Maria Angeles Duran. Soziologoa

«Klase sozial berri bat agertzen ari da, besteak zaintzeko»

Biztanleria zahartu ahala zaintza krisia larriagotu egingo dela ohartarazi du Duranek; uste du administrazioek baliabide gutxiago bideratuko dituztela zaintza premietara, pandemiak ekarritako krisiaren ondorioz.

GORKA RUBIO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ordaindu gabeko lana aztertuz, ibilbide akademiko oparoa egin du Maria Angeles Duranek (Madril, 1942). Soziologian katedraduna da; nazioarteko erakunde eta unibertsitate ugaritan jardun da, eta hiru honoris causa izendapen ditu. Emakunderekin lankidetzan ere hainbat lan egin ditu zaintzaren bueltan, eta udan Donostian izan da, hain justu, gaiari buruz antolatutako EHUren udako ikastaro batean.

Zaintzak erdigunean leloa asko zabaldu da azken urteetan, baina esan izan duzu kostatzen dela hori gauzatzea. Zergatik?

Ez daukagulako ondo definituta zeri esaten diogun zaintza. Horretarako erabiltzen diren hitzek esanahi desberdina dute hizkuntza bakoitzean eta eremuaren arabera, osasungintzan, gizarte zerbitzuetan, psikologian... Horrek arazo bat dakar, zaintzak jarduera oso heterogeneoa direlako, eta agerian geratzen da politika publikoak alderatzean. Osasun eremutik, batik bat, oso definizio murriztaileak heldu zaizkigu, eguneroko bizitzako jarduerak egin ezin dituztenen zaintzarekin lotuta. Baina egun zaintzeaz ari garenean askoz gauza gehiagoren inguruan ari gara.

Aspaldi hasi zinen aldaketa demografikoez ohartarazten. Zer egoera ikusi duzu?

Gizartean aldaketa handiak izan diren arren, egun oraindik etxebizitzetan eta familietan oinarrizko premia asko asetzen dira, baina ohartu gara beharrizan berriak agertu direla zaintzarekin lotuta. Iraultza demografikoak beste egoera bat ekarri du: egun oso haur gutxi daude, eta, aldiz, oso biztanleria zahartua dugu; horrek zaintza denbora asko eskatzen du. Beraz, desoreka handia dago zaintza behar dutenen eta zaintzeko adina dutenen artean: zaintzen defizit handia dugu.

Joera horiek ikusita, zer gerta daiteke hemendik 15-20 urtera?

Zaintzaren krisia okertu egingo da. Batetik, aspalditik datozen joera horiei buelta ematea oso zaila delako; orain mundu guztiak seme-alaba asko izango balitu ere, eragina ez litzateke berehala nabarituko. Baina, gainera, kontuan hartu behar da pandemia batean gaudela, eta oraindik ez garela guztiz atera 2008ko krisitik; horrek esan nahi du estatu asko zorpetu egingo direla, eta administrazio publikoek baliabide gutxiago izango dituztela zaintzan beharko ditugun zerbitzuak abiatzeko. Aurrekontu publikoa beste modu batera banatu ezean, hor larriagotuko da krisia: luzarotik datorren joera estruktural batek topo egingo du epe labur eta ertainerako zorpetze arazo batekin.

Zaintza lanei aurre egiteko eta horiek banatzeko, paradigma aldaketa bat behar al da administrazio publikoetan?

Nik uste dut baietz. Leku askotako administrazioak esaten ari dira zaintzak erdigunean jarriko dituztela, baina inertzia handiak dituzte sistema produktiboan: zaintzak kontsumo finaltzat hartzen dituzte, ez dutelako dirurik ematen bueltan; bai, ordea, bizi kalitateari lotutako etekinak. Gatazka bat dago aberastasun monetarizatu gisa neurtutako etekinen eta bizi kalitate gisa neurtutakoen artean, eta ez dago modurik bi ikuspegiok uztartzeko. Eta orain ekonomia guztiak erasanda daudenez, grina handia dago sektore motorretan inbertitzeko. Paradigma aldaketa horrek, ordea, iraultza bat eskatzen du. Zaintzaren auzia hobekuntza txikien bidez konpontzen saiatzen ari gara, baina aldaketa sakonak eskatzen ditu; hasteko, balioetan.

Zure ibilbide akademikoan zaintzari zenbakiak jartzen aritu zara. Zergatik da garrantzitsua kuantifikatzea?

Normalean, sistema ekonomikoaren parte batean baino ez dugu pentsatzen: ekonomia monetarizatuan. 1995ean Pekingo Konferentzian jada esan genuen txarto egiten ari ginela azterketa makroekonomikoak, adierazle monetarizatuak bakarrik kontuan hartuz, nahiz eta munduaren parte askotan lan gehiena merkatutik kanpo egiten zen, etxean batik bat. Orduan hasi ziren estatuak denboraren erabilerari buruzko inkestekin. Izan ere, sistemaren edozein puntutan aldaketak egiteko, aurreikusi behar da nola eragingo duen aldaketa horrek beste sektoreetan, eta, horretarako, ikuspegi osoa emango duen kontu unitate bat eduki behar da. Beraz, zaintzak ere ordutan edo dirutan zenbatu behar dira.

Sistemaren barruko lotura horiek nola eragiten dute zaintza zerbitzuetan?

Etxeko langileetan, adibidez. Nahikoa da iragartzearekin langile horien soldata pixka bat igoko dela enplegu horietako asko galtzeko, enplegatzaile askok ezin dutelako —edo ez dutelako nahi— baldintza horietara moldatu. Gogora ekarri behar da etxeko langileak kontratatzen dituzten guztiak ez direla milioidunak, baizik eta pentsiodunak, edo lan merkatuan mantentzeko haurrak zaintzeko laguntza behar duten familiak; pentsioak eta soldatak ez badira igotzen, ezin da lan hori ordaindu, zaintza lanak merkatuko merkeenak diren arren.

Gaztelaniaz cuidatoriado kontzeptua sortu zenuen. Zer esan nahi du?

Proletariado-ren [proletargo] egungo baliokide baten bila nenbilen. XXI. mendean, proletargo tradizionala klase ertain bihurtu da, langile askok soldata hobeak lortu dituztelako, eta beren lanaldia ez delako XIX. mendean bezain luzea eta neketsua. Baina egungo gizarte aurreratuetan adineko gehiago dago zaintza premiekin; beraz, klase sozial berri bat agertzen ari da, funtzio ekonomiko nagusitzat besteen zaintza duena. Klase hori ordainpeko zaintzaileek osatzen dute, baina batez ere bertako emakume heldu edo zaharrek, senideak zaintzen dituztenek trukean dirurik jaso gabe; asko lan merkatutik atera dira jada, baina zaintzen segituko dute ia hil arte.

Zerk harrapatzen ditu zaintza lan horietan?

Patriarkatuak, eta horren barruko lan banaketaren kulturak. Esan genezake haurren zaintzaren parte bat naturatik hurbilago dagoela, adibidez, edoskitzea; baina adinekoak zaintzea berdin egin dezakete gizonek eta emakumeek. Inertzia historiko bat dago hor. Eta, hala ere, arintzen ari da: gizon gazteek gehiago zaintzen dute, baina berdintasuna oraindik urrun dago.

Nola birbanatu behar dira zaintza lanak, beraz?

Etxetik kanpoko sistema ekonomikoan ez bada iraultzarik gertatzen, iraultza etxe barruan gauzatzeko aukera baino ez zaigu geratzen. Eta hor oraindik asko dago birbanatzeko. Horrez gain, noski, zaintzara bideratutako aurrekontu publikoak handitu behar dira, zerga sistema aldatu... Fronte asko daude. Edonola ere, ez dut asko espero teknologiatik: zaintzaren fordizazioa oso zaila da. Produktibitatea orduka neurtzen da: makina asko dituzunean, nabarmen handitzen da produktibitatea, baina eskuartean gizakiak dituzunean eta kontuz tratatu behar dituzunean, zailagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.