Jon Saenz. EHUko Fisika saileko irakaslea

«Egindako kalkuluen arabera, itsas maila 2100era arte igoko da»

Klima aldaketaren adierazleetariko bat da ozeanoen tenperatura. Itsas mailarekin batera, uraren tenperatura gero eta gehiago berotzen ari da, eta Saenzek uste du erantzule nagusia karbono dioxidoa dela.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Markel Garzon Goitia
Plentzia
2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
AEBetako Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak (NOAA) argitaratutako txosten baten arabera, apirilean errekor guztiak hautsi ziren: ozeanoen batez besteko tenperatura 21,1 gradura iritsi zen. Jon Saenz Agirre (Bilbo, 1963) EHUko Fisika saileko irakaslea da, eta klima aldaketa, meteorologia eta ozeanoen eta atmosferaren arteko loturak ikertzen ibili da azken hogei urteotan. Atmosferaren tenperatura etengabe goraka ari den heinean, Saenz bezalako zientzialari eta ikertzaile ugari ozeanoetara begira ari dira. Erabateko zentzua du haien lanak; hain zuzen, planetaren azaleraren %70 baino gehiago hartzen dute ozeanoek.

Gero eta azkarrago berotzen ari da ozeanoen tenperatura. Zergatik?

Azken finean, energiaren zenbait fluxu iristen dira ozeanoetara: bero sorra, bero sentikorra, eguzkitik jasotako energia eta ozeanoak berak emititzen duen uhin-luzera luzeko energiak dira ohikoenak. Bestetik, karbono dioxidoa daukagu, berotegi efektuko gas nagusia, alegia. Horren eragina bizkortzen ari denez, uhin-luzera luzeko energiaren fluxua handitzen ari da. Ondorioz, 70eko hamarkadatik aurrera, gero eta energia handiagoa hartzen ari dira ozeanoak. Joera nagusitzen ari da gune artikoetan eta tropikoetan, bereziki.

Zer ondorio izan ditzake horrek Euskal Herriko kostaldean?

Bizkaiko golkoan itsasoko maila igoko da, baina zentimetro batzuk soilik. Joera gorakorra da, beste edozein tokitan bezala. Hau efektu globala da.

Ozeanoen batez besteko tenperaturak inoiz baino beroagoak izan dira aurten. Zer gertatu da horra heltzeko?

Apiriletik aurrera, inoiz jasotako tenperaturarik beroenak izan ditugu. Lurraren gainazalera iristen den karbono dioxidoaren erradiazio bidezko behartzea 2.16 W/m2-koa da. Energia fluxu hori irits daiteke planetako edozein metro koadrotara. Adibidez, eguzki erradiazioa gauez ez da heltzen. Aldiz, karbono dioxidoarena iristen da gauez, egunez, neguan eta udan. Poloetan ez dago eguzkirik neguan, baina erradiazio hau beti heltzen da. Orain dela berrogei urtetik iristen da egunero gainazalera.

Ozeanoen epeltzeak zerikusia du azken boladan gertatzen ari diren zikloiekin eta urakanekin, edota, adibidez, Gasteizen uztailean izan zen txingor ekaitzaren moduko fenomenoekin?

Hori ezin da modu erraz batean erantzun. Kasuz kasu aztertu behar da klima aldaketa halakoen atzean dagoela ziurtatzeko. Esaterako, ez dut inoiz ikertu 1983ko Bilboko uholdeen atzean klima aldaketa egon zen. Agian ez zeukan zerikusirik klima aldaketarekin. Halako muturreko fenomenoak beti gertatu dira, eta etorkizunean ere maizago izango dira, baina ezin dugu ondorioztatu fenomeno bakoitzaren atzean klima aldaketa dagoen.

National Geographic-ek aditzera eman du 1880tik itsas maila 23 zentimetro igo dela uraren tenperaturaren areagotzearen ondorioz. Horrek ere arazo bat eragingo luke?

Itsas maila igotzearen atzean bi prozesu daude. Batetik, zabaltze prozesua. Hau da, edozein materiali tenperatura igotzen badiozu, zabaldu egiten da. Ozeanoak ezin direnez beherantz zabaldu, itsas mailak gora egiten du. Zabaltze termiko gisa ere ezagutzen da fenomeno hori. Beste prozesua izango litzateke Lurraren gainean dagoen izotzaren urtzearen ondorioz, ura ozeanoetara doala. Hori gertatzen ari da, adibidez, Groenlandian, Antartikan, Himalaiako eta Andeetako glaziar askotan. Tenperaturak igo egin dira leku guztietan, eta glaziarrak desagertzen eta txikituz joan dira. Egindako kalkulen arabera, itsas maila igo egingo da 2100. urtera arte. Euskal Herrian, Urdaibaiko biosferan eta Txingudiko badian, ziurrenik ur batzuk izango dira gaziak; beste batzuk, gezak. Interakzio batzuk egongo dira. Halere, ziurgabetasuna handia da.

Komunitate zientifikoak «atzera-bueltarik gabeko» mugarriei buruz hitz egiten du maiz. Ozeanoen kasuan, zein izango lirateke puntu horiek?

AMOC (Atlantiko Meridionalaren Iraultze Zirkulazio) itsaslaster sistemaren kolapsoa izan daiteke bat. Ozeano Atlantikoko iparraldera ur beroa dator Mexikotik. Horren zati bat Artikora iristen denean, ura hoztu eta uraren dentsitatea handitu egiten da. Horretaz aparte, Artikoan izotza sortzen denean, izotzak ez du gatza mantentzen bere barnean. Hortaz, izozten den urak gatza kanporatzen du, eta inguruko itsasoko uretan disolbatzen da. Ur horretan gatz gehiago dagoenean, dentsitatea ere handitzen da eta ur hori hondoratzen da. Halere, ura ez bada hainbeste hozten eta ez bada hainbeste izotz sortzen, AMOC itsaslaster sistema desager daiteke.

Zer kalte eragin dezake horrek?

AMOC itsaslaster sistema desagertzeak ekarriko luke Europako tenperaturak jaistea, batez ere iparraldean. Baina, ez nuke esango glaziazio batera iritsiko garenik.

Zer eztabaida dago AMOC itsaslasterraren sistemaz?

Paleoklimatologiako datuen arabera, AMOC itsaslaster sistema nahiko egonkorra izan da iraganean. Beste batzuek, berriz, esaten dute hori ez dela guztiz egia, eta aldaketa nabariak badaudela. Oso prozesu geldoa da, mendeko eskaletan neurtzen da. Baina, bai,kontuan hartzen hasi behar da AMOC itsaslaster sistemaren kolapsoa gertatzeko arriskua.

Karabela portugesa eta antzeko espezieak hasi dira agertzen Euskal Herriko kostan, eta albiste iturri izan dira; zerikusia izan al du itsasoko uraren berotzearekin?

Ur epeletako espeziea da karabela portugesa; beraz, ura beroago egotea arrazoi bat izan daiteke.Baina, harrapakari gutxiago egoteak ere eragiten du. Nik esango nuke marmoka gehiago ikusiko ditugula aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.