Irati Garcia. Gizarte langilea

«Egun, pobreek lodi irudia dute»

Aktibismo lodia feminismoari lotuta sartu zen Euskal Herrian, baina beste ertz asko ere baditu, Garciaren hitzetan. Azpimarratu du lodifobia bere horretan «zapalkuntza sistema» bat dela.

RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
«Lodi eta feminista» gisa definitzen du bere burua Irati Garciak (Bilbo, 1990). Gizarte langilea da, baina baita ikertzailea ere, eta feminismo lodietan aditua. Lodifobiaz eta edertasun kanonez aritu da, besteak beste, EHUk berriki elikadura nahasmenduen inguruan antolatu duen jardunaldian.

Zer da lodien aktibismoa?

Lodia iraina ahalduntzeko erabiltzean datza: hau da, nik bizitzeko eskubidea dut, eta, lodi gisa, ez dut nire existentzia ezabatu behar gizarte honetan balioa izateko. Aktibismo horrek ez du loditasuna goratzen; salatzen du pertsona lodien aurkako diskriminazio bat dagoela. Inguratzen gaituen errealitatearen analisi kritiko bat egitea du helburu: nola sartzen diren edertasun kanonak gure gizartean eta nola sortzen duten bortxakeria sinbolikoa.

Lodia izateak zer ondorio du gaur egungo gizartean?

Lodia bazara, bereizkeriaz tratatuko zaituzte lan esparruan eta zure bizitzako gainerako eremuetan. Izaera alferrarekin lotuko zaituzte, eta kontrolerako ahalmen gutxi dutenekin. Horrez gain, merkatu sexualean azkena izango zara, eta emakume moduan ere bai.

Nola eragiten du esparru sexualean?

Norbait zurekin ligatzen saiatzen bada, mesede bat egiten arituko zaizu, edo, bestela, fetitxe ilunen bat dauka. Emakume lodien sexualizazioa hain da pentsaezina, fetitxe bihurtu behar baita.

Zer da lodifobia?

Pertsonek lodiak izateagatik jasaten duten bazterketa da. Euskal Herrian feminismoari lotuta sartu da horren kontrako aktibismoa, baina berez da zapalkuntza sistema bat. Kontua da emakumeen kasuan ezaugarri jakin batzuk hartzen dituela, edertasun kanonen bidez ezartzen zaigun presioagatik eta sozializatzeko daukagun moduagatik.

Esan izan duzu gorputz lodiak gorputz pobreak direla.

Loditasun tasa handiagoak daude pobrezia tasa handiagoak dituzten auzoetan. Elikagai freskoak ez daude guztion eskura. Guztiek ez dute astirik kirola egiteko, eta ez dute baliabiderik dieta bat hasteko. Ezkerreko mugimenduetan, gainera, betiko iruditeria erreproduzitzen jarraitzen dugu: gizon kapitalista zuria eta lodia alde batetik, eta hezurrak agerian dituen langilea bestetik. Gaur egun, pobreek lodi irudia dute. Aberatsek baliabide gehiago dauzkate argal eta lirain egoteko.

Argalek pribilegioak dauzkate?

Bai. Pertsona argalak, konturatu gabe, gune publiko guztietan sartzen dira: gizarte etxeetako eserlekuetan, hegazkinetan, gaztetxeetan... Horrez gain, argalen kapital erotikoa askoz handiagoa da: haiekin ligatzen dutenek estatus sozial handiagoa izango dute, eta haiek, de facto, ere bai. Kontuan hartu behar dugu edertasuna trukerako balio bat dela gure gizartean.

Dieta ere aipatu duzu.

Gizartean, dietaren inguruko kultura bat dago: balio moralak elikagaiekin lotzen ditugu; batzuk goraipatu egiten dira, eta beste batzuk, deabrutu. Argal egotea osasunarekin lotzen da, eta lodi bazaude, berriz, gaixo zaudela esan nahi du ezinbestean. Horrek guztiz apurtzen ditu guk eduki beharko genituzkeen berezko tresnak, gose garela edo asetuta gaudela adierazten digutenak. Horren ordez, gure gorputza fidagarria ez den zerbait bezala ikusten dugu, eta, beraz, kontrol zorrotz bat ezarri behar diogu. Kultura hori da elikadura nahasmenduak eragiten dituena, baita gizarteak gaur egun daukan elikadura nahasia eta lodifobia bultzatzen dituena ere.

Zer lotura dauka sistema ekonomikoarekin?

Dietaren kultura hau guztiz bat dator gaur egungo garai sozioekonomikoarekin. Etengabeko eskizofrenia batean bizi gara. Alde batetik, kontsumoaren kultura dago: gure nahi guztiak momentuan bertan asetzeko beharra daukagu, eta saldu digute nahi dugun guztia lor dezakegula. Beste aldetik, oraindik indarrean dago beste garai batetik datorren lanaren etikaren kultura. Horrekin lotzen dira esfortzuaren etika, kontrol bat izatearena, arrazoimenarena eta uneoro produktiboak izatearena. Beraz, hori guztia batzen denean, pentsatzen dugu dena eduki dezakegula. Horren adibide garbia dira Bicentury eta antzeko marken txokolateak: txokolatea jateko plazerra eduki dezakezu, baina beti ere zure gorputza lirain mantenduz.

Edertasun kanonek zer rol daukate auzi honetan ?

Lehen, edertasun kanonak ideal batzuen moduan ikusten ziren, baina orain, ez: gauzagarriak direla saldu digute, esfortzuarekin lortu daitezkeela.

Zer interesi erantzuten dio ikuskera berri honek?

Dietaren eta estetikaren industrien interesei. Kanonak bete beharreko zerbait balira bezala erakusten dizkigute, baina orain are arriskutsuagoa da: gure aukera bat izango balitz bezala saltzen digute. Orain, suposatzen da guk indibidualki egiten dugun hautu bat dela, geure burua etengabe hobetu nahi dugulako, eta, gainera, ahaldundu ere egin gaitezkeelako horren bidez. Baina errealitatea oso bestelakoa da: behin eta berriz sortu nahi digute segurtasun falta hori, guri gauza gehiago saltzeko aukera izan dezaten.

Zergatik da garrantzitsua kanon horiek genero ikuspuntutik aztertzea?

Alde batetik, emakumeok gizonen begiradatik ulertzen gaituzten izakiak garelako, eta bestalde, gure sozializazioan edertasunak daukan balioa oso bestelakoa delako. Ikerketa ugari daude irudi txar bat izateak emakumeei askoz gehiago eragiten diela frogatzen dutenak. Hala ere, ez dira soilik edertasun kanon horiek genero ikuspuntutik aztertu behar: klase soziala ere kontuan izan behar dugu, eta kontziente izan behar gara kanon horiek mendebaldetik mundu osora zabaltzen ari garela.

Zer hutsune eduki ditu teoria feministak loditasuna aztertzeko orduan?

Orain kontua dezente aldatu da, baina hasieran loditasuna guztiz patologizatu zen. Hau da, zu lodia bazara, esan nahi du zerbait txarto doakizula, naturala zu argala izatea delako. Arazo hori perspektiba feminista batetik aztertu izan da, eta botere dinamikak eta hainbat zapalkuntza azaleratu dira. Baina emakume lodi guztiok ez dauzkagu konpondu gabeko arazoak, edo ez dugu antsietatearen eraginez jaten. Marilyn Wann aktibistak esaten zuen esaldi batek oso ondo islatzen du: «Nire gorputza begiratzen duzunean, ikus dezakezun bakarra zure aurreiritzien maila da».

Zein da bidea lodifobia desagerrarazteko?

Body positive mugimendua apurtzea, eta ez eskatzea beraien artean leku txiki bat egin diezaguten. Ez dugu nahi edertasun kanonak pixka bat zabaldu daitezen: kanon horiek zuzenean apurtu behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.