Indarkeria matxista. Nerea Barjola. Politologo eta ekintzaile feminista

«Alarma soziala horrela bideratzeak bortizkeria sexuala indartzen du»

Ziztaden inguruko mezuez kezkatuta mintzatu da Barjola, indarkeria matxistari lotutako izua elika dezaketelakoan. Eztabaidari ikuspegi feministatik heltzera deitu du, eta autodefentsa sendotzera.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Ziztadei eta sumisio kimiko bidezko sexu erasoei buruzko albisteei adi dabil Nerea Barjola politologo eta ekintzaile feminista (Santurtzi, Bizkaia, 1980). Sexu indarkeriari lotutako beldurraren inguruan azken urteetan publikatutako liburu argigarrienetako bat idatzia du: Microfísica sexista del poder. El caso Alcásser y la construcción del terror sexual (Boterearen mikrofisika sexista. Alcasser auzia eta izu sexualaren eraikuntza). Kezka zenbateraino zabaltzen ari den ikusita, ikuspegia birkokatzera deitu du, eta bortizkeria matxista sakon aztertzera.

Udako jaien atarian, sumisio kimikoaren inguruko kezka areagotu zen, eta, orain, ziztaden inguruko beldurra zabaltzen ari da. Halere, nahasmen handia dago: ez dago argi substantziarik injektatu den, baina biktima batzuek zorabioak izan dituzte. Zer dago horren atzean? Ziztaden helburu nagusia izua hedatzea dela uste duzu?

Argi dago: indarkeria sexualen beste formatu bat da sumisio kimikoa; ez da berria, eta beste menderatze forma batzuen molde bera du. Alegia, gizon batek gau osoan zure edatekoa ordaintzea, zure gaitasunak murrizteko edo zure konfiantza irabazteko, ahal duenean sexualki eraso egiteko helburuz, hori ere sumisio kimikoa da, baina halako jardunak orokortuago daude, eta sozialki kontsentsuatuago. Talde sozial batek horrelako adostasun bat ezartzen duenean, praktika horiek naturalizatu egiten dira: sexu indarkeriak sendotzeko eta baimentzeko modu bat da. Hain zuzen, horrelako dinamika berri bat naturalizatu arteko prozesuan dago giltza eta arriskua.

Eta nola gertatzen da naturalizazio hori?

Eztabaidan perspektibarik ez dagoelako. Alarma sozialak zertarako balio duen eta zein den bere funtzioa, hori ikusmiran eduki behar da beti; eta, kasu honetan, xedea da izu sexuala eragitea, hori baita sexu indarkeriek hartzen duten forma esanguratsuenetako bat.

Nola ondorioztatu duzu hori?

Alarma soziala beldurrari baino ez dago lotuta, ez du beste ezertarako balio; hori da hautsi beharreko eskema. Zeri erantzuten dio alarma sozial honek? Ziztaden inguruan, zerk harritzen gaitu? Gizarte gisa egunero baimentzen, eraikitzen eta babesten dugun praktika baten bidez gauzatzen dela indarkeria sexuala? Zer konponbide du honek? Emakumeak etxean ixtea ala, okerrago, norbere autokontrolaren esku uztea?

Zein da zure proposamena?

Ohartu behar dugu horrela bideratzen den alarma soziala ez dela eraldatzailea, eta, are, sexu bortizkeria indartzen duela, bortxaren beste elementu bat dela. Uste dut horixe dela muina: nola den posible gizarte gisa bortizkeria indartzea, eztabaida serio bat abiatu ordez, ikuspegi feministatik, landu ahal izateko zein diren pribilegio maskulinoak eta zein den indarkeria sexualaren funtzioa gure gizartean.

Emakume askorengan, ordea, egiazko beldurra eragin du.

Bai, eta gehien kezkatzen nauena izu sexuala gorputzean sartzeko arriskua da, horrek beti dakarrelako emakumeen askatasun oinarrizkoenak murriztea. Gainera, ziztaden ideiak berresten du, metaforikoki zein sinbolikoki, izu sexuala egon badagoela, eta modu sotilean egiten dela, ezkutuan, ziztada bera bezala, ez dakigulako ondo nork egiten duen, gizartearen babesak ematen dion anonimotasunean diharduelako.

Zure lanetan izu sexualaren mekanismoak aztertu izan dituzu. Nola funtzionatzen dute?

Sumisio kimikoaren auzia, gorputzen aurka indarkeria gauzatzeko beste modu asko bezala, lotuta dago nire lanetan zelatan eta zigortzen izendatu dudan horrekin. Izu sexuala gorputzean sartzeak lezio moduko mezu bat igortzen du, erasotzaileen —eta, beraz, gizonen— pribilegioak eta botere posizioak indartzen dituena, eta emakumeen beldur posizioa sendotzen duena: non ibil gaitezkeen, zer jarduera edo desira kontrolatu behar dugun eraso bat jasan nahi ez badugu.

Eta nola deseraiki daiteke beldur hori?

Izena jarriz, esparru eta ideologia batean kokatuz: sexu eraso bat jasateko beldurraren atzean ideologia matxista dago, eta haren alde bat eginda dagoen gizarte oso bat. Aldiz, beldurra ez da deseraikitzen alarma sozialaren performance bat eginez, ziztaden praktika matxistaren atzean dagoena edukiz husten duelako; eta ez da deseraikitzen indarkeria sexuala sendotzen duten albisteak eginez, baizik eta bortizkeria hori teoria kritiko feministatik problematizatuko dutenak eginez. Adi egon behar dugu: entzuteko, aztertzeko eta eraldatzeko jarrera aktiborik ez badugu, indarkeriaren alde jokatzen arituko gara.

Ziztadak jasan dituzten emakumeei egindako azterketetan ez da substantzia argirik agertu. Emakumeen hitza zalantzan jartzeko erabil daiteke?

Sexu indarkeria gauzatu ahal izateko dinamika berri bat da ziztada bidezko sumisio kimikoa; alde horretatik, prozeduraren inguruko nahasmena sakoneko eztabaidari garrantzia kentzeko modu bat da, eta, aldi berean, adituei hitza ematekoa. Azken egunotan irakurri ditudan albisteak ikuspegi kriminalistikotik idatzita egon dira: hipotesiak, batzuen eta besteen iritziak... Klasikoetako bat da adituek azaltzea ziztadek ezin dutela eragin emakumeek adierazten dutena; haien sintomak auzitan jartzen dituzte, nahiz eta ez duten ideiarik zer droga erabiltzen ari den. Ez zait eztabaida hori interesatzen: despolitizatu egiten gaitu.

Izan ere, hedabideotan ere nahasmen handia dago. Nola eman behar genuke halako erasoen berri?

Fokua aldaraziz: eztabaidarako materiala emanez. Erabilitako drogen, kantitateen, ziztatzeko moduen inguruko hipotesiez irakurri ditudan eduki guztiak ikuspegi eraldatzaile batetik egin izan balira, sumindura sozial handia legoke, eta haserre hori erabiliko genuke ez-onarpen mezu irmo bat bidaltzeko. Babes soziala dutelako gertatzen dira ziztadak, indarkeria sexuala bezala, eta babes horrek gizarte osoa seinalatzen du zuzenean.

Zer egiteko du mugimendu feministak? Funtsezkoa da autodefentsaren aldeko apustua?

Mugimendu feminista da, hain zuzen, izena jartzen duena, eztabaida kokatzen duena, eta indarkeriak ulertzen laguntzen duten kontzeptuak ematen dituena. Ziztaden auzian agerian geratu da erasotzaileak antolatuta daudela; beste praktika batzuetan, patriarkatuak sotilki lausotu izan du argudio hori, baina orain, ziztadaren teknikarekin, ezin dute ukatu: antolatuta daude, eta sexu indarkerian eta erasoetan pentsatzen dute aurrez. Hori dela eta, autodefentsa feministaren aldeko apustua ezinbestekoa da, are gehiago gure segurtasuna gure kideen segurtasunera hain lotuta dagoen honetan. Gu ere antolatuta gaude: festa, gozamena, espazio publikoa eta desira gureak dira, haiek esaten dutena esaten dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.