Jean-Noel Thepaut. Coper3S zerbitzuko burua

«Oso beroak izan dira azken urteak, eta joera hori dela ematen du»

Tenperaturei buruzko datuak dituztenetik, urte beroenetan laugarrena izan zen 2018a. Berotegi gasen isuriak ere areagotu egin ziren iaz. Thepautek ohartarazi du gas horiek atmosferan egongo direla urte luzez.

Jon Rejado.
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Datuak dauden urteen artean—1850az geroztik—, urte beroenetan laugarrena izan da 2018a: airearen tenperatura 14,7 gradukoa izan zen munduan, batez beste. Copernicus Climate Change Servicek (C3S) eman zuen informazio hori orain dela bi aste. Informazio horiek benetako neurketetan oinarrituta daude, Jean-Noel Thepaut zerbitzu horretako buruak (Caen, Frantzia, 1962) nabarmendu duenez. Gogorarazi du iaz «gertaera klimatiko dramatikoak» gertatu zirela: Europako eremu zabal batean uda beroa eta lehorra eduki zuten, eta eskualde artikoetan tenperaturak gora egiten ari dira.

Zergatik da kontuan hartzekoa C3Sk ezagutarazi duen tenperatura igoera?

Abendu bukaerara arteko informazioa baliatuta ateratako benetako datua da. Horren aurretik onartzen genuen urte beroa izaten ari zela, baina betiere proiekzioetan oinarrituta. Ordea, uztartu ditugu hainbat datu erreal, sateliteena barne, eta egitate bat da orain. Datuak ditugunetik, beroenak izan dira azken lau urteak. Oso adierazgarria da hori. Areago, ikusi ahal izan dugu azken hamazazpi urteak oso beroak izan direla, eta, funtsean, ematen du joera horrek jarraipena duela.

Ikusi duzuen igoera hori bat dator erakunde batzuen aurreikuspenekin. Hasi berri den urterako edo aurreragorako badago tenperatura igoeraren iragarpenik?

Orain zaila da esatea. Urte batetik bestera klima aldakortasun apur bat dago, eta horren arabera zehazten da joera. Orain arte zantzu batzuk antzeman ditugu, iragar dezaketenak 2019a ere urte beroa izan daitekeela. Dena den, egun oso zaila da hori zehaztea.

Tenperaturak soilik ez, berotegi gasen isuriek ere gora egin dute. Errealista da pentsatzea joera hori eten daitekeela?

Datuen monitorizazioa eta jarraipena egiten dugu; ez dugu halako erabakirik hartzeko ahalmen politikorik. Edonola ere, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak duela hilabete gutxi argitaratu zuen txosten bat, non mende honetan 1,5 graduko igoeraren muga ez gainditzearen alde egiten duten. Txosten horretan hainbat aholku agertzen dira CO2 isuriak urritzeko. Garrantzitsua da konturatzea eta jakitea isuritako CO2a atmosferan egongo dela denbora luzean, hamarkada batzuetan. Beraz, orain CO2 isuriak gelditzen baditugu ere, tenperaturaren igoera mantendu egingo da tarte batez. Are gehiago, horrek eragindako kalteak izango dira zenbait hamarkadatan; adibidez, itsas mailaren igoera.

Datuak ematean hau esan zenuen: «Soilik gure indarrak batuz egin dezakegu aldea». Zeintzuk izan beharko lirateke lehentasunak? Nondik hasi lanean?

IPCCren txostenean agertzen dira lehentasun horietako batzuk. XXI. mendean 1,5 graduko igoeraren barruan egon nahi badugu, muturreko aldaketak beharko dira, muturreko ekintzak hainbat arlotan: energia eraginkortasunean, azpiegituretan eta garraioan... Hori da bide bakarra IPCCk proposatutakoa erdietsi ahal izateko, eta horrek aldaketa handia ekarriko dio gure bizimoduari.

Errealista da aldaketa hori gertatuko dela pentsatzea egungo testuinguru politikoan?

[Barreak] Ezaguna da egoera zein den. Politikariei dagokien zerbait da. Benetan garrantzitsuena da politikariek ezin izan dezatela esan ez dutela eduki gertatzen ari denaren berri. Gurearen moduko erakundeek eta beste batzuek arreta handiz aztertzen dugu gertatzen ari dena. Gertatzen denari buruzko datu guztiak ematen dizkiegu politikak egiten dituztenei, kalitate handienarekin. Ezagutza horietan oinarrituta, haiei dagokie erabakiak hartzea.

Orain arteko bilakaera kontuan hartuta, noiz gaindituko da 1,5 graduko igoeraren muga?

IPCCren txostenak proposamenak egiten ditu mende bukaerara arteko igoera 1,5 gradura mugatzeko. Halaber, txosten horrek berak zehaztu du ezer egiten ez badugu muga horretara helduko garela 2030-2050 bitartean. Hamabost urtean bertan egon gaitezke. Munduaren tenperatura globala 1,1 gradu igo da jadanik.

Jakinarazi duzue eremu artikoetan gertatzen ari dela berotzea.

2018ko datuetan agerikoa da Artikoan gertatzen ari den berotzea. Ikus daiteke beste adierazle batzuetan ere. Guztiek adierazten dute Artikoan zerbait gertatzen ari dela.

Azaroan Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketari buruzko goi bilera egingo du Txilen. Zer ekarpen egingo duzue bertan?

Parisko akordioko erabakien jarraipena egingo dute. Benetako datuak beharko dituzte hori aztertzeko, eta, horretarako, gurearen moduko erakundeek ahalik eta datu zehatzenak eman beharko dizkiegu: monitorizatutako datuak, azken urteetako tenperaturaren bilakaera... Bermatu behar dugu klimari buruzko informazio zehatza izango dutela, horri buruz eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko.

Zuen txostena izan da 2018ko datu errealekin egindako lehena. Baduzue beste erakunderen baten daturik?

Copernicusen klima monitorizatzen ari gara. Sateliteen informazioa biltzen dugu, lurrean ditugun informazio sareena... Beste erakunde batzuekin ari gara lanean: Amerikako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Japonian... Guztiok bat gatoz datuek islatzen dutenari buruzko balorazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.