Julia Shershneva. Ikuspegiko zuzendaria

«Integrazioa betebeharrez gehitzen ari gara»

Shershnevaren arabera, euskal gizarteak jarrera baikorra du immigrazioaz, baina ohartarazi du bertan jaiotakoek eta etorkinek harreman gutxi dutela; arazoa egiturazkoa dela azpimarratu du.

jokin sagarzazu
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendari izendatu dute Julia Shershneva (Volgograd, Errusia, 1987), Gorka Morenoren ordez. Duela zortzi urte etorri zen Euskal Herrira, ikasketak amaitzera eta doktore tesia egitera. Euskaraz egin du elkarrizketa.

Datu ofizialek diote iazkoaren aldean Euskal Herritik migratzaile gutxiago pasatzen ari direla Afrika iparraldetik Europarako bidean. Zergatik?

Iazkoa uholde gisa irudikatu zuten, baina benetan ez zen horrela izan. Halakoak oso erakargarriak izaten dira hedabideentzat, baina, kopuruei erreparatzen badiegu, ez dira hain nabarmenak. Iazkoaren moduko kasuak une jakin batekoak izaten dira, eta ziklikoak. Ulertzera ematen da pertsona horiek hemen geratuko direla, eta ez da hala. Iaztik hona, aldaketarik ez da egon atzerrian [Espainiatik kanpo] jaio eta hemen bizi diren biztanleen kopuruan: EAEn, %10 inguru. Gehienak latinoamerikarrak dira, ez afrikarrak.

Alderik ikusten duzue zabaltzen diren mezu horien eta herritarrek dauzkaten jarreren artean?

Immigrazioa ez da arazoa euskal gizartearentzat. Pertzepzio baikorra du: hamar puntutik sei. Aurretik jartzen ditu arazo ekonomikoak eta politikoak. Bertako populazioak pentsatzen du egiturazko fenomeno bat dela migrazioa. Gainera, gehienek uste dute beharrezkoa dela, adibidez, sektore batzuetan lan egiteko eta.

Etorkinekiko ikuskera hori berbera da adin tarte guztietan?

Gazteak toleranteagoak dira, baita unibertsitate ikasketak dauzkatenak ere, eta arazo ekonomikorik ez dutenak, euskaldunak, eta ideologikoki beren buruak ezkerrekotzat jotzen dituztenak ere. Beste muturrean daude adineko pertsonak eta estatus sozioekonomiko apalekoak.

Immigranteak ez daude modu homogeneoan banatuta: eskualde eta hiri batzuetan beste batzuetan baino gehiago daude. Horren eraginik nabari duzue?

Etorkinekin kontaktu gehiago daukatenek pertzepzio txarragoa izaten dute haiei buruz. Baina ez da harreman hutsagatik izaten. Atzean egiturazko arazo bat dago: immigrante gehienek alokairu errenten arabera aukeratzen dituzte bizilekuak, eta auzo xumeetara jotzen dute. Leku horietan,bazeuden eta badaude arazo ugari: ekonomikoak, sozialak, azpiegitura alorrekoak... Testuinguru horretan, errazagoa da gatazkak sortzea edota etorri berriari buruzko pertzepzio ezkorrak piztea.

Eta, oro har, nolako «harrera herria» da Euskal Herria?

Orokorrean jarrera ona bada ere, ikusi ditugu asimilazionismoaren elementu batzuk. Immigrante guztiei ez zaie harrera bera egiten: Europatik datozenak hobeto hartzen dira, argentinarrak... «Gure antzekoak» direnak, orokorrean.

Eta «besteen» kasuan?

Ahalegin berezia eskatzen zaie integratzeko. Bertako populazioan zabalduta dago immigranteek soilik egin behar dutela esfortzua, edo egiten dutena baino gehiago egin dezaketela, ez dutela nahikoa egiten. Hala ere, ez dut uste euskal gizartea bere ingurukoak baino asimilazionistagoa denik.

Azken urteetan immigranteen bigarren belaunaldiaz hitz egiten da Euskal Herrian ere. Zer eman nahi da aditzera?

Etiketak jartzeko beste modu bat da. Kontzeptu horrekin zalantzan jartzen da pertsona horiek bertakoak direla, eta ezberdinak direla azpimarratu nahi da. Gakoa da noiz onartuko zaien integratuta daudela. Izan ere, uste bada ahalegina soilik haiena dela, gerta daiteke prozesu hori inoiz ez ematea amaitutzat. Integrazioa betebeharrez gehitzen ari gara. Bigarren belaunaldi deitutakoak hemen jaio dira, hemen ikasi dute, euskara dakite...

Zer pertzepzio dago etorkinek euskararekiko duten jarreraren inguruan?

Gure ikerketetan galdetzen dugu ea euskara galduko den immigranteen etorreragatik, eta ezetz uste du gehiengo zabal batek.Ez du ikusten mehatxu gisa.

Baina zer diote immigranteek euskara ikasteko egiten duten ahaleginari buruz?

Egia da ez dutela balorazio hain baikorra egiten kasu horretan. Immigranteek eurek aitortzen digute euskara ez dutela lehentasunen artean integratzeko orduan; lehena dutela lan egitea, eta, horretarako, gaztelaniarekin hobe dutela.

Zergatik gertatzen da hori?

Horretan ere inguruneak garrantzi handia du: non bizi diren, zein eratako lanak dituzten, norekin dituzten harremanak... Integraziorako elementuak ez dira berdinak Bilboko edo hiri handi bateko auzo xume batean bizi den pertsona batentzat ala Gipuzkoako herri batean bizi denarentzat. Edo, ni bezalakoentzat, hemen ikasketak amaitzera etorri eta unibertsitatean lan egiten duen gazte batentzat ala, adibidez, bi seme-alaba hezi eta lan prekario batean aritu behar duen emakume batentzat.

Etorkinei eskubideak aitortzekoa orduan, nolakoa da euskal gizartea?

Hezkuntza eta osasun eskubideak arazorik gabe aitortzen dizkie gizartearen gehiengo zabal batek. Hezkuntzan, dena den, sortzen dira arazo batzuk: diru laguntzak direla, edota sinbolo eta jantzi zehatz batzuk erabiltzeagatik. Baina horiek eztabaida puztuak izaten dira askotan; gatazka horiek salbuespena dira hemen.

Hezkuntza sistema publikoan segregazioarekin loturiko kasu batzuk salatu dira azkenaldian.

EAEn eskola segregazioaren arazoa ez dago etorkinekin lotuta. Azaldu direnak kasu zehatzak dira: A ereduarekin loturiko ikastetxe zehatz batzuetan, eta Gasteizen, bereziki. Eredu horretan aurretik ere bazegoen arazo hori.

Non jarri behar da begirada?

Eskola batzuetan pilatzen dira klaserik xumeenak, eta horregatik sortu da arazoa. Gizarte egituran, beheko mailetan pilatzen dira etorkinak, eta beheko mailan daudenen arazo berberak dituzte immigranteek. Haiek ez dute sortu gatazka hau. Irtenbidea egongo da ikasleak banatzeko politiketan, gurasoek hezkuntza sistemaz duten informazioan, eta laguntza ekonomikoetan, besteak beste.

Alderdi xenofoboak ugaritu dira Europan. Euskal Herrian indarra izan dezake joera horrek? Hiri batzuetan etorkinen aurkako pintaketak agertu dira eta politikari batzuek hainbat adierazpen egin dituzte diru laguntzak direla eta.

Arriskua beti dago hor. Baina gure datuen arabera, ez dugu ikusten hori gertatzeko aukerarik. Diskurtso publikoetan indar handia daukate halako mezuek, eta hemen ere politikari eta komunikabide batzuk baliatu dira horietaz testuinguru zehatz batzuetan. Halakoekin kontu handiagoa izan beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.