«Nagusi den maskulinitate eredua» iraultzeko eskatu dute Bilboko feministek

Auzo elkarteek kritikatu egin dute Bilboko talde bortxaketarekin lotutako sei gizonetako lau aske uztea. Udala herri akusazio izango da auzian

Betaurreko Moreak taldeak deituta, beste protesta bat egin zuten atzo Bilbon, bortxaketa gaitzesteko. M. DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistari lotutako erabaki judizialen inguruko zalantzak zabaldu dira berriro, asteazkenean Bilbon emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zituzten sei gizonetako lau aske uztearen ondorioz. Auzo elkarteak kritiko agertu dira epailearen ebazpenarekin, eta eskatu dute erasotzaileekin «irmoago» jokatzeko. Bilbo Feminista Saretzen taldeak, halaber, «biktimentzako babes handiagoa» galdegin du, baina, ororen gainetik, matxismoaren errora jo beharra nabarmendu du: «Neurri polizialek eta zigortzaileek ez dute ezertarako balio, nagusi den maskulinitate ereduan arreta jarriko duten neurri hezitzaileen eskutik ez badoaz».

Asteazken gauean izan zen sexu erasoa, Bilboko Etxebarria parkean: 18 urteko emakume batek salatu zuen hainbat gizonek bortxatu egin zutela. Ostiralean, 18 eta 36 urte arteko sei gizon atxilotu zituzten, eta, igandean, epaileak agindu zuen horietako bi behin-behinean espetxeratzea eta gainerako laurak baldintzapean aske uztea; egunero joan beharko dute epaitegira, halere. Auto judiziala aipatuta EITBk jakinarazi duenez, biktimak atxilotuetako bi baino ez zituen deskribatu eta identifikatu; ertzainek aurkitu zituztenean, eurekin zeuden beste lau gizon ere atxilotu zituzten. Epaileak ez du frogatutzat jo haiek ere erasoan parte hartu zutenik, baina ez du aukera hori baztertu; beraz, ikertzen jarraitzeko eskatu du. Ildo horretan, Bilboko Udalak adierazi du herri akusazio gisa aurkeztuko dela.

Fiskalak seiak kartzelatzeko eskatu zuela eta —ihes egiteko arriskua eta deklarazioetan kontraesanak atzeman zituen—, zalantzak izan dira epailearen erabakiaren inguruan, baina, Bilboko epaile dekano Aner Uriarteren ustez, «egokia» izan da: «Epaileak duda zuen lauk erasoan parte hartu ote zuten, eta horregatik erabaki du neurririk muturrekoena ez ezartzea; justiziak bermeak eman behar ditu». Ez da bat etorri, ordea, Bilboko auzo elkarteen federazioko presidente Carlos Ruiz: «Egunero epaitegira agertzea exijitu badiete, erasoa egozteko susmo nahikoak dituzten seinale». Gainera, ohartarazi du «biktima bere erasotzaileekin gurutza» daitekeela kalean.

Bilbo Feminista Saretzen taldeak ere auzitan jarri du atxilotuak askatu izana: «Nazkatuta gaude emakumeentzat mehatxu bat dakarten eta libre dauden erasotzaileez. Ez dugu bultzatu nahi zigorrak neurrigabe igotzea edo errugabetasun presuntzioa urratzea. Kalean aske ibili ahal izatea eskatzen dugu». Era berean, kritiko agertu da Ertzaintzak abiatutako kanpainarekin: «Aski da arazoaren fokua emakumeongan jartzearekin. Esaiezue erasotzaileei ez diezagutela eraso egin». Eta atxilotuen jatorria nabarmendu dutenei ere mezu bat igorri die: «Mugimendu feminista antirrazista da: emakumeok bortxatu eta erailtzen gaituztenak gizonak dira, edozein dela euren jatorria, adina, maila soziala edo biktimarekiko harremana».

Beste eraso bat Gasteizen

Asteburuan ere beste eraso bat izan da Gasteizen. Ertzaintzak jakinarazi du gizon baten bila dabilela, larunbat gauean emakume bati eraso egiteagatik; andreak aurre egin zion, eta erasotzaileak ihes egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.