Mertxe Aizpurua. EH Bilduren eleduna Espainiako Kongresuan

«Hiru urte hauetan frogatu dugu serioak garela»

Akordio «zabala» itxi dute Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuen inguruan. Kritikak ere entzun dituzte zenbait diru sail direla eta. Ulertzeko zailak dira kritika horiek, Aizpuruaren ustez.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak hirugarrenez lortu du aurrekontuak aurrera ateratzea, eta hirugarrenez EH Bilduk modua emanda lortu du. Koalizio subiranistak Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpurua (Usurbil, Gipuzkoa, 1960) «oso baikor» agertu da akordioarekin: «Denetarik egon da; oso zabal izan da». Denera, 480 milioi euro mobilizatuko dituzte euren zuzenketekin.  

Hirugarren urtez jarraian itxi duzue aurrekontu akordio bat Espainiako Gobernuarekin.

Uste dut hauek izango direla legealdi honetako azkenak, eta oso akordio ona lortu dugu; hainbat gai sozialetan lorpen handiak izan ditugu. Hor dago alokairuen prezioa beste urtebetez mugatzearena, eta baita gutxieneko pentsioen igoera ere; jende askori eragiten dio. Herri txikietan ere eragina izango du, bertako biztanleen bizimodua erraztuko baitu. Azpimarratuko nuke Elantxobekoa [Bizkaia]. Herri txiki bat da, mugikortasunerako izugarrizko arazoak dituena. Akordioari esker, igogailuak egongo dira. Gauza horiek ere ongizatea ekartzen dute.

EH Bilduk azken asteetan bere agendaren erdigunean kokatu du trantsizio energetikoa. Aurrekontuen negoziazioan ere mahai gainean egon da gaia?

Oso garrantzitsua da guretzat. Espainiako Gobernuak autokontsumo energetikoari, soberakinei eta komunitate energetikoei buruzko 2019/944 Europako Zuzentarauaren transposizioa egingo du sei hilabeteko epean gehienez ere, autokontsumo partekatua bultzatzeko helburuz. Hori da adostu dugun puntua. Badira gehiago ere. Horiek, diru sail txikiak izan arren, eragina izango dute trantsizio horretan eta ingurumena zaintzeko beharrean.

Nafarroako trafiko eskumena eskualdatzeko akordioak eragin du harrabots handiena. Ulertzen dituzue kritikak?

Ez dakit zergatik ez diren pozten. Gure herriarentzat akordio on bat lortzen bada, gu poztu egiten gara, nahiz eta beste batek egin. Kritikarako tarte hori hain estu geratzen denean, zirrikitu arraro batzuetatik abiatzen da polemika, eta hori gertatu da gai honekin. Nafarroaren eskubide bat da, aspaldi eman behar zitzaiona. Akordioa lortuta omen zegoen, baina orain arte ez da gauzatu. Orain, data daukagu: martxoaren 31.

EAJk Barne eta Defentsa ministerioetako diru sailengatik ere kritikatu du EH Bildu.

Segur aski, lehen komentatutako zirrikitu horietan du esplikazioa. Arreta beste nonbaitera bideratu nahi dute. Gainera, kuriosoa da beraiek bai bozkatu zutela Defentsa eta Barne sailetako aurrekontuen alde, eta gu abstenitu ginela. Beraiek egindako zerbait guri leporatzen ziguten kritika egiteko. Nahiko kafkarra izan da.

Iaz egindako akordioan zegoen ETB3 Nafarroa osora hedatzeko ituna, baina oraindik osatu gabe dago.

Konpromisoa zen urtea bukatu baino lehen soluziobidean jartzea. Azken egunetan berriz hitz egin dugu gaiaz, eta gobernutik esan digute alternatiba bat bilatzen ari direla. Europako araudiak zaildu egiten du bigarren multiplexa esleitzea. Beraz, gaur egungo multiplex autonomikoaren bidez bosgarren kanal bat emateko aukera aztertzen ari dira orain, eta horrek konponduko luke ETB3 katea arazorik gabe ikusi ahal izatea Nafarroa osoan. Badirudi hau egingarriagoa dela. Ez dute galdutzat ematen, eta badakit ministeriotik ari direla aukera hori begiratzen; hori komentatu ziguten lehengo astean. Espero dugu hurrengo hilabeteetan konpontzea.

EH Bilduk akordioak lortu ditu Madrilen eta Nafarroan, baina ez da halakorik izan Eusko Legebiltzarrean. Non dago aldea?

Beharrak erakusten du. [Madrilen] Gobernu hau osatu zenean, esan genuen gure bozkak erabakigarriak izango zirela, eta uste dut erabakigarriak eta beharrezkoak izan garela hainbat neurri hartzeko. Horrek gauza asko esplikatzen ditu. Ezkerreko politikak egin nahi baditu, gobernu honek gure eta ERCren beharra dauka. Beste alde batetik, uste dut badagoela giza faktorea ere. Hiru urte hauetan frogatu dugu serioak garela. Arduraz jokatzen dugu, eta zuzenak gara.

Soilik baietz da baietz legearen aplikazioak harrabotsa eragin du. Nola ikusten da egoera Madrildik?

Kanpaina bat izan da. Kanpaina orkestratu bat; oso ondo pentsatua. Legea ona da. Emakumeak gehiago babesten ditu. Onurak begi bistakoak dira ikusi nahi dituenarentzat. Orain, sententzien berrikuspenen garaian gaude, eta horietan jarri da arreta. Hemendik aurrera, baina, orain egiten diren delituak epaitzen hasten direnean, beste modu batera hitz egingo dugu.

«Krispazio politikoaz» aritu dira zenbait gertatutakoa azaltzeko.

Aspalditik dator. Garbi dago kanpaina bat dagoela, eta helburu garbi bat duela. Kongresua zirku bat dela esatean datza, izugarrizko iskanbila muntatzen dela... Talde bat ari da hori bilatzen, eta, beste guztiak joko horretan sartzen badira, beraiek nahi duten helburua lortzen dute. Ez dute lan egiten ez bada gauzak behartzeko eta itsusteko. Hori da haien jokoa.

Datorrena hauteskunde urtea izango da; lehenik, udal eta foru bozak, eta ondoren, Espainiakoak. Bitartean, besteak beste, Etxebizitza Legea onartu gabe.

Badirudi Etxebizitza Legearen inguruko eztabaidak indarra hartu duela. Kaxoi batean sartuta zegoen, eta atera nahi omen dute. Ikusiko dugu. Gu ere lanketa horretan ari gara. Bilera asko egiten ari dira azken egunetan, eta begiratuko dugu. Egia da bere orokorrean, eta Espainia aldetik begiratuta, gauza onak badituela. Nolabait, Madrilen eta Bartzelonan, hiri handietan, dituzten arazoei soluzioa emateko proposamena da. Hori ez da, baina, hemen dugun arazoa. Ez ditugu hainbeste edukitzaile handi. Beraz, beste neurri batzuk ere behar dira: guretzat ere, Euskal Herriarentzat, onurak ekarriko dituztenak.

EH Bilduk non egingo du indar?

Uste dugu alokairuen mugari eutsi behar zaiola, eta etxegabetzeena ere konpondu behar dela. Bi gai horien inguruan mugitzen ari gara, eta proposamenak ditugu prest. Ea bide onetik bideratzen den, egoerak izugarrizko presa baitu. Batzuetan iruditzen zaigu burbuila batean gaudela, eta pasatuko dela. Baina egiturazko arazoak daude, eta egiturazko arazoei egiturazko soluzioekin egin behar zaie aurre.

Mozal legearen erreforma da legealdi hasieratik bueltaka ari den beste gai bat.

Mozal legearekin arazo gehiago izango ditugu. Guk argi daukagu: badira hainbat gai guretzat bizkarrezur direnak, eta mantenduko ditugu. Hor daude gomazko pilotak ez erabiltzea eta zigorretan egin beharreko aldaketak egitea. Gu hortik ez gara mugituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.