Oihana San Vicente. Sortuko Arabako arduradun politikoa

«Presoei buruzko eztabaida politikoa desbideratu nahi dute»

Asteazkeneko atxiloketek helburu politiko eta mediatikoa dutela uste du Oihana San Vicentek: zinezko eztabaida saihesteko nahia. Espainiako «estatu sakona» dago atzean: «Ez dute irtenbide demokratikorik nahi».

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Atxilo hartu eta egunean bertan utzi zuten aske Oihana San Vicente (Agurain, Araba, 1976) Sortuko Arabako arduradun politikoa, Oihana Garmendia, HaimarAltuna eta Antton Lopez Ruizekin batera. Ongietorriena «aitzakia» bat dela uste du, eta eztabaida politikoan jarri nahi du arreta: «Lanean jarraitu behar dugu, adostasunak eta gehiengoak biltzen, preso, iheslari eta deportatuen egoerari irtenbide bat emateko».

Hasteko: zer moduz zaude?

Nahiko lasai. Susto ederra hartu genuen, baina arratsalderako etxean ginen, eta, pixka bat deskantsatuta, lasaiago.

Nola bizi izan zenuen atxilotzeko unea?

Nire kasuan, itxaron zuten ni etxetik atera arte goizean goiz, eta, portaletik atera bezain pronto, kalean auto pila batek inguratu ninduen, eta segituan galdetu zidaten ea ni nintzen Oihana San Vicente. Autoan sartu eta Gasteizko Guardia Zibilaren komandantziara eraman ninduten. Ez zen bereziki bortitza izan; ez atxiloketa, ez egun osoan zehar jasotako tratua. 14:30ean hartu zidaten deklarazioa, baina uko egin nion —bost minutuko kontua izan zen—.

Helburua deklarazioa bazen, beharrezkoa al zen operazioa?

Ez. Ohiturei jarraituz, atxilotu eta bortxaz eraman gintuzten Guardia Zibilaren kasernetara, baina badaude beste modu batzuk deklarazio bat hartzeko.

Orduan?

Uste dut behar zutela gure atxiloketak mediatizatzea.

Eta zergatik orain?

Presoen eskubideen aldeko inoizko adostasunik handiena dago gaur egun Euskal Herrian, eta seguruenik estatuan ere bai. Badago gobernu berri bat eratua Madrilen, besteak beste ezkerreko independentismoek ere bide eman diotelako, eta seguruenik hurrengo hilabete eta urteak inportanteak izango dira gatazka politikoaren ebazpenaren garapenean. Halako operazioak hori dena baldintzatzera datoz: iraganeko egoeretara itzuli nahi dute.

Presoen harrerak antolatzea eta koordinatzea leporatzen dizuete (95 ongietorri, zehazki).

Kuriosoa da niri ez deklarazioan ez egun osoan zehar Guardia Zibilak ez zidala hainbesteko informaziorik eman. Kalera atera nintzenean, prentsaren bidez ezagutu nituen kopuruak eta. Niri esan zidaten hainbat egitasmo antolatzeagatik, terrorismoa goraipatzeagatik eta, nire kasuan, ardura politikoengatik nengoela atxilo.

Zer diozu akusazioez?

Ongietorriena aitzakia bat da. Arazoak artifizialki sortzen dituzte presoei buruzko eztabaida politikoa desbideratzeko.

Zein uste duzu dela eztabaida?

Euskal Herriaren eta estatuaren menpe gauden herri batzuen askatasuna bide politiko eta demokratikoetatik lantzen ari garenean, eta gatazkaren ondorioak ere modu integral batean erresolbitu behar direnean, hor kokatu beharko genuke eztabaida politikoa. Horretaz hitz egin behar dugu bai Euskal Herrian, bai Madrilen sortu den gobernu berriarekin: gatazka politikoaren konponbideaz; preso, iheslari eta deportatuen etorkizunaz... Baina, kasu honetan, estatu sakonak beste nonbait jarri nahi du arreta, ditugun erronkez ez hitz egiteko.

Arkaitz Rodriguezek ere aipatu du «estatu sakona». Zer da?

Badaude gobernu aldaketak, baina sakonean dauden botere judizial, politiko eta mediatikoek estrategia bat dute edozein irtenbide demokratiko oztopatzeko.

Eta hemendik aurrera, zer?

Momentuz ez gara sartu juridikoki aztertzera, gure ustez ez baitago hor benetako mamia. Operazioaren gainetik, Euskal Herrian badago gehiengo bat irtenbide adostu bat nahi duena, eta garrantzitsua da horretan indarra egitea —250 kide espetxeetan daude oraindik—. Lanean jarraitu behar dugu, adostasunak eta gehiengoak biltzen, preso, iheslari eta deportatuen egoerari irtenbide bat emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.