Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Uxue Barkos. Geroa Bairen lehendakarigaia

«2015eko aldaketak zeukan indarra galdu da legealdi honetan»

Lehendakaritza izan ostean, Maria Txibiteren gobernuko kide minoritario izatea egokitu zaio Geroa Bairi. PSNrekin «ezadostasun nabarmenak» izanagatik, Barkos prest azaldu da gobernu aurrerazaleei segida emateko.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2023ko maiatzak 26 - Iruñea

Besoak gurutzatuta ageri da Uxue Barkos (Iruñea, 1964) hauteskunde kanpainako afixetan, ikusleari aurrez aurre begira. Komunikazio politikoko adituek aholkatzen dute halako keinurik ez egiteko, hautagaien irudi gogorregia ematen duelakoan. «Baina nik nahi nuen horrela agertu», esan du Geroa Baiko hautagai eta lehendakari izandakoak. «Politikaren mundua oso matxista da oraindik, eta erakartzen ninduen karteletan emakume indartsu baten irudia agertzeak». Horrela ikusten du bere burua, sendo, 2015ean hasitako bideari eusteko.

Ongizate estatua, trantsizio ekologikoa eta autogobernua. Hiru horiek dira Geroa Bairen programaren ardatz nagusiak...

Gure gizartearen erronka handiak dira. Trantsizio ekologikoak eta digitalak aukera ederra ematen diote Nafarroari hazteko, baita ekonomikoki ere, ahaztu gabe begirada Europan jarri behar dugula. Azken 40 urteotan, UPNren eta PSNren gobernuek ez dute inoiz horren aldeko apusturik egin. Are gehiago euroeskualdeaz ari bagara. Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta Akitaniarekin lotutako akordioek erakutsi digute bidea.

Zerbitzu publikoen garrantzia azpimarratu duzue. Zer proposatzen duzue?

Pandemiak agerian utzi zituen ongizate estatuaren hutsuneak. Horrek ez du esan nahi gauzak gaizki eginda zeudenik, baina argi dago eredu berri bat behar dela. Osasungintzan, adibidez, egun lehen arretan daukagun eredua ez dago diseinatua hainbeste zahartu den gizarte batendako; buelta eman behar zaio.

Nola?

2015-2019ko legealdia amaitu aurretik, Osasun kontseilariak [Fernando Dominguezek] prest utzi zuen lehen arreta berritzeko proposamen bat, eragileekin eta elkarte profesionalekin adostua, baina, lau urte hauetan, gobernuak ez du ezertxo ere egin hori martxan jartzeko.

2015ean, lehendakari izan zinen. 2019tik, berriz, bigarren lerroan izan da Geroa Bai gobernu barruan. Nolako legealdia izan da?

Gobernu horren lidergoa PSNren esku utzi zuen gizarteak, eta guk erabaki genuen zegokigun rola onartzea, 2007ko egoerara ez bueltatzeko. Tentsioak izan ditugu gobernu barruan, noski. Logikoa da tentsioak azaltzea alde anitzeko gobernu batean. Gakoa da tentsio horiek nola kudeatu eta talde bakoitzaren programa nola uztartu, gobernu itun baten bidez. Aurrekoa esanda, ez genuen espero legealdi honetan aldaketaren indarra galtzea...

Galdu da?

Bai. Oro har, sumatzen dut 2015ean hasitako aldaketaren bultzada hori apaldu dela legealdi honetan, eta berreskuratu behar dugu.

Zertan nabaritu duzu?

Legealdi honetan, lehen aldiz, Nafarroako lehendakaria ikusi dugu Espainiako Gobernuarekin batera eskuduntza berriak sinatzen. Ederki dago hori, eta harro egoteko modukoa da, baina gogoratu behar dugu orain sinatutako hiru eskuduntzak [trafikoa, espetxeetako osasun arreta eta bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa] eskuratzeko prozesua abiatu zuela aurreko gobernuak. Areago: trafiko eskumena aldatzeko sinatu zuten agiria da, ia hitzez hitz, aurreko gobernuak bidalitako proposamena. Lau urte hauetan, lehendakariak ez du ezer egin eskuduntza gehiago lortzeko. Ezertxo ere ez. Eta indarra eta ausardia falta izan dira beste alor askotan ere: Skolae programa bazterrean utzi dute; D ereduari trabak jarri zaizkio Mañerun, Mendigorrian eta Lerinen; lehen arreta ez da berritu; harremanak apaldu dira euroeskualdeko beste kideekin... Kezkatzen gaitu horrek guztiak.

Zegokion baino pisu handiagoa izan du gobernuan PSNk?

Bai, dudarik gabe. Kontseilari kopuruari dagokionez, PSNk gobernuan duen presentzia handiegia da, parlamentuan talde bakoitzak duen pisuarekin alderatuta. Alderdi sozialistaren erabakia izan zen negoziazioen azken unean gobernu egitura handitzea eta kontseilari gehiago sartzea, eta hori konpondu beharko dugu hurrengo legealdian.

De facto kolore bakarreko gobernua balitz bezala aritu da PSN?

Ez, hori ez. Sozialistak eta Ahal Dugu gobernuan izan dira bai Nafarroan bai Espainian, baina hemen onartutako legeak eta aurrera ateratako neurriak ia sistematikoki izan dira Madrilen onartutakoak baino ausartagoak. Nafarroako Gobernua une oro ibili da Espainiakoa baino pauso batzuk aurrerago. Garapen ekonomikoan, ingurumen politiketan, euskararen inguruan, memoria historikoari buruzko neurrietan... Alor horietan guztietan, Nafarroako Gobernuak egin dituen politikak aurrerakoiagoak eta ausartagoak izan dira, eta hortxe suma daiteke Geroa Bairen eskua.

Hizkuntza politikan talka egin dute PSNk eta Geroa Baik...

Bai, baina ez da tentsioa eragin duen gai bakarra izan, PSNk gustuko badu ere hori azpimarratzea. Ez dakit zergatik tematzen diren kontakizun horrekin. Finean, identitate kontuekin lotzen dute euskara, eta erakutsi nahi dute gure aurka sendo ari direla. Dena den, harro esan dezakegu baietz, Geroa Baik ez duela zer ikustekorik euskararen inguruan PSNk duen jokabidearekin eta beldurrekin.

Aurreko astean, euskararen inposizioaren diskurtsoari heldu zion Txibitek berriro ere.

Gezurretan oinarritzen den argudio horrek gauza bat baizik ez du erakusten: Maria Txibiteren ahulezia. Esan dezatela nori eta noiz inposatu zaion euskara... Kontrara: Txibitek lehenetsi duen bidea da, gaur-gaurkoz, Erriberako herritarren eskubide linguistikoak murrizten dituena, ez alderantziz. Guk segituko dugu nafar guztien eskubideak defendatzen, eta gehiengo parlamentarioak bilatzen, euskarak aintzatespena izan dezan Nafarroa osoan.

Aurreko bi legealdietan ezinezkoa izan da ofizialtasuna bermatzea?

Hori da daukagun errealitate gordina. 2015ean, Ezkerrak ezezko borobila eman zion Euskararen Legea aldatzeari, eta gutxiengoan utzi gintuen. Eta legealdi honetan ere, horren aldekoak gutxiengoan izan gara parlamentuan.

Igandetik aurrera, akordioak lortu beharko dituzte taldeek. Zer formula lehenetsiko duzue?

Asmoa da ahal den guztietan gobernu aurrerakoiak eta politikoki pluralak sustatzea. Hortik aurrera, proposatzen dugu gobernu horien lidergoa Geroa Bairen esku egotea, aldaketaren indarra berreskuratzeko.

Udaletan, orain arteko gidoiari eutsi nahi dio PSNk, EH Bilduri bidea itxita. Zer iritzi duzu?

Geroa Baik oso argi dauka aldaketa zabaldu beharra dagoela, eta Iruñerriko udal guztietan saiatuko gara gobernu aurrerakoiak ahalbidetzen eta aldaketa bermatzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Cintruenigoko planta horretan piztu da sutea eta ke toxikoa. ©Guardia Zibila

Birziklatze lantoki batean piztutako suak ke toxikoa eragin du Cintruenigon

Joxerra Senar

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak etxean egoteko gomendatu die herritarrei, «segurtasun arrazoiengatik».

Espekulazioaren aurkako elkarretaratzea Senpereko herriko etxe aurrean ©Patxi Beltzaiz

Senperen 1,3 milioi eurotako jabetzaren salmenta hilabete bateko gogoetan

Garazi Aduriz Zuñeda

Saferrak prezioaren estimazio berri bat egingo du datorren asterako. Ekainaren 9an berriz ere denak bilduko dira eztabaidari segida emateko.

Ramon Gonzalo errektorea eta Maria Txibite lehendakaria, gaur, NUPen eginiko ekitaldian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Unibertsitate lege berri bat» galdegin du NUPeko errektore Ramon Gonzalok, kargua hartzeko ekitaldian

Ion Orzaiz

Honakoa bigarren agintaldia izanen du Gonzalok, martxoaren 30eko hauteskundeetara aurkeztutako hautagai bakarra izan ostean

'Sorionekuak' manifestuaren aurkezpena, urtarrilean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sorionekuek «ongietorri erraldoia» eginen diote euskarari ekainaren 10ean Iruñean

Ion Orzaiz

Euskararen aldeko manifestazioaz gainera, egun osoko egitaraua prestatu dute plataforma osatzen duten eragileek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ion Orzaiz

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.