Carmen Garcia Pellon. Frankismoko biktima

«36ko matoi bandaren seme-alabek agintzen dute herrian»

Auzitegian deklaratu du Carmen Garcia Pellonek, Isidoro Martinez Esako alkate frankistari buruz esandakoengatik. Auzibidean jarri duena egungo alkatea da: Roberto Martinez, orduko alkatearen biloba.
ION ORZAIZ

Ion Orzaiz -

2019ko maiatzak 25
Aitarengandik ikasi zuen Carmen Garcia Pellonek (Esa, Nafarroa, 1928) ezetz esaten, eta ikasgai horri eusten dio, irmo, 90 urterekin. Aita: Mariano Garcia Illazortza, nekazaria, UGTko kidea eta zinegotzi errepublikazalea Esan. 1936. urtean, militarrak altxatu zirela eta gorriak fusilatzen ari zirela esan ziotenean, ihes egiteko aukera eman zion senide batek: «Arriskua pasatu arte, Zangozako behitegi batean ezkutatzeko aholkatu zioten, baina berak ezetz erantzun zuen; ez zuela ezer txarrik egin, eta etxean geldituko zela», gogoratu du alabak. Hurrengo egunean, Mariano Garcia atxilotu zuten faxistek. Espetxerako bidean zirela, kamioitik jaitsiarazi, tiroz hil eta errepide bazterrean lurperatu zuten, beste sei errepublikazalerekin batera.

Oroimen historikoari buruzko dibulgazio lan batean azaldu zuen pasarte hori Carmen Garciak, eta agintari frankisten erantzukizuna azpimarratu. Joan den asteazkenean, epaitegian deklaratu behar izan zuen horregatik: atzera egin eta esandako guztia ezezteko eskatu dio Esako egungo alkate Roberto Martinezek. Independientes por Yesa taldeko zerrendaburua da Martinez, eta Isidoro Martinez alkate frankistaren biloba. Atzera eginen ote duen galdetuta, bere aita zenaren erantzun bera eman du Garciak: «Ez, ez baitut ezer txarrik egin».

90 urteko andrea hunkitu egiten da bere aita zena gogoratzean. 8 urte zituen Guardia Zibila etxeko atean joka agertu zenean, baina oroimenean iltzatuak ditu egun hartako xehetasun guztiak: «Atea jo zuten. Leihora atera zen aita, eta hantxe ikusi zituen, bi guardia zibil eta aguazila. 'Izorratu naute!', esan zuen. Kuartelera eraman zuten. Hara joan ginen ama eta biok, aitari afaria eramatera. Mahai luze baten inguruan ziren zazpi atxilotuak, oinak katez lotuta. Kontatu ziguten Iruñera eramanen zituztela deklaratzera. Amak ez zuen sinetsi: 'Musu emaiozu aitari, ez baituzu berriz ikusiko', esan zidan».

Aita agurtuta, etxera itzuli ziren ama-alabak, eta han gelditu ziren, zain. «Etxetik kuartela ikus genezakeen, eta leihotik begira eman genituen hurrengo orduak. Goizaldean, 02:00ak aldera, furgoneta bat heldu, atxilotuak hartu, eta eraman egin zituen. Amak arrazoi zuen: ez genuen gure aita berriz ikusi». Eloko errepidearen ertzean fusilatu eta ehortzi zituzten Esako zazpi atxilotuak.

Frankismoan aberastuak

1936an, eledun errepublikazaleak erail eta udalbatzak desegin ostean izendatu zuten Isidoro Martinez Esako alkate. Ezkerreko familien artean, ez ziren gutxi izan herritik alde egiteko hautua egin zutenak. Beste askorentzat, bertan gelditzea izan zen aukera bakarra. Frankistek, baina, larrutik ordainarazi zieten. «Zuek? Zuek ez duzue jada ezer eskatzeko eskubiderik», esan zion alkateak Carmen Garciaren amari, baratze txiki bat jartzeko laguntza galdegin zuenean. 1959. urtean, azkenik, amore eman zuen Garcia Pellon familiak, eta Iruñera egin zuten ihes.

Galtzaileen familiak miserian itotzen ziren neurri berean hasi ziren irabazleen familien ondasunak gora egiten. «Gerra hasi baino lehen, alkatearen familiak apenas zuen lursail eta jabetza propiorik Esan, eta, egun, haiena da herri osoa. Dena!», dio Garciak, haserrea disimulatu ezinik.

Haren esanetan, aberastasuna bi bidetatik heldu zitzaion alkate frankistari: batetik, Esako urtegia eraikitzeko lanetatik; eta, bestetik, hainbat errepublikazaleri kendutako ondasunetatik: «Urtegiak dirutza izugarria ekarri zuen, baina ez herriarentzat, alkatearentzat baizik. Behin aitortu zigun milioi asko zituela Suitzan gordeak. Hori gutxi balitz bezala, herriko lursail asko eskuratu zituen, musu truk. Arpilatze hutsa izan zen hura: ihes egindako familien lurrak, baina baita komunalak ere, herriarenak zirenak».

Egun batetik bestera, herriko errepublikazaleenak izandako lurrak agintari berrien eskuetara igaro ziren, eta, Garciaren irudiko, bidegabekeria betikotu egin da belaunaldiz belaunaldi: «Ez da alkatearen familia bakarrik; 1936ko matoi bandak lortu zuen agintea herrian, zerrenda beltzak egiten zituzten pertsona horiexek; eta horien seme-alabak edo ilobak dira, gaur egun, agintean segitzen dutenak».

Garcia Pellon familiaren kasuan, lursail baten zati bat eta eskorta bat kendu zizkietela salatu du Carmen Garciak. «Nire neba Gabrielek eraman zituen gure familiaren ondasunen agiriak katastrora, baina han iruzurra egin zioten: dokumentu guztiak uzteko eskatu, eta, haien bila itzuli zenean, desagertuak ziren. Alkateak bere izenean jarri zituen».

Agoizko auzitegiak behin baino gehiagotan eman dio arrazoia Garcia Pellon familiari, baina udalak ez du urratsik egin egoera administratiboa arautzeko. «Ezinezkoa da ezer egitea, dena kontrolatzen dutelako. Bakar-bakarrik nago, gaizkile talde horren aurrean. Nire belaunaldiko gehienak hilda daude dagoeneko, eta oso gutxi gara gai urte horietan gertatutakoa kontatzeko». Horregatik jotzen dute nire aurka. Ni kikiltzeko-edo. Baina jai dute».

Fusilatuen plakari iseka

Frankismoko biktimen aurkako erasoak, baina, ez dira epaitegietara mugatzen. Legealdia bukatzear dela, fusilatuen omenezko plaka bat jarri du Esako Udalak, Nafarroako Gobernuak behartuta. Han azaltzen da Mariano Garcia Illazortzaren izena, beste hamaika fusilaturekin batera. Plakaren kokapenak, baina, biktimen haserrea piztu du: errepide ertzeko koadro elektriko baten estalkian paratu dute, zakur gorozkiak jasotzeko zaborrontzi baten ondoan.

«Ez dut plaka ikusi, eta ez dut ikusi nahi, ongi baitakit sutan jarriko naizela», dio Garciak. «Ez dute lotsarik: monumentu bat egin zioten herriko apaiz bati, Hego Amerikan hil zelako, eta, horrez gain, haren izena jarri diote parke bati. Gure aitak eta beste fusilatuek, ordea, ez dute oroitzapenik merezi, antza denez».

Andrearen esanetan, orain arteko borrokari eutsiko dio oroimena bizirik mantentzeko. Hala ere, litekeena da borroka horrek segida izatea auzitegietan. Izan ere, Zangozako Bake Epaitegian Roberto Martinez Esako alkatearen eskaerari ezezkoa eman eta bere bertsioari eutsi ostean, Garciaren aurkako kereila aurkez dezakete alkatearen abokatuek. BERRIA saiatu da Esako alkatearekin hitz egiten, baina, udalera deituta, ezinezkoa izan zaio harekin solastatzea.

Garciak, hala ere, prest ikusten du bere burua auzibidean tinko segitzeko: «Ezinen naute mendean hartu. Ezin izan zuten lehen, eta orain ere ez. Salaketa jarri nahi didatela? Jar dezatela, bada. Hemen naukate, zain. 90 urterekin, egia kontatzea da gelditzen zaidan bakarra, eta hori, behintzat, ezinen didate kendu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna