Txomin Poveda. Bagira prozesuko koordinatzailea

«Bide orri bat atera nahi genuke, eta ondotik martxan eman»

Mugimendu abertzalea berriz definitu nahi du Bagira prozesuak, gaur egun dituen adarrak artikulatu ditzan, eta mugimendu gisa pentsatu. Prozesuaren izaera parte hartzailea nabarmendu du Povedak.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Transmisio historikoaren fasean da Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea birpentsatu nahi duen Bagira prozesua. Ekitaldi andana antolatu dituzte ondoko asteetarako, azken 60 urteetan izandako bilakaera aztertzeko helburuz. Txomin Poveda (Urruña, Lapurdi, 1992) Iratzar fundazioko kidea ari da prozesua koordinatzen. Ezarri dituzten helburuak eta etapak zehaztu ditu.

Zergatik sentitu duzue Bagira prozesua egiteko beharra?

Mugimendu abertzaleak 60 urte bete ditu, eta ikaragarri zabaldu da. Azken hamar urteetan hainbat ezaugarri aldatu dira: borroka armatua bukatu da, badugu hirigune elkargo bat, emaitza elektoralak gero eta handiagoak dira... Eta badira erronka garaikideak. Elementu horiekin guziekin ikusten genuen mugimendu deitzen dugun hori elkarrekin biltzeko eta bat egiteko beharra. Gogoetatzeko zer ibilbide egin duen, baina batez ere etorkizunari begira proiektatzeko. Dugun garai politikoaren neurria hartzea eta etorkizunean mugimendu abertzaleak izanen dituen erronkak aurreikustea da, funtsean.

Zer da mugimendu abertzalea?

Zinezko eztabaida bat da. Guk pentsatzen dugu hainbat eta hainbat sektoretan ari diren militante eta laguntzailez osatua dela. Hori da bultzatzaile taldekoek egiten dugun apustua, baina hipotesi hori nahi genioke oinarri militanteari helarazi, ikusteko ados diren. Galdera anitzi ezin diot orain erantzun, Bagira prozesuaren gidaritza batzordearen funtzioa baita, hain zuzen, galderak egitea, eta horiei erantzuteko metodologia bat pausatzea.

Zehazten ahal duzu apustua?

Guk nahiko genuke prozesu honekin jendeak ulertzea garaia dela mugimenduan sartzeko. Ari gara antolatzen manera herrikoi, zabal, parte hartzaile, metodo ireki eta horiekin. Guk pentsatzen dugu mugimendu abertzale hori biziki zabala dela. Badira milaka, milaka eta milaka jende gutxienez badutenak zango bat horretan: ikastolako guraso direlako, euskoaren erabiltzaile, sindikalistak direlako LABen, edo EH Bai bozkatzen dutelako. Horiek guziak nahi genituzke bildu. Garaia da bigarren zango hori sartzeko, ikusteko zer den mugimendu hori.

Bada ideia abertzale bat, ibilbide bat. Horretan oinarritzen zarete, ala dena zalantzan emateko beharra ikusten duzue?

Ez dugu dena zalantzan ezarri nahi; mugimendu horri segida bat eman nahi diogu. Hori da dugun erronka. Mugimendu abertzaleak jakin du garai ezberdinetan bere burua egokitzen, eta erantzuten garaian garaiko erronkei. Asko aldatu da duela 60 urtekoaren aldean. Hainbat galdera sozial berri sartu dira, hainbat sentsibilitate berri. Nola eginen dugu 2023an horren neurria hartzeko? Zer da abertzale izatea XXI. mendean? Zer da mugimendu abertzale hori, zer da haren oinarria, eta nola kokatzen du bakoitzak bere burua mugimendu horretan?

Helburuak eta etapa ere finkatu nahi dituzue.

Jakinez, preseski, mugimendu horretan badirela hainbat sektore, hainbat egitura, biziki plurala dela, eta aniztasun horri atxikiak garela. Bakoitzak badu bere bide orria, bere zeregina... Baina pentsatzen dugu badirela zenbait gauza komun. Horiek nahiko genituzke definitu, eta mugimendua kokatu helburu horiek lortzeko bidean.

Hirugarren helburua antolaketa da.

Ikusten baitugu badela barreiatze bat, hainbat sektore indarra hartzen ari baitira. Nola kokatuko dugu berriz pentsatzeko mugimendu bat dela, onartuz bakoitzak baduela bere tokia eta bere funtzioa? Eta zehazkiago artikulazioa pentsatzeko mugimendu sektorial eta eragile politikoaren artean. Eta laugarren helburua, baliabideei lotua: oinarri militante hori zabaltzea, irekitzea, feminizatzea eta gazteak sarraraztea arduretan. Ahal bezainbat. Nahi genuke eskala aldatzea.

Definizioari izkin egin diozu lehen, baina duela 60 urteko Itsasuko agirian oinarritu zarete. Argiki aipatu zuten Euskal Herriaren askapen nazionala.

Askapen nazional hori Europako herrien koadro batean sartua zen. Gero etorri zen soziala, feminismoa, ekologia; gaurko egunean badugu migranteen inguruko borroka... denetarik badugu. Nola egokituko dugu garai hartako agiri hura? Garai hartan arraza-eta aipatzen ziren. Guk pentsatzen dugu eguneratu direla oinarri horiek. Nola egingo dugu oinarri horiek hitzetan ezartzeko?

Nazio zapalkuntzaren eta, beraz, askapen nazionalaren beharra atxikiz?

Hori aztertu beharko da oinarri militantearekin.

Zalantzan ematea posible ikusten duzu?

Nire ustez, erronka da gehiago ea zer termino hautatzen den; nola ezaugarritzen den ardatz hori. Hor ere badira gauza ezberdinak.

Hitz bakoitzak ez du gauza bera erran nahi.

Hori ikusi behar da oinarri militantearekin. Orain irekiko dugu tarte hori. Hor transmisio historikoan gara; Aberri Egunarekin bukatuko dugu. Eta, hortik landa, diagnostiko fase bat irekiko dugu, bi atal izanen dituena. Alde batetik, galdeketa bat,eta, bestetik, hainbat saio kualitatibo presentzial: tailerrak, konferentziak eta horrelakoak. Orduan hartuko dugu oinarri militantearen tenperatura. Eta horiek dira egiten ditugun galdera batzuk: nola ulertzen den zer den abertzale izatea; zer den jendearentzat mugimendu abertzalea; nola ikusten dituen printzipio horiek, zer hitz erabili nahi dituen. Badira oinarriak eta badira aldarrikapenak. Biak ezberdintzen ditugu.

Ekoizpen amankomuna izanen da azkenik.

Horren atzean da, preseski, diagnostikotik lortu ditugun emaitza horien digestioa, eta eztabaida herrikoi bat antolatu nahi genuke definitzeko aipatu ditudan lehen hiru helburu horiek: zer den abertzale izatea XXI. mendean, zer lortu nahi dugun mugimendu gisa, eta nola artikulatuko garen mugimendu izateko.

Zer emaitzarekin iritsi nahiko zenukete 2024ko Aberri Egunera?

Ukan nahiko genuke mugimendu bat, bere aniztasun guziekin, baina mugimendu gisa pentsatzen duena; prest dena etorkizunari aurre egiteko, eta baduena eskaintza bat Ipar Euskal Herriko herritarrei zabaltzeko, aitzina egiteko. Bide orri batekin atera nahi genuke, eta ondotik hori martxan eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.