronabirusak ez du inor hil Hego Euskal Herrian, lehen aldiz 85 egunean

Edu Lartzanguren

23 positibo berri detektatu dituzte PCR probekin, atzo baino bost gehiago.

Bihar irekiko dituzte hondartzak Donostian. Argazkian, atzo. / ©Juan Carlos Ruiz, Foku

Bigarren faserako jakin beharrekoak

Jon Ordoñez Garmendia

Astelehenetik araudi berri bat izango da indarrean Hego Euskal Herrian eta ordutegiei, saltokiei, taberna eta jatetxeei, hezkuntza zentroei, kirola jarduerei, eta igerileku eta hondartzei eragingo die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna