David Ballester. Historialaria

«Frankismoaren Poliziak iraun egin zuen, baita haren jokabideak ere»

Espainiako Poliziak trantsizioan eragindako indarkeria aztertu du Ballesterrek liburu batean, eta, lehen aldiz, biktimen zerrenda bat osatu du: poliziek 134 pertsona hil zituzten, horien erdiak Hego Euskal Herrian.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Historian doktorea eta ikerlaria da David Ballester (Bartzelona, 1960), eta batez ere gizarte mugimenduak, frankismoaren azken urteak eta trantsizioa izan ditu ikergai. Haren azken liburua da Las otras victimas. La violencia policial durante la transicion 1975-1982 (Beste biktimak. Poliziaren indarkeria trantsizioan 1975-1982), eta, izenburuak iradokitzen duen moduan, trantsizioaren garaian Poliziak erabilitako indarkeria aztertzen du.

Lan mardula da Ballesterren azkena: liburuak 300 orrialde inguru ditu, baina QR kode baten bitartez beste 800 orrialde saretik deskargatzeko aukera ematen du, eta han, esaterako, biktima guztien fitxak agertzen dira. Izan ere, hori da ikerketaren ekarpenik garrantzitsuenetako bat: modu sistematikoan jaso du Poliziaren biktimen inguruan dagoen informazio guztia, eta zerrenda bat osatu du, topatu dituen Hego Euskal Herriko eta Espainiako 134 kasuekin.

Trantsizioa kontakizun ofizialak dioen bezain baketsua eta eredugarria izan zen?

Mantra horrek hedabide handiak eta jende inportantea ditu atzean, kontakizun homogeneo eta ertzik gabekoa eraikitzeko. Transicion Española fundazioaren webgunea ikustea baino ez dago horretaz jabetzeko. Baina bertsio horrek arazo bat dauka: eredugarria izateko, baketsua izan behar du, eta terrorismoak eragindako 498 hildakoak eta poliziaren indarkeriaren 134 biktimak aintzat hartuta, 630 hildako baino gehiago ditugu. Beraz, bertsio horretan historiaren faltsutze bat dugu.

Zuk Poliziaren indarkeria aztertu duzu, estatuaren ardurapekoak liratekeen beste indarkeria mota batzuk albo batera utzita. Zergatik?

Garrantzitsuena izan zelako. Espetxeetan, esaterako, egon zen indarkeria instituzionalaren kasurik, baina askoz gutxiago dira. Hildakoen kopurua oso esanguratsua da: zazpi urtez, hamazortzi egunean behin herritar bat hil zen Poliziaren gehiegikerien ondorioz. Datu hori ikaragarria da.

Pentsatzekoa da indarkeria horrek ezaugarri bereziak izango zituela Euskal Herrian, ezta?

Bai, hala da, denok dakizkigun arrazoiengatik. Batez ere, kopuruaren handia da deigarriena. Euskal Herria Espainiako Estatuaren lurraldearen %7 baino ez da, baina hemen gertatu ziren hilketen erdiak ia. Desoreka handia da, eta arrazoi argiak ditu.

Hilketa horiek sailkatu dituzu.

Bai. Batetik, manifestazioetan hil zituztenak daude; bestetik, torturaren ondorioz hildakoak; eta, azkenik, nik «tiro errazeko egoerak» deitutakoak daude, hau da, poliziek hiltzen zituztenak haiek identifikatzean, kontroletan eta abarretan, eta baita lan jardunetik kanpo zeuden poliziek eragindakoak ere, dantzaleku, taberna eta antzekoetan izandako liskarretan. Azken kasu horiek oso esanguratsuak dira, eta, adibidez, Bilbon makina bat daude, batez ere garai hartan auzo txinatarra deitzen zuten horretan, San Frantziskon eta inguruetan.

Eta zergatik sailkapen hori?

Orain arte nahasmen handia zegoen gaia aztertu duten historialari eta kazetarien artean, eta uste dut sailkapena erabilgarria izan daitekeela aurrerantzean. Ahalegin handia egin dut zorrotza izaten saiatzeko, ez baitut uste egokia denik zerrenda puztea benetakoak ez diren kasuekin. Beharbada, baten batek pentsa dezake bidegabekeriaren larria agerian uzteko hobe dela ahalik eta hildako gehien sartzea; nik, aldiz, pentsatzen dut hildako bakar bat ere larregi dela, eta hobe dela zorrotza izatea, kopuruak berez baitira oso esanguratsuak.

Tiro errazeko egoera horietan, beste hiru atal desberdindu ditut, bestalde: soziala, edo ustezko delitugileen hilketak; politikoa, adibidez, Javier Verdejoren kasua, Almerian [Espainia] Poliziak hil zuena pintaketa bat egiten ari zenean; eta zibila, hau da, inolako konnotazio politikorik gabeko herritar arruntak.

Beharbada, norbaitek pentsa dezake herritar arrunten kasu horiek ez direla «hilketa politikoak» eta ez dutela zerikusirik trantsizioarekin.

Nik alderantziz pentsatzen dut. Kasu horiek tiro errazeko egoeretako gehien-gehienak dira alde handiz, eta erakusten digute Polizia diktaduratik demokraziara pasatu zela inolako garbiketarik egin gabe, eta frankismoan erabilitako jokamoldeei eusten ziela. Indar polizialen garbiketa gai debekatua izan zen trantsizioan, eta, egia esateko, oso indar politiko gutxik eskatzen zuten hori. Poliziek iraun egin zuten eta, beraz, basakeria, bidegabekeria eta inpunitatea ezaugarri zituen haien jokamoldeak ere bai. Biktima gehienak herritar arruntak izateak are nabarmenago uzten du gertatutakoaren larritasuna.

Inpunitatea aipatu duzu. Zergatik?

Irekitako auzibide guztiak aztertu ditut, horrelakorik egon denean eta aurkitutako dokumentazioak modua eman didan neurrian, eta ondorioa da oso polizia gutxi epaitu zituztela, eta jarritako zigorrak hutsaren hurrengoa izan zirela, edo irrigarriak. Bestalde, badirudi kontu horiek ezer gutxi axola zitzaizkiela arduradun politikoei. 1980ko hamarkadara arte biktimen kopuruak ez zuen behera egin, eta beherakada hori oso motela izan zen, eta asko luzatu zen, jokabide horiek oso errotuta baitzeuden.

Normalean, hilketa lan jardunetik kanpo zeudela egindako poliziei jarri zizkieten zigorrik handienak. Hilketa lanean egonda eginez gero, berriz, babesa erabatekoa zen. Manifestari bat hiltzeagatik jarritako zigorrik handiena [Jose Martinez] Salas guardia zibilari jarri zioten, Gladys del Estalen hilketa zela eta;zigorra bi urtekoa izan zen, ez zen kartzelara joan, eta, geroago, domina eman zioten.

Euskal Herrian behintzat inkontrolatuen auzia oso ezaguna zen. Eskuin muturraren krimenetan poliziek izandako ardura aztertu duzu liburuan?

Aipatu egin dut, baina ez dut sakon aztertu, arrazoi batengatik: hildako horiek terrorismoaren biktimatzat hartzen dituzte, eta, beraz, nolabaiteko aitortza ofiziala dute. Horregatik mintzatzen naiz beste biktimez liburuaren izenburuan. Eskuin muturraren biktimena beste zerrenda bat da. Jakina, liburuan aipatzen dut eskuin muturraren eta polizien arteko uztartzea, eta adibideak ere ematen ditut; [1976an Santurtzin (Bizkaia) hildako] Normi Mentxakarena, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.