Koronabirusa. Itziar Astigarraga. Gurutzetako pediatria zerbitzuko burua

«Eskolak noiz ireki orain zehaztea ez da egokiena»

Astigarragaren ustez, Haur Hezkuntzako umeek azkenak izan beharko lukete aurrez aurreko eskoletara bueltatzen. Ohartarazi du umeak helduak bezala kutsatzen direla, eta transmititzeko gaitasuna ere badaukatela.

BERRIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirusaren izurria «guztiz kontrolpean» izan arte, Haur Hezkuntzako umeek ez lukete eskolara itzuli beharko, Espainiako Pediatren Elkarteak txosten batean jaso duenez. Hango kide Itziar Astigarraga pediatrak uste du oraingoz ezin dela jakin pandemia noiz desagertuko den, eta pauso txikiak ematearen alde agertu da.

Noiz bueltatu beharko lukete eskolara Haur Hezkuntzako umeek?

Oso zaila da jakitea izurria noiz egongo den kontrolpean. Birusari aurre egiteko neurriak ume txikienen artean ezartzea ez da batere samurra, batez ere segurtasun distantzia gordetzea eta maskara erabiltzea. Izan ere, umeek euren garapen soziologikorako eta sozialerako beharrezkoa dute elkar ukitzea, eta oso nekeza zaie kontaktu fisikorik ez izatea. Beraz, Haur Hezkuntzako umeek azkenak beharko lukete eskolara bueltatzen. Hala ere, inork ez dakienez pandemia noiz kontrolatuko den, eta oso litekeena denez horretarako hilabeteak behar izatea, bitartean normaltasun berria deritzon horretara egokituz joan beharko dugu, eta pauso batzuk eman. Aurrera begira, uste dut ez dela egokiena orain zehaztea eskolak noiz ireki. Duela hilabete batzuk inork ez zuen pentsatzen halako egoera batean egongo ginenik, eta gaur egun ez dago jakiterik bi hilabete barru nola egongo garen. Apurka-apurka joan beharko dugu, eta beharren araberako neurriak hartu. Haur eskola batzuk, adibidez, laster irekiko dituzte, familia batzuen egoerei erantzun ahal izateko. Behar espezifikoak ere kontuan hartu behar dira gai honetan.

Eskolarako itzulera mailakatua izatea proposatu du Espainiako Pediatren Elkarteak, adin tarteak kontuan hartuta. 0-6 adin tartea eskolara bueltatzen azkena izatea eskatu du, zailagoa delako ume txikiek osasun neurriak betetzea.

Ados nago. Egia da umeak egoera guztietara moldatzen direla, eta gaitasun hori badutela, baina gutxieneko ulermen maila bat ere izan behar dute egoera honetara egokitzeko. Nik hilabeteko umeak maskararekin ikusi izan ditut, eta, aldiz, adinez nagusiagoak diren beste batzuei asko kostatzen zaie janztea. 0-6 adin tartean segurtasun distantziak gordetzea oso nekeza da, eta, aldiz, samurragoa zaie eskuak garbitzeko ohitura hartzea. Maskarak erabiltzen ere ikas dezakete, helduok jartzen ditugula ikusten badute.

Konfinamenduak bereziki eragin die egoera zaurgarrian dauden familiei, eta horrek ondorioak izan ditzake umeen garapen emozionalean, jarreran eta ikasprozesuan. Kasu horietan, beharrezkoa iruditzen zaizu laguntza pedagogiko bereziren bat eskaintzea?

Bai. Umeak bereziki zaurgarriak dira, nahiz eta egoeretara moldatzeko gaitasun handia duten. Hala ere, etxeko familia egituraren aldetik babes nahikorik jasotzen ez duten umeentzat, eskolak eta ikastetxeak babesleku bilakatzen dira. Umeek eskolan egoteko eskubidea eta beharra dute, ikasketarako eta sozializaziorako. Beraz, orain gizarte zerbitzuek eta osasun zerbitzuek adi egon behar dute babes nahikoa ez duten umeekin. Pediatrek arazoak atzeman ditzakete, buruko gaitzak artatzen dituzten osasun sareek ere lagundu dezakete... Sufritu duten haur horiek berreskuratu behar ditugu, eta beharrezkoa duten babes guztia eman behar diegu.

Orain arte ikusi da umeak gutxi kutsatzen direla, eta oso sintoma arinak izaten dituztela, baina birusa transmititzeko gaitasuna badutela.

COVID-19ak umeengan duen eraginari buruz gutxi dakigu, proba gutxiago egin direlako. Karlos III.a zentroan eta hemen egindako hainbat ikerketak erakutsi dute umeak helduak bezala kutsatzen direla, alde horretatik ez dagoela alde handirik, eta transmititzeko gaitasuna ere badutela, arnas aparatuko birus guztiekin gertatzen den moduan. Baina umeek badute abantailaren bat defentsa sisteman. Gripearen kasuan, kutsatzeko bektore dira umeak; alegia, birusa helduei transmititzeko gaitasun handia dute, baina koronabirusarekin ikusi da umeak kutsatu egiten direla helduekin kontaktuan egoten direlako. Hala ere, asko dago ikertzeko esparru honetan.

Zer sintoma izaten dituzte birusak kutsatutako umeek?

Haur asko asintomatikoak dira, edo sintoma arinak dituzte, eta, askotan, koronabirusa aise nahasten da katarro batekin. Umeen kasuan, ohikoena izaten da arnas arazo arinak izatea, eztul apur bat. Halere, arnas aparatuarekin zerikusirik ez duten gorputzaren beste atal batzuetan ere sintomak agertu dira; adibidez, azalean mota askotako aldaketak atzeman zaizkie, eta baita digestio aparatuarekin lotutako arazo txikiak ere. Koronabirusa izaten duten haurrek bestelako birusek eragindako infekzioetan agertzen diren sintoma zehaztugabeakizaten dituzte.

Kasuren bat artatu duzue Gurutzetako ospitalean?

Oso kasu gutxi izan dira, baina ume batzuk ospitaleratuta egon dira. Zorionez, larrialdietan, osasun zentroetan eta ospitaleetan egon diren ume gehienek sintoma arinak izan dituzte.

Eskola garaian, umeengan ohikoak izaten dira arnas infekzioak. Izurriarekin batera, ikastetxe eta haur eskola guztiak itxi zituztenetik, behera egin du gaixorik egon diren umeen kopuruak?

Bai, dudarik gabe. Aurten, sasoi horretan, beste urte batzuekin alderatuta, nabarmen egin du behera umeek izaten ohi dituzten infekzio kopuruak. Itxialdia zorrotza izan zen aurreneko asteetan, zentroetan eta ospitaleetan askoz ume gutxiago artatu ziren gisa horretako infekzioekin. Umeek elkarri transmititzen dizkioten gaitzak izaten dira, baina itxialdian apenas izan duten kontakturik birus horiekin, eta oso gutxi gaixotu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.