Koronabirusa. Iñaki Garcinuño. Cebekeko presidentea

«Ez da egia osasuna ala ekonomia aukeratu behar dela»

Bizkaiko patronaleko buruak uste du gutxieneko jarduera batek aurrera egin dezakeela, eta argibideak eskatu dizkio Madrili. Haren iritziz, PSOEren eta UPren arteko oreka politikoek eragin dute itxiera.
LUIS TEJIDO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko martxoak 31

Garai zailak datoz, eta soldata jaitsierak eta kaleratzeak gerta daitezke, «han eta hemen». Horra Iñaki Garcinuño (Bilbo, 1971) Cebek Bizkaiko patronaleko presidentearen abisua. Enpresariei dei egin die «neurriz» aritzeko, eta langileei, berriz, «kolaborazio izpirituarekin» jarduteko. Enpresen jarduera gelditzeko erabakiaren atzean politika ikusten du, osasun arrazoiak baino gehiago.

Madrilek funtsezkoak ez diren jarduerak bertan behera utzi ditu. Argibide gehiago eskatzen ari zarete, ordea. Zergatik?

Inprobisazioak duen zamarekin aritu dira: argitasun falta. Aurrena dekretua onartu dute, eta, ondoren, idazten hasi dira. Bi akats handi ikusten ditugu. Funtsezkoak diren alorrak azaltzen dituen puntua saski-naski bat da. Beste puntu batek gutxieneko zerbitzuei erreparatzen die, eta ziurgabetasun handia eragiten du, ez duelako argitzen zein sektoretan egon daitezkeen zerbitzu horiek.

Nola jokatuko dute enpresek horren aurrean?

Batzuek oso argi dute jarduerarekin jarrai dezaketeela, eta beste batzuek zalantza asko dituzte. Guk malgutasuna eskatzen dugu dekretua interpretatzeko.

Adibidez, Sidenorrek eta Aernnovak itxi egin beharko dute?

Ezin badiote gutxieneko zerbitzuen aukera horri heldu, bai; edo gelditu ezin den fabrikazio prozesu bat ez badute, adibidez labe industrialak. Uste dugu kasu horietan jarduerari eusteko moduan daudela. Zaila da argi esatea, dekretua ere ez delako batere argia. Edonola ere, inork lanean jarraitzen badu bihar [gaur], eskuzabal jokatu beharko dute ez badagokio, ez baitago batere argi nori dagokion eta nori ez.

Zergatik ari zarete kosta ahala kosta jarduerari eutsi nahian?

Azken bi asteetan enpresei igorri dizkiegun inkestek islatu dute erdira jaitsi dela jarduera. Bada, osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka aurkitu behar dugu. Ez da egia bata edo bestea aukeratu behar dela; ez da egia guk bakarrik etekinak nahi ditugula eta besteek osasuna. Hori ezin da horrela azaldu. Osasuna lehentasun gisa har daiteke, eta horrela da guretzat ere, baina aldi berean, jarduera ekonomikoari helduta, beharrean ari direnak segurtasun guztia dutela. Okerra da pentsatzea dena itxi eta arazo ekonomikoari aurrerago ekingo diogula. Enpresen kasuan ezin da off botoia sakatu eta gero on sakatu, besterik gabe. Jarduera ez da geratzen: hornitzaileei pagatu behar zaie, maileguak... makina ez da gelditzen gobernuak esaten duelako gelditzen dela.

Bi aste dira, eta Aste Santuko oporrak tartean.

Eta Pazko astea ere bai, seguruenik. Bitxia da Aste Santuaren aurreko astea eta Aste Santukoa gelditzea, eta ez erabiltzea aste hau itxiera prestatzeko, gradualki itxi dezagun. Askok ez dute denborarik eduki biharko nominak kudeatzeko ere. Hor ari dira bidean doazen kamioiak gelditzen eta abar.

Osasun irizpideak agintzen du, ordea.

Osasun arrazoiak hor daude, baina esango nuke azken dekretu honen atzean osasun arrazoia ez dela nagusia. Ez du ematen zientzialari batzorde baten erabakia, hautu politiko bat baizik, gobernuan dauden bi alderdien arteko orekan. Hori ematen du.

Unidas Podemosen bizkar uzten ari zara enpresen itxiera?

Orain erabakiak hartzea ez da batere erraza. Ardura politikoa zama handia da, akats tarte bat onartu behar da, baina oraingoan tarte hori handiegia izan da. Yolanda Diaz Lan ministroak sentsibilitate handiagoa eduki beharko luke enpresekin, honek ez dielako bakarrik langileei eragiten.

Gehiengo sindikalak funtsezkoa ez beste jarduera guztia eteteko eskatu du osasuna bermatzeko. Nola nahi duzue segitu eta osasuna bermatu aldi berean?

Hasieratik protokolo argiak bete ditugu prebentzioaren alde. Enpresa gehienak jabetu dira arazoaren neurriaz, etxean baitute askok arazo hori. Lantaldeekin hitz egin dute, neurriekin konfiantza izan dezaten. Etxeko lanak egin ez dituztenak, ez ditugu babestu. Lan Ikuskaritzak eragotzi egin behar du neurriak betetzen ez dituzten enpresen jarduera. Garbiketa, langileen arteko tarteak eta babestekoak behar dira gehienetan. Enpresa gehienetan bete da hori, eta ez bada bete kasuren batean, horrek ezin du balio denak zaku berean sartzeko.

ELAk eta LABek garbi esan dute osasuna ez dela bermatzen ari enpresetan.

ELAren eta LABen erabakiaren atzean aldagai politikoa dago, EH Bilduren posizioarekin loturik. Estrategia horretan ez dago bakarrik osasunarekiko kezka, enpresariek ere badugu kezka hori; horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta enpresei pultsua egiteko borondate politikoa izan dute, eta oso epe motzeko ikuspuntuz, gainera. Ez diote biharamunari begiratu. Osasuna berma zitekeen neurri zehatzak hartuz, eta lanean.

Nolakoa izango da biharamuna?

Atzeraldi batera goaz; langabezian 10.500 pertsona gehiago daude EAEn. Martxoa bukatzean 12.000 inguru izango dira. Krisi sakon batera goaz; 2008koaren aldean desberdina, hori bai.

Desberdintasun horrek susperraldiaren alde jokatzen du?

Seguruenik bai. Baikor naiz. Konfinamenduaren ostean, gogo bizia egongo da seguruenik bidaiatzeko, kontsumitzeko, bizitza soziala egiteko, alegia; eta enpresetan ere gogo bizia egongo da galdutakoa berreskuratzeko. Merkataritza harreman biziak ekar ditzake horrek. Ez du ematen oso luzea izan behar duenik. Nik ikusten dut errebote efektua egon daitekeela, agian ez V formaz, baina U formaz bai. Ikusten ez dudana da L bat, urte batzuetarako krisia.

Susperraldi horrek sakrifizioak exijituko ditu enpresetan?

Gure mezua da neurriz aritzea, erabaki zuhurrak hartzea, eta elkarrizketaren bidezko proposamenak egitea langileei. Kaleratzea azken erabakia izan dadila nahi dugu, malgutasunari lehentasuna emanez. Langileek ere onartu beharko dute ohiz kanpoko egoera bat bizi dugula, eta kolaborazio izpiritua beharko dela enpresetan, denok gal dezagun ahalik eta gutxien. Dena edo ezer ere ez, halako partidak alde batera utzi beharko dira enpleguari eusteko. Eta, argi dago, gerta daitezke soldatak jaitsi beharra eta kaleratze batzuk ere bai han eta hemen. Baina denak izan behar du neurrikoa eta arrazoitua. Hala ere, argi esan behar da garai zailak datozela, eta enpresa batzuek ezin dutela bizirik segitu koronabirusaren ondoren.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pertsona batzuk maskararekin pasa den astean, Orion (Gipuzkoa). ©Jon Urbe / FOKU

Getariako Udalak, hiru kasuren berri eman, eta Osasun Sailaren jarrera salatu du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu diote zuzenean emateko egon daitezkeen positiboen berri eta hartzeko herritarrak babesteko hartu beharreko neurriak. Azpeitiko (Gipuzkoa) Udala ere kezkatuta dago.

Sanferminak bertan behera geratu diren arren, zuri-gorriz jantzitako gazte bat, maskararekin, Iruñean. ©Jesús Diges

Koronabirusaren agerraldiak

Berria

Koronabirusaren aurreneko olatua makaldu eta konfinamendua arintzen hasi ondoren agerraldi gehiago ditu gaitzak. Ekainetik aurrera gutxienez hamahiru agerraldi izan ditu COVID-19ak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna