Martxoak 3 elkarteak Nazio Batuen Erakundera eramango du bere salaketa

Ikusi dute Espainian antzua suertatu dela bide judiziala. NBEk giza eskubideen arloan ebatzitakoak bete beharrekoak dira Espainiarentzat

Martxoak 3 elkarteko kideak, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Datorren igandean 43 urte beteko dira Espainiako Poliziak bost lagun hil zituenetik Gasteizen, batzarrean zeuden langileei oldartu zitzaienean. Urtero bezala, aurten ere, hainbat ekitaldi eta mobilizazio egingo dituzte sarraski hura gogorarazteko. Aurtengo urteurrenak, baina, albiste garrantzitsu bat ekarri du arlo judizialean, Martxoak 3 elkarteak iragarri baitu NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordera joko duela justizia eske, Espainian bide judiziala antzua suertatu dela ikusita.

Gasteizko Udalak, Arabako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak kereilak jarri zituzten sarraski hartako erantzukizunak argitzeko, baina iaz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen kereila horietako baten artxiboaren kontrako helegitea, eta, hortaz, bide hori bukatuta dagoela ondorioztatu dute Martxoak 3 elkartean.

Horregatik joko dute NBEko Giza Eskubideen Batzordera; izan ere, NBEri dagokio bermatzea estatuak Eskubide Zibil eta Politikoen Ituna betetzen dutela, eta giza eskubideen alorrean hark ebatzitakoak Espainiarentzat bete beharrekoak dira, Espainiako Auzitegi Gorenak 2018an esan zuenez.

«Garaia da gizarte zibilak, beste behin, nazioarteko erakundeetan beharrezko salaketak bultzatzeko», esan dute elkarteko eledunek; «badakigu Gasteizko herria gure aldamenean egongo dela borroka honetan, lehenengo egunetik egon den bezala».

«Garaipen handia»

Martxoak 3 elkarteak eta memoriaren arloan lan egiten duten beste zenbait elkartek kanpaina bat jarri dute abian Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia epai dezatela eskatzeko —Sindikatu Harremanetarako ministroa zen Gasteizko sarraskia gertatu zenean—. Gasteizko Udalak persona non grata izendatu du Martin Villa, eta hori «inpunitatearen kontrako borrokan garaipen handia» dela esan dute elkartekoek.

«Auzitegiek justiziarako eskubidea ukatzen diguten bitartean, honek erakusten du gainerako fronteetan aurrera egin daitekeela», adierazi dute elkarteko kideek. «Garaipen sinbolikoa da, Gasteizko herri osoaren konpromisoari eta elkartasunari esker lortutakoa»

Bestalde, Martxoak 3 elkarteak bat egin du Memoria Gara ekinbidearekin. 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gertatu zeneko lekua, Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza, memoria eta giza eskubideen aldeko gune bilakatu nahi du ekinbide horrek, eta azken asteetan elkarte eta herritar askoren sostengua jaso du. Martxoak 3 elkarteak dei egin die erakundeei xede honekin bat egin dezaten, eta bila dezaten Eliza katolikoko agintariekin «hain beharrezkoa den egitasmo hau» aurrera ateratzeko modua.

Igandean, eta urtero legez, hainbat ekitaldi egingo dituzte Gasteizen 1976. urteko sarraskia gogora ekartzeko. 17:30ean, lore eskaintza egingo dute, eta, 18:00etan, manifestazioa abiatuko da Zaramaga auzoko Martxoak 3 plazatik. Martxoak 3 elkarteak dei egin die herritarrei bi ekitaldi horietan parte hartzeko, eta, era berean, martxoaren 8ko greba feministarekin eta horren harira antolatuko diren mobilizazioekin ere bat egin du.

«Martxoak 3 gogoratzea eta salatzea da, baina baita garai hartan borrokatzera eraman gintuzten balioak defendatzea ere», esan dute. Justizia soziala, eskubideak, askatasunak eta «pertsona guztien duintasuna» aldarrikatu dituzte, garai hartako «elkartasuna eta espiritua» berreskuratzeko deia egiteaz batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.