Patrick Henriot. Gisti elkarteko ordezkari nagusia

«Istripu hau mugak hetsi izanaren ondorio ere bada»

Ziburun trenak lau migratzaile harrapatu ondoan, biktimek eta eragile batzuek salaketa jarri dute. Istripuaren «erantzule guztiak identifikatzeko» beharra azpimarratu du Henriotek.

BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Cimade, Anafe eta Gisti etorkinen laguntzarako elkarteek salaketa ezarri dute Baionako Fiskaltzaren aitzinean, Ziburun (Lapurdi) trenak harrapatuta hil ziren biktimen familiekin eta zauriturik atera zen migratzailearekin batera. Lau kargu ditu salaketak: nahi gabeko hilketa, bizia arriskuan jarri izana, nahi gabeko zauriak eragin izana eta pozoitzea. Izan ere, zauriturik atera zen etorkinak kontatu du ustezko mugalari batek pozoitu dituela.

Elkarteek uste dute istripua izanik ere «erantzuleak» badaudela. Europako Batasunaren eta Frantziako Gobernuaren migrazio politika jarri dute jomugan. «Politika horrek giza kostu handia du: mugak igarotzea geroz eta zailagoa eta arriskutsuagoa eginez, automatikoki areagotzen dira istripuak eta heriotza arriskuak erbesteratuentzako, sarbide segurua eta zirkulazioa debekatuta daukatelako». Patrick Henriot Gisti elkarteko burua (1950, Bruyeres, Frantzia) zuzenbide aditua ere bada. Haren arabera, ezinbestekoa da «Ziburukoa bezalako kasu partikularrak egoera orokor baten barruan kokatzea».

Zergatik erabaki duzue biktimekin batera salaketa jartzea?

Lekuko militanteek jakinarazi zioten Gisti elkarteari Ziburun gertatutakoa. Deigarria egin zaigu beste hainbat mugatan —Italiakoan eta Erresuma Batukoan, batez ere— gertatzen denaren adierazgarri delako. Gainera, jaso ditugun lehen informazioen arabera, istripua hertsiki lotua da migratzaileek jasaten duten polizia presioarekin.

Zergatik diozue hori?

Egun horretan hilik eta zauriturik atera zirenak Frantziako Poliziaren kontroletatik ihesi zihoazen, eta horregatik erabaki zuten trenbidean gordetzea. Gertaera hori, zorigaitzez, beste bat gehiago da gisa bereko hainbat eta hainbat gertaeren artean, eta erbesteratuek zirkulatzeko bide legalik ez izateak sortzen duen egoeraren ispilu da. Zirkulatzea debekatzen zaie, eta behartuak dira pasatzeko bide geroz eta arriskutsuagoak hartzera. Istripu hau mugak hetsi izanaren ondorio ere bada.

Beraz, zuen ustez, mugen hestearen ondorio zuzentzat jo daiteke Ziburuko ezbeharra?

Zuzenbidearen ikuspegitik, afera jakin baten inguruan zaila da ondorio zuzena duela erratea. Baina ukaezina da kontrolak indartu eta mugetako pasabideak hertsitu ahala istripu hilgarriak emendatzen direla. Fenomeno orokorra da, eta galdekatzekoa da. Istripu horiek emendatzen dira, eta horien larritasuna ere bai.

Zein da salaketaren helburua?

Gertatzen dena zehazki ulertzea. Segur gara horrelako istripuak gertatzera bultzatzen duen testuinguru orokor bat badela, eta Ziburukoa horren barruan kokatzen dugu. Baina, testuinguru orokorraz gain, garrantzitsua iruditzen zaigu kasu honetan zehazki zer gertatu den ikertu eta argitzea. Ikerketa xehe bat beharrezkoa baita Poliziaren presioarekin eta migrazio politika hertsatzaileekin lotura zuzena egin ahal izateko. Lan hori egiten ez bada, kasu bakan gisa ikusten dira ezbehar horiek; guk, ordea, argiki ikusten dugu neurri latz batzuen ondorio direla.

Salaketaren bidez estatuen erabakiak jomugan ezartzea da helburua, beraz?

Oro har, bai, estatuak ezartzen ditugu jomugan. Ezin da Espainia eta Frantzia arteko mugan gertatzen dena bakana balitz bezala ulertu. Urteak badira Mediterraneoan itsasontziak hondoratzen direla; orain, berrikiago, Polonia eta Ukraina arteko mugan gertatzen dena ikusten dugu. Erresuma Baturako mugan ere egoera zinez itsustu da Calaiseko portuko [Frantzia] kontrolak zorroztu dituztenetik. Mantxan geroz eta hondoratze gehiago gertatzen ari dira. Egoera horiek guztiak Europako Batasunaren mugen gakotzearen ondorio dira, barne mugetan bezala kanpo mugetan ere. Horri gehitzen zaio Frantziako Gobernuak Frantziara sartzeko mugen kontrola berrezarri zuela 2015ean, terrorismoaren aitzakiarekin; epe baterako behar zuen neurriak, baina egonkortu da, eta aitzakia ona dute migratzaileen ehizarako. Beraz, bai, Europako Batasunaren eta Estatuen migrazio politika dira erantzuleak.

Zer lortu nahi duzue zehazki salaketa honen bidez?

Ulertu nahi dugu zergatik erbesteratu talde bat trenbidean zen momentu horretan, jakinez mota horretako istripuak ia saihetsezinak direla leku horretan. Batzuek diote ez dutela arriskuaren kontzientziarik: hori gezurra da. Ongi dakite zer-nolako arriskuak hartzen dituzten. Hain zuzen, harritzekoa da arrisku maila jakinik ere hor egon izana. Hori galdekatzekoa da: beharbada norbaitek edo zerbaitek bultzatu ditu hor egotera. Gainera, jakin nahi dugu administrazioak nola antolatzen diren horrelako istripuak ez gertatzeko.

Zehaztuko zenuke administrazioa aipatzean zertaz ari zaren?

SNCF garraio enpresaz ari naiz, Frantziako Aireko eta Mugetako Poliziaz, baita lekuko instituzioez ere. Zer egiten dute jendeen zirkulazioa oztopatzeko? Eta nola asumitzen dute erabaki hori? Funtsean, nola onartzen da pertsona batzuk hein horretako arriskuak hartzera behartuak izatea? Ikerketan argitzekoa da.

Ustezko mugalari bat ere aipatzen du salaketak. Zein da zuen iritzia?

Mugalariak badaude batzuek pasatu behar dutelako, baina bide legalak hetsiak zaizkielako. Mugen hestearen ondorio da mugalarien merkatua. Europako Batasunak eta Frantziako Gobernuak dio horien kontrako ehiza egiten dutela, baina hori egitea arazoa desbideratzea da. Mugalaririk ez zen izanen bide seguruak balira: mugalariak migrazio politikaren ondorio dira. Bistan da, horrek ez du erran nahi mugalarien rola minimizatzen dugunik. Istripu honetan, erraterako, erantzukizun guztiak argitu nahi ditugu; beraz, ikertu beharko da mugalari batek rolik izan duen ala ez. Ez dago dudarik, istripu batzuen erantzuleak mugalariak dira. Baina, orduan, migrazio politiken erantzukizuna ere aipatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.